GAUR8 - mila leiho zabalik

«Bixen», laneko istripu baten ondorioz hil zen argazkilari gaztea

Juan Carlos BIXENTE | BIXENTE FAMILIAREN FUNTSA

1986an hil zen, 26 urte zituela, Juan Carlos Bixente Ezponda Bixen, jatorriz Pasaiakoa zen argazkilaria. Gazte-gaztetatik argazkigintzan zaletu zen eta Pasaiako Argibeltz Klubaren bitartez egin zituen lehen urratsak. Bertan, oso aktiboki parte hartu zuen, familiaren argazki kamera batekin, eta han teknika eta argazki errebelatua ikasi zituen. 1980tik aurrera “Egin” egunkariarekin kolaboratzen hasi zen eta geroago egunkariko plantillan sartu zen. 1983an Donostiako Klasikoa txirrindulari proban, Oiartzun parean, istripu bat izan zuen auto bat kontrako norabidean sartu eta bere motorra kolpatu zuenean. Zorte txarra izan zuen; buruarekin espaloian jo eta kaskoa erditik hautsi baitzitzaion. Urtebete kostatu zitzaion sendatzea, hilabete koman egon ondoren. Lanera itzuli zen arren, ezin izan zen inoiz erabat berreskuratu. Hilabete batzuk geroago hil zen istripuak utzitako kalteen ondorioz. Familiak gordetzen dituen 6.000 negatiboetatik ehunka Hertzainak, Barricada, Kortatu, La Polla Records eta 80ko hamarkadaren hasierako beste talde batzuen lehen irudiak dira. Bere anaia Peiok gogoratzen duenez, bere argazki batzuek garai hartako kartelak egiteko balio izan zuten, esate baterako, 1980an EMKren hauteskunde karteletan agertutako Saenz de Santamaria espainiar armadako jeneralaren irudi bat. Artikulua ilustratzen duen argazkian Barricada taldea ikus daiteke, 80ko hamarkadaren hasieran Donostian emandako kontzertu batean.