GAUR8 - mila leiho zabalik

DRAGOI TXIKI BAT EGONGELAKO HORMAN

Itzal bat sumatu du mugitzen egongelako horman. Paretan gora egin du ziztu bizian; eta ezkutatu da. Ezkutatu, gela ertzeko zirrikituaren iluntasunean. Ez du sekula halakorik ikusi. «Baina… Zer zen hori?». Duela hamarkada batzuk azaldu ziren aurreneko dragoitxoak Euskal Herrian. Nafarroako Erriberan ikusi zituzten lehenbizikoak. Ordutik, pixkanaka, gorantz egin dute: kostaldera. Egun, herri askotan topa daitezke jada. Etxeko egongeletako horman gora eta behera dabiltza, edo teilatuetan eta pareta zaharretan aurki daitezke, gordeta. Isiltasunean, gauez mugitzen dira. Oharkabean. Ia konturatu gabe iritsi dira gurera: dragoitxoa gelditzeko etorri da.

Irudian, dragoitxo arrunta («Tarentola mauritanica»). Adituen esanetan, klima aldaketaren aurrean arrakasta izateko baldintza guztiak betetzen ditu (Ander IZAGIRRE)

Erriberan ari ginen ikerketa lanetan, Nafarroako anfibioen eta narrastien atlasa egiten», aipatu du Alberto Gosak. «80ko hamarkada zen, eta ordura arte Ebro inguruan eta hortik behera baino ez ziren ezagutzen dragoitxo arruntaren populazioak». Ikertzaileak iritsi zirenean, ordea, tren geltoki baten inguruko horman, sugandila itxurako, geko antzeko narrastiak ikusi zituzten. Ordura arte, inguru haietan ikusi gabeko espeziea zen.

Dragoitxo arruntaren (Tarentola mauritanica) behetik goranzko bidaia hasia zen jada. Erriberatik Euskal Herriko kostalderaino egin duen bidearen testigu izan da ordutik Alberto Gosa herpetologoa. Hamarkada gutxian ikusi du narrasti txiki honen banaketak izan duen bilakaera; zalantzarik gabe, irakurketa sakonago bat merezi duena. Dragoitxoa Euskal Herriko herri askotara iritsi izana ez baita kasualitate hutsa.

Dragoitxoaren arrakasta

Alberto Gosak garbi du: «Dragoitxoak klima aldaketaren aurrean arrakasta izateko baldintza guztiak betetzen ditu. Esan daiteke egoera probestu izanaren eredu garbia dela». Izan ere, dragoitxo arrunta klima mediterraneoari loturiko espeziea da. Tenperatura altuko gauak ditu gustuko, gautarra baita, batez ere. Ez da, ordea, negu hotzen zale. Hala, pixkanaka, tenperaturak epeltzen joan diren eremuetan, hasi dira dragoitxoak azaltzen. Haientzat bizi baldintza txarrak zituzten tokiak, egun, bizitzeko egokiak baitira.

Hori gutxi ez eta, gizakiak bizitokia ere prestatu dio. Hiriguneak eta herriak handitzen joan diren heinean, hasi dira dragoitxoaren populazioak ere zabaltzen. Eraikitako etxe berriak, bai eta aurretik zeuden zaharrak ere, leku aproposa baitira narrasti txiki honentzat. Mundu naturaleko arroka handiak utzi, eta auzoetako hormetan gora eta behera dabiltza. Bero edo hotz handien etorrerarekin etxe barruak bilatzen dituzte babeserako eta, elikatzeko garaian, kaleko hormetan dagoen argiteriara gerturatzen dira intsektuak ehizatzera.

XXI. mendearen hasieran kostaldeko hainbat tokitan agertu zen dragoitxoa. Dagoeneko esan daiteke itsasertzeko herri askotan populazio egonkorrak daudela. (Iñaki SANZ-AZKUE)

Kuriosoa da. Hainbat espezieren gainbehera bultzatzen ari diren klima aldaketa eta eremu urbanoaren zabalpena, espezie honen mesederako ari da izaten. Espezie oportunista da dragoitxoa. Testuinguru honetan, aukera berriak suertatu zaizkio, eta bere banaketa eremua zabaltzen ari da; gutxika-gutxika, leku berriak konkistatzen. 80ko hamarkadan topatu zuten lehen aldiz Nafarroako Erriberan, eta hamarkada berean, jada, Iruñean ere ikusi zituen Gosak. Egun, populazio egonkorrak daude Nafarroako hiriburuan. Dragoitxo arrunta espezie bat gehiago da Iruñeko narrastien artean.

Itzal guztiak, ordea, ez dira etxeetako hormen artean mugitzen. Dragoitxoak ezusteko polit bat ere bazuen gordea oraindik Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Saileko kideentzat.

