GAUR8 - mila leiho zabalik

Urtebetetzeak ospatzea


Hainbat sare sozial erabiltzen ditut egunerokoan, baina ez naiz inola ere nire pribatutasuna edozein modutan aireratzearen zalea. Hori baino gehiago, nik erabakitzen dut tentuz zer bai eta zer ez publikatu. Nahi dudana nahi dudanarekin partekatzen dut, eta gehiena niretzat gordetzen dut. Ia dena da zilegi, jakina, baina nik nahiago dut momentua bizi, besteei bizitzen ari naizena erakutsi beharraren derrigortasunik gabe. Osasuntsuagoa dela uste dut eta, gainera, den-dena kontatu behar hori… Utz dezagun sorpresaren bat gerorako gordeta, ezta?

Bada, abiapuntu horretatik, Facebook kontua ireki nuenean nire benetako jaioteguna jarri beharrean beste bat asmatu nuen. Bada, sare sozial honek dituen alerten ondorioz, egunotan zorion-agur mezu ugari jaso ditut, eta zinez xelebrea izan da egoera, nolabait deskribatzearren. Hara nolakoak diren gauzak, gertuko lagun batek, adibidez, ez du bere urtebetetzea inola ere gustuko, eta gertaera honen harira elkarrekin txantxatan aritu gara berak Facebook-en bestelako data bat jarriz gero, urtero birritan zorionduko luketelako eta sufrikarioa areagotuko litzatekeelako. Lagunak aitortu izan dit bere urtebetetze egunean nahitaez pozik egon beharraren derrigortasunak triste eta urduri jartzen duela. Eta zinez ulertzen dut, derrigortasunek ez baitute ezer onik, are gutxiago sozialek, beste batzuen, kasu honetan gure albokoen, begietan ulergaitzak ematen ei dutelako eta askotan lagundu nahian lagundu beharrean egoera pisutsuagoa egin ohi dutelako.

Neuk, aldiz, halakoetan sufritzen ez badut ere, ez dut arreta zentroa bilakatzea maite, nahiago dut oharkabeko pasatu, nahiz eta askotan zaila izaten den. Ji, ji. Hala, orain dela zenbait urte atzerrira bidaiatu nuen bakarrik lagun batzuen tabernaren urtemuga jaira: gustuko musika taldeak, aspaldiko lagunak, parranda… Itzel pasatu nuen, baina ez nion inori nire urtebetetze eguna zenik esan; ez nuen horretarako inongo premiarik izan, nahiz eta hemengo lagun batzuek –distantzian– halakorik ez ulertu eta iseka egin. Zertarako esan? Zerbait aldatuko/hobetuko litzateke jendartean zabalduko banu? Seguru ezetz. Protagonista taberna zen. Ji, ji.

Horiek horrela, aitortu behar dut pozten nauela urteak betetzeak, jakina. Horren kontrakoa zer den badakigu. Eta, era berean, benetan eskertzen diet nitaz oroitu eta niretzat desio onenak opa dizkidatenei, urtebetetzeetan zein bestelako egunetan. Oso garrantzitsua da hori eta duen balioa –handia– ematen diot ezbairik gabe. Zaintza eta gertutasuna, hain zuzen ere.

Aurten, esaterako, kale egingo diot bere urtemugan 300 lagunentzat jaia eta kontzertuak antolatu ohi dituen aspaldiko lagun baten hitzorduari; egona naiz eta gozatu dut berarekin eta beraiekin, baina aurten ezinezkoa zait. Eta ezagutzen dut, baita ere, udaletxe bateko langile izanik, bere urtemugan departamentuz departamentu joaten den bat bere eguna dela jende guztiari gogoraraziz, zoriondu dezaten. Are gehiago, jaieguna izan ohi denean haren lankide batzuk arduratzen dira gainontzekoei zoriontzeko gogorarazteaz, eguneko protagonista atsekabetu ez dadin. Ai ama!

Bakoitzak bizi eta ospatu (edo ez) dezala sentitzen duen moduan, askatasun osoz: batzuek oharkabean, beste batzuek oso agerian eta beste batzuek eguna azkar igaro dadila desiratzen. Baina barren-barrenean bizitza gozatuz. •