GAUR8 - mila leiho zabalik
AMAZONIAN «XARMATUA»

Bruno Pereira eta Dom Phillips, indigenen aldeko borrokan erailak

Amazonian pobreziak bultzatutako legez kanpoko jarduerek arriskuan jartzen dituzte indigenak defendatzen dituztenen bizitzak. Gainera, egungo Brasileko Gobernuaren ingurumenaren kontrako diskurtsoak babesa ematen dio indarkeria horri. Bruno Araujo Pereira indigenista eta Dom Phillips kazetaria izan dira azken biktimak.

Ekintzaile indigena bat, Pereira eta Phillipsen aurpegiak erakusten dituen kartelari eusten. (Kenzo TRIBOUILLARD | AFP)

Bruno «xarmatua» bihurtu da. Lur sakratura itzuli da eta espiritu bezala gu eta bizitza elikatzeko. Amazonia eta oihan sakratuaren aldeko borroka handi horri jarraipena emateko itzuli da». Horrela eman zioten azken agurra joan den hilabetean Bruno Araujo Pereirari Brasilgo Pernambuco estatuko hainbat komunitate indigenetako kideek.

Herri indigenen alde borrokatzen ziren Araujo Pereira eta Dom Phillips kazetaria Amazonian erail zituzten joan den ekainaren 5ean.

«Gaur martiri bihurtu da guretzat, indigenen kausen alde, herri kausen alde eta bizitzaren defentsaren alde borrokatzeagatik», adierazi zuen Marquinhos Xururu kazikeak beilatokian. Pereira orain «xarmatutzat» jotzen dute beti defendatu izan zituen herri indigenek. Izen hori ematen diete «lur sakratura» itzultzen diren espirituei.

Batzuk Nordeste eskualdeko inguru basati eta lehorretatik etorri ziren. Izan ere, Pereirak hantxe hasi zuen bere aktibismoa, han hasi zen bertako herriak ikertzen Amazoniara joan baino lehen. 2018an, isolatutako indigenekin harremanetan jartzeko espedizio nagusia gidatu zuen. Senideek, hurbileko lagunek, kazetariek, lider sozialek eta bertako komunitate indigenen ordezkariek zaindu zuten gorpua, erre baino lehen, erritu indigenen eta kristauen artean. Bere errautsak Amazoniara eramango dituzte.

Xururu kazikeak adierazi zuenez, indigenista eta kazetariaren heriotza «nazioarteko komunitateari egindako deia» da, «begiak gehiago irekitzeko» eskualde horretan gertatzen ari dena ikusteko. Eta herri indigenentzako deia ere bada, Brasilgo bizitza publikoan eta politikoan ordezkaritza handiagoa lortzeko.

Gobernuaren diskurtsoa

Silvia Siqueira Gure Amerika Berdea gizarte mugimenduko zuzendariak indigenistaren eta kazetariaren gaubeilan «justizia» eskatu zuen. Bere ustez, Brasilgo gobernuek ez dute inoiz behar bezala jokatu, herrien kulturak errespetatzeko gai ez direlako. Siqueirak, Brasilgo beste ekintzaile batzuek bezala, Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen ingurumenaren aurkako diskurtsoari egotzi dio errua, Amazoniako legez kanpoko jarduerak sustatzeagatik eta inolako kontrolik ez egiteagatik, batez ere indigenei dagokienez.

«Hori guztia errespetatzeko gai den gobernurik ez badugu, bizitza suntsitzen jarraituko dugu. Brunoren heriotza ez da hilketa bakana», esan zuen.

Phillipsen eta Araujo Pereiraren gorpuak hilda aurkitu zituzten Atalaia do Norte udalerritik gertu, bertara bidaiatu baitzuten kazetari britainiarra indiarren aurkako mehatxuei buruz idazten ari zen libururako informazioa jasotzeko. Indigenistak berak ere aurretik jasoa zuen mehatxu horien berri. 2018an egin zuen lehen bidaian, Pereirak –orduan Brasilgo Gobernuak indigenen gaietarako duen Funai agentziako tribu isolatuei laguntzeko programaren zuzendaria– Phillips gonbidatu zuen –“The Guardian” egunkari britainiarreko erreportaria– 17 eguneko espedizioan.