Dena erantzunda dagoela uste duenean, sortzen baitira galdera berriak adituaren buruan, eta galdera berriekin batera, horiek argitzeko nahia. Bardeako ilargiak gaueko animalien bizitza argitzen duen moduan…

Bardean, ilargipean

2008ko maiatza. Bero egiten zuen Bardean. Harri konglomeratuz osaturiko gune batera iritsi ginen ustekabean. Arroka handiak, lur soila eta gune irekia, harri txikiagoz inguraturiko parajean. Banaka-banaka hasi ginen azken horiek altxatzen, narrastiren bat aurkitzeko esperantza ez baita sekula galtzen. Gutxien espero genuena, ordea, leku horretan, espezie hori topatzea zen…

Harri konglomeratu bat altxatu, eta harriari itsatsita topatu genuen: dragoitxo bat. Non eta eraikuntzarik gabeko eremu ia mortuan. Bardeako desertuan. Argiteriarik ez zen gunean. Gizakiak sorturiko eremu artifizialetik kanpo. Eremu naturalean, alajaina!

Adituek uste dute etorkizunean iparralderantz egingo duela dragoitxo arruntak. Irudian, Bardean topatutakoa. (Alberto GOSA)

2008 eta 2011 artean antzeko behaketa gehiago egin ziren. Dragoitxoak hiriguneetatik kanpo… Iberiar penintsulan, bere jatorrizko eremuan ikusten diren moduan. Galderak, alabaina, ez du erantzunik oraindik. Dragoitxoa Erriberara iritsi zenean, herrietatik kanpo ere zabaldu zen, ala… Erriberakoak iritsi aurretik Bardean zegoen populazio natural batekin egin genuen topo?

Aurretik egindako elkarrizketek jasotzen dutenaren arabera, bertako biztanleek ezagutzen zuten espeziea: ikusia zuten lehendik ere Bardeako eremu naturaletan. Topatu genuen arte, alabaina, ez zen sekula aurkitu. Inguruko herrietan dragoitxoaren dentsitatea igo izanak ere bultza zezakeen espeziea herrietatik kanpo ateratzera. Beraz, galderak airean jarraitzen du Erriberako basamortu txikian; kilometro batzuk gorago, itsasoak eta lurrak bat egiten duten eremuan, beste dragoitxo batzuek ura besterik ikusten ez duten bitartean.

Horma bat itsasoari begira

2010a zen. Getxoko itsasadarrean, Bizkaian, horma zaharren arteko zirrikituan ikusi zuen Aitor Lazak. Ordurako jada dragoitxo arrunt helduak ikusiak genituen Euskal Herriko kostaldean. Irunen eta Hondarribian, esaterako. Bai eta Gasteizen ere.

XXI. mendearen hasieran kostaldeko hainbat lekutan azaldu zen dragoitxoa. Getxokoak, baina, bazuen berezitasun bat beste guneekin alderatuz: aurkiturikoak dragoitxo gaztetxoak ziren. Kostaldean behaturiko lehenbiziko ale gazteak, alegia. Aurretik ikusitako guztiak helduak baitziren. Horietako askok negua igarotzeko zailtasunak izango zituztela pentsatzen zen, edo, nahiz eta igaro, haien kumeek ez zutela urtarorik gogorrena pasatuko. Getxoko kasuan, ordea, jada Nafarroako hainbat lekutan ikusten zen bezala, kumeak ere aurkitu ziren 2010. urtean. Hala, galdera bat aireratu zen herpetologoen artean: hasiko al ziren dragoitxoak kostaldean umatzen?

2008an Aranzadiko herpeteologoek Bardeetan topatu zuten dragoitxoa, espero ez zuten tokian. Irudiotan ikus daiteke espezie horrek hankatxoetan duen berezitasuna. (Alberto GOSA)

Urte batzuk beranduago, 2020ko langa pasatuta, jada ziurta dezakegu itsasertzeko herri askotan populazio egonkorrak daudela. Hondarribiko alde zaharrean, esaterako, hainbat heldu eta kume ikusi dira bertako harresian, bai eta harresi barneko etxeetan ere. Donostiako Urgull mendian, ostera, bertako pareta zaharretan dago dragoitxoa, portu zaharreko itsasontzien sartu-irtenak ikusteko moduan. Bardeako basamortutik, Donostiako itsasoraino iritsi da geko txiki honen bidaia urte gutxian. «Horren denbora laburrean, kilometro asko ez al da?», pentsatuko duzu agian, irakurle. Ez duzu arrazoirik falta. Horren bidaia luzea egiteko, dragoitxoak beste sekretu bat ere baduelako gordea. Erantzuna artikulu honen hastapen hitzen artean aireratu da, erdi ezkutuan…

Tiketik gabeko bidaiariak trenean

«80ko hamarkadan Erriberan ikusitakoak tren geltokiak zituzten herrietan topatu genituen», aipatu du Alberto Gosak. Ez da kasualitatea. Dragoitxoak trenarekin batera etorri zirela sarri aipatu baita adituen artean. Irun eta Hondarribia inguruko lehen behaketak ere hala egin ziren, estazioetatik gertu.

Hori gutxi ez eta, jakina da, Iberiar penintsulan, behetik gorako bidaia egin dutela hainbat materialen artean, kamioietan, edo batzuetan, itsasontzien barrualdean, portura iritsi arte. Azkar bidaiatzeko aukera ere eman dio, beraz, gizakiak dragoitxoari, eta honek ez du aukera galdu. Eremu berriak kolonizatu ditu. Egun baldintza egokiak dituzten eremu berriak.

