GAUR8 - mila leiho zabalik

«Red Alava» erakundeko emakumeak, Madrilgo Ventas espetxean

EGILE EZEZAGUNA | EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOA

Argazkia 1941ean egin zen Madrilgo Ventas espetxean. Bertan, Delia Lauroba, Itziar Mujika, Tere Verdes eta Bittori Etxeberria agertzen dira. Lau emakume horiek "red Alava" izenekoan aritu ziren: modu klandestinoan funtzionatzen zuen erakundea izan zen, espetxeen eta erbesteko Eusko Jaurlaritzaren artean informazioa pasatzen zuena. Sarea 1937an hasi zen funtzionatzen, 1940ra arte. II. Mundu Gerran eta naziak Parisen sartu zirenean, Gestapo Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan sartu zen, eta atzemandako dokumentazioaren artean euskal informazio zerbitzuek egindako txostenak zeuden, horien artean sare horrek egindako lanak. Eusko Jaurlaritzak Parisen duen egoitzan konfiskatutako informazioa frankisten poliziari eman zioten naziek. 1940ko abenduan lehenengo atxiloketak egin ziren; guztira 28 izan ziren, eta sarea deseginda geratu zen. Sarearen arduradun nagusia Luis Alava mediku arabarra izan zen. Heriotza zigorra ezarri zioten, eta 1943ko maiatzaren 6an fusilatu zuten Madrilen. Sareko gainerako kideei 20 eta 30 urte arteko kartzela zigorra ezarri zieten.