Helburua zen tribu isolatu batek okupatutako lurrak identifikatzea eta, horrela, beste herri batzuekin gatazkarik ez sortzea. Horren ondoren, Phillipsek Pereirarekiko mirespenezko artikulu bat argitaratu zuen eta adiskidetasun handia sortu zen bi gizonen artean.

Autodefentsa tresnak

Lau urte geroago, Phillipsek, 57 urtekoak, kazetari lana bertan behera utzi eta Amazoniari buruzko liburu bat idazteari ekin zion. Pereirak 41 urte zituen. Bolsonaro eskuin muturreko presidentea hautatu ondoren, haren administrazioarekin izandako liskar baten ondoren, Funaitik alde egin zuen, jatorrizko helburuetatik desbideratzen ari zelako. Bat egiten zuen herri indigenen aldeko elkarte batekin, Javari haraneko Herri Indigenen Batasunarekin (Univaja) eta proiektu bat antolatu zuen indigenei laguntzeko zuraren trafikatzaileek, legez kanpoko meatzariek eta ezkutuko ehiztariek beren lurrak inbaditzen zituztela salatzen.

Bere lagunari erakutsi nahi zion errealitate hori eta bi gizonak Atalaia do Nortetik abiatu ziren, Itaquai eta Javari ibaien elkargunean, ekainaren 2an. Espedizioak hiru egun iraun behar zuen. Baina ez ziren inoiz itzuli.

Sao Rafaeleko komunitatean gelditu ziren, Bruno Pereirak bertako buruzagiarekin bilera bat programatu baitzuen. Patruila indigenen gaiaz hitz egin nahi zuten, Bolsonaroren gobernupean gero eta sarriago gertatzen ari ziren lur inbasioei aurre egiteko bide gisa.

Buruzagia iritsi ez zenez, Atalaia do Nortera itzultzea erabaki zuten (bi orduko bidaia, ibaian nabigatuz). Sao Rafaelen ibaian behera ikusi zituzten azken aldiz. Poliziaren arabera, txalupan itzultzen ari zirela ezkutuko arrantzaleek geldiarazi eta hil egin zituzten, eta gero basoan lurperatu.

Latinoamerikan pobrezia, erauzketa enpresa handien interesak eta ustelkeria uztartzen dira eta hori arriskutsua izaten da ingurumena defendatzen dutenentzat, hil ala bizikoa. Global Witness erakundearen txostenaren arabera, 2020an erregistratutako ingurumen eta lur ekintzaileen aurkako erasoen hiru laurdenak Latinoamerikan gertatu ziren. Urte horretako datuen arabera, 165 pertsona inguru hil zituzten. Mundu osoan, 227. Kolonbia izan zen munduko herrialderik kaltetuena, 65 hilketa erregistratuta, eta Nikaragua, 12 hilketarekin, defendatzaileentzat lekurik hilgarriena izan zen per capita hilketak kontuan hartuta. Baina baliteke benetako zenbakiak askoz okerragoak izatea. Eta klima larrialdia okerrera doan neurrian, indarkeria mota hau ere ugaritzen doa.

Brasilen kasuan, txostenak azaltzen du eraso kopuruak handia izaten jarraitzen duela (20 hilketa 2020an) eta arriskua handitu egin dela Jair Bolsonaroren gobernuak Amazoniako erauzketa industriei lehentasuna eman dielako.

Kasu ezagunenetako bat Berta Caceres izan zen, 2016an Hondurasen eraildako aktibista, Aguazarca urtegiaren eraikuntzaren aurka borrokan ari zena. Duela gutxi krimenaren egile intelektualari 22 urteko zigorra ezarri diote. Baina ia krimen guztiak zigorrik gabe geratzen dira. Pereirak ere mehatxuak jasan zituen herri isolatuen defentsan ari zela. «Desagertu aurreko astean tokian bertan mehatxuak jaso zituzten», esan zuen Univajak.