Alberto Gosaren ustez, interesgarria litzateke dragoitxoaren bilakaera etorkizunean ikertzea. Izan ere, klima aldaketaren adierazle ona izan baitaiteke espeziea. «Europan gora egingo du, ziur asko. Bertan beste espezie batzuk topatuko ditu. Nafarroan eta Urgullen, esaterako, liolepis sugandila (Podarcis liolepis) topatu duen moduan, horma-sugandilarekin (Podarcis muralis) ere topo egin dezake. Interesgarria izango litzateke horien arteko elkarrekintzak aztertzea. Klima aldaketaren aurrean gertatuko diren eszenatoki berriak ikertzea».

Sortuko ditu, beraz, eztabaidarako gai berriak dragoitxoak, aurretik egin izan duen moduan. Galdetu, bestela, Alberto Gosari. Berak kontatuko baitizu, 1998an Fuerteventuran egin zen herpetologiako kongresuan gertaturikoa. Urteetan zehar espezie honi buruz izandako galderak argitzen hasi zirenekoa, alegia…

Dragoitxoa ulertzeko, fisika ikasi behar...

Uwe Hiller-ek hartu zuen hitza Fuerteventurako kongresuan. Urtetan jakin-mina sortu zuen gaiari buruzko hitzaldia eman behar zuen. Dragoitxoak horman gora eta behera ibiltzeko duen gaitasunak txundituak zituen aditu guztiak. Gainazal leunetan ere lasai asko ibiltzen da, erori gabe, edo buruz behera etxeko sabaian. Itsatsi egiten dira, baita kristalean ere, eta horrek aukera ematen die, esaterako, trenean edo era askotako materialen artean hobeto bidaiatzeko. Ondo helduta joaten baita.

Asko izan ziren kongresu hartara arte botatako hipotesiak. Denak okerrak, ordea: dragoitxoek ez dute ez guruin ezta bentosa itsaskorrik euren hankatxoetan. Uwe Hillerrek hipotesi berri bat plazaratu zuen Fuerteventurako kongresuan. «Han nengoen ni Hillerrek hitzaldia eman zuenean», dio Gosak.

Hillerrek dragoitxoaren gaitasuna behatz arteko iletxoen ultramorfologiagatik zela aipatzen zuen. Van der Waalsen indarrei esker gertatzen zela hori, proposatu zuen. Kontrako karga elektrikoko atomoen arteko irismen laburreko erakarpen indarrak dira Van der Waals-enak. Gekoaren gaitasuna ulertzea oso interesgarria zen. Izan ere, horma zailak eta handiak arriskurik gabe nola igo jakitea baliagarria izan daitekeelako gizakiak berak gailu berriak sortzeko.

Espezie honek hankatxoetan duen berezitasuna, detaile gehiagoz. (Alberto GOSA)

Hillerrek, botatako ideia ausart hura ondo azaltzeko, 30 urte igaro behar izan zituen ikerketan. Azkenean, Kellar Autumn-en taldeak eman zuen erantzun zuzena 2000. urtean, Hillerrek egindako aurrerapenei esker. Horien ustez, dragoitxoaren oinak ez dira leunak. Setae izeneko ile finez osaturik daude. Esku bakoitzean milioi erdi izango dituztela uste da. Eta egitura horien ertzean, spatulae izeneko nanoegitura duten mila ile submikroskopiko daude. Horiek sortzen duten egitura zimurra da, itxuraz, azalerako energia ustiatzen duena. Setae egituren inklinazio graduak ere eragina du animaliaren mugimenduan eta itsasteko gaitasunean. Hala, horietako egitura bakoitzak egiten duen atxikitzeko indarra txikia bada ere, horien baturak sekulako gaitasuna ematen dio narrastiari.

Ikertzaileek ez dute aukera galdu, eta gekoek duten gaitasuna produktu berriak sortzeko erabili nahi dute, bai eta medikuntzan ere aplikatu ahal izateko. Naturaren ezagutzan dirua inbertitzea dirua galtzea dela entzun behar izaten du sarri ikertzaileak. Dragoitxoa horman gora mugitzen ikusi zuenean Uwe Hillerri sortuko zitzaizkion galderek eragin dute ezagutza hori azaleratzea. Eta orain dugun jakinduria horrek lagunduko du gizakiaren ongizatean aurrera egiten.

Etorkizunean suerta daitezkeen galderei erantzuna eman nahi badiegu, ezinbestekoa da kuriositatea, naturan agertzen diren prozesuekiko interesa eta zientzia hezkuntzaren garrantzia gizartean txertatzea. Hala ulertuko dugu, esaterako, egongelako horman gora eta behera dabilen itzal azkar horretan gure etorkizuna argitu dezaketen galdera asko kabitzen direla. Nork pentsatuko zuen bada, nanoegituretatik hasi eta klima aldaketarainoko kontuak sartuko zirenik dragoi txiki baten barruan…