GAUR8 - mila leiho zabalik

Normalizazioa gurpil gainean


Atzo Utrechtetik abiatu zen “Vuelta a España” lasterketa eta datorren astean hiru etapa egingo ditu Euskal Herriko errepideetan. Zergatik duen lehiaketaren aurtengo edizioak abiapuntua Herbehereetan ez dakit, erabaki politikoren bat izango da tarteko, seguruenik. Susmatzen dudana da ibilbidearen zati bat euskal lurretan kokatzeko hautuan, hor bai, hor badela asmo politiko argia. Kirola, esan gabe doa, konnotazio politikoz blaituta dago, areago ikuskizun mediatikoa denean, eta mezu politikoak igortzeko plataforma unibertsala dela erakutsi du historian zehar.

Ondotxo dakite hori Hasbara ministerioan (Propaganda), Israelgo administrazioak duela urte batzuk estatu hebrearraren nazioarteko irudi lagunkoia sustatzeko sortutako ministerio berezian. Propaganda departamentu horren zereginetako bat nazioarteko foroetan Israelgo ordezkarien parte-hartzea bultzatu eta diruz laguntzea da. Haren eskutik dator, duda barik, aurtengo “Vuelta a España”-k dakarren berrikuntzetako bat: Israel Cycling Academy taldearen parte-hartzea.

Israelgo txirrindulari taldea ez da ohiko talde bat eta apartheid erregimenarekin dituen loturak nabarmenak dira. Halaxe aitortu du adierazpen publikoetan Sylvan Adamsek, taldeko jabeak: «Gure kirolariek badakite Israelgo taldean daudela eta euren herrialdeko enbaxadoreak ere badirela». Adams enpresari kanadar milioiduna da, kontzentrazio esparru batetik ateratakoan hirigintza inperio bat eraiki zuen judu baten ondorengoa. 2017an lortu zuen hiru urte lehenago Ran Margaliot txirrindulari profesionalak eta Ron Baron zaleak sortutako taldearen jabetza. Izan ere, hain da ezohikoa txirrindularitza Israelen, non 2014an eratu zen lehenengo talde profesionala, Jerusalem Mendebaldeko Nes Harim kolonian. Taldea kanpotik kontratatutako kirolariz osatu dute, gehienbat, eta bost baino ez dira israeldarrak; besteak beste, Guy Niv, Sniper ezizenez ezagutzen dutena bere militar garaietan frankotiratzaile lanetan aritu zelako.

Gauza nabarmena da talde hau ezohiko samarra dela, Israelen txirrinduzaletasuna bezain ezohikoa, eta nazioarteko erakusleihoan normaltasunez agertzeak helburu propagandistiko argia duela: ordezkatzen duen erregimena ere normalizatzea. •