Datu ofizialen arabera, Brasilen 114 herri indigena isolatu daude. Bizirauteko oihanean babestuta eta “gizartearekin” inolako harremanik gabe bizi dira. Iraganean, biztanleria errotik murriztu izan dute gaixotasunek, indarkeria fisikoak, baliabide naturalen arpilatzeak eta beste eraso batzuek.

Brasilen gobernu ultraeskuindarraren politikak arrisku hori areagotu du. Estatuburu izendatu zutenetik, Jair Bolsonarok Amazoniaren ustiapen ekonomikoa defendatu du, eta legez kanpoko jarduerak kontrolatzeko eta ikuskatzeko neurriak malgutu ditu, hala nola zuraren legez kanpoko merkataritzarako zuhaitzak moztea eta legez kanpoko meatzaritza. Horrek indarkeria indizeak handitu ditu planetako oihan tropikal handienean.

Pobrezia eremua

Javarin, erabat isolatuta dauden tribu horien lurraldean, indarkeria armatua gora egiten ari da meatzarien, urre bilatzaileen eta ezkutuko ehiztarien presentziagatik. Brasilgo indigenen lurralde handienetako bat da, Austriaren azalaren neurrikoa. 26 etniatako 6.300 pertsona inguru hartzen ditu eta horietako 19 isolatuta daude, Gizarte eta Ingurumen Institutuaren arabera.

Lurralde horretan pobreziak indarkeria elikatzen du. Atalaia do Norten 20.000 biztanle daude, eta lautik hiru pobrezian bizi dira. Javari haranaren sarrera da.

Legez kanpoko arrantzaleengandik babesteko konpromisoa izan zen mundu osoa astindu zuen erailketa bikoitzaren arrazoia, Univajaren arabera. Peru eta Kolonbiaren arteko inguru arriskutsu hau azken urteotan, gainera, narkotrafikoaren ardatz estrategikoa bihurtu da. Atalaia do Norten pobreziatik ihes egiteko oso modu gutxi daude. Narkotrafikatzaile taldeentzako inguru egokia. Ingurumenaren aurkako edozein delitu antolatzen dute. Horien artean, legez kanpoko arrantza, eta arrainaren salmenta narkotrafikoan lortutako dirua garbitzeko erabiltzen dute. Herriei pobreziatik ateratzeko aukera eskaintzen diete Estatuak abandonatu dituen lurralde hauetan.

Maciel Pereira dos Santos

2019an beste erailketa batek astindu zuen Javari bailara: Maciel Pereira dos Santos Funaiko funtzionarioarena, ezkutuko ehizaren aurka borrokan ari zena. Bruno Pereirak pirarucuaren legez kanpoko arrantzaren kontrako borrokagatik jaso zituen heriotza mehatxuak. Bertakoek bakarrik harrapa dezakete Hego Amerikako ur gezatako arrain zaporetsu eta gutiziatu hau. 4,5 metroko luzera eta 200 kiloko pisua izatera irits daiteke. Natura Babesteko Nazioarteko Batasunaren txosten baten arabera, Brasilen 2012 eta 2019 artean antzemandako legez kanpoko arrainaren %83 pirarucua zen. Orain arte Poliziak lau pertsona atxilotu ditu hilketagatik. Atxilotuen artean, bi anaia arrantzale daude.

Brasilgo Poliziak ez du uste krimenaren atzean antolatzaile edo erakunde bat dagoenik baina Univajak ez ikusiarena egitea leporatzen dio. «Hemen denek dakite krimen antolatua tartean dela».

«Ezin dugu ingurumen delituen arazoa konpondu pobreziari aurre egin gabe», esan du Yan Boechat erreportari brasildarrak. «Amazoniaren garapen ekonomikoak porrot egin du. Eta Dom eta Brunorekin gertatu zena porrot horri lotuta dago», gaineratu du.