17 SEPT. 2022 ESKOLAZ KANPOKOAK Eskolatik kanpoko jarduerak, trebetasunak garatzeko eta pozik egoteko espazioak Sei eta hamasei urte bitarteko haur eta gaztetxoen %90ek baino gehiagok eskolaz kanpo jardueraren bat egiten dute. Trebetasunak fintzeko eta lagunarteak aberasteko erreminta bikaina dira, betiere haurrak aukeratutako eta pozik sentitzeko espazioak direnean. Neurria ere garrantzitsua da, haurrari aspertzen ere utzi behar baitzaio. GAUR8 Derrigorrezko hezkuntzan ari diren 6-16 urte bitarteko ikasleen %90ek baino gehiagok eskolaz kanpoko jardueraren bat egiten dute, horietatik erdiak baino gehiagok astean bitan edo gehiagotan. Jarduera horien bidez beren lan etorkizuna hobetu dezakete, eskolaz kanpoko ekintza horiek zeregin garrantzitsua baitaukate haurren garapenean. Adituen esanean, interesak eta potentzialtasunak aurkitzen laguntzen diete, eta, aldi berean, haien autonomia, autoestimua eta gaitasunen garapena bultzatzen dute. «Haurren prestakuntza eta garapena osatu eta bultza dezakete, eta, horrez gain, pertsona bakarrak eta prestakuntza profil berezia dutenak prestatzen lagun dezakete, etorkizunean gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko», nabarmendu du Sylvie Perez UOCeko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien ikasketetako irakasleak. Bere ustez, egiten diren eskolaz kanpoko jarduerak haurren gustukoak direnean, esperientzia positiboak sortzen dizkiete eta autoestimua sortzen laguntzen dute. «Horrek garapen sozioafektibo on bat ahalbidetzen du, ezinbestekoa bere etorkizun sozial eta laboralerako. Gainera, ingurune sozializatzaile berriak dira, eta, zentzu horretan, ezinbestekoak dira emozioak identifikatzen eta kudeatzen ikasteko, beste erreferente heldu batzuekin prestatzeko, ikastetxeko eta institutuko lagunak ez diren beste batzuk egiteko... Halaber, araututako hezkuntza sisteman sakonki landu ez daitezkeen ezagutzak eta gaitasunak ematen dizkiete». Hala ere, eskolaz kanpoko jarduerek onuren zerrenda hori guztia eman ahal izateko, adituen ustez funtsezkoa da kontuan hartzea ez dela derrigortutako denbora. Beraz, haurrek gustuko izan ditzaketen trebetasunak garatzeko edo eroso, onartuta eta pozik sentitzeko moduko giroak aurkitzeko gunea izan beharko lukete. «Eskola errefortzu soilak diren jardueretatik urrundu beharko ginateke. Haur bati arlo jakin bat gustatzen ez bazaio, zerk pentsarazten digu eskolaz kanpo arlo hori bera gustatuko zaiola? Ikasleek ordu asko ematen dituzte eskolan; eskolaz kanpoko orduak izan beharko lirateke haientzat gustukoenak eta gozagarrienak. Hori bai, argi izan behar da eskolaz kanpoko jarduera bat ezin dela irizpiderik eta zorroztasunik gabeko zerbait bihurtu», azaldu du Jordi Peralesek, UOCeko Ikaskuntzaren Zailtasunen eta Hizkuntzaren Nahasteen unibertsitate masterreko tutoreak. Gaineratu duenez, kontua ez da soilik eskolak eskaini ezin duena «konpentsatzea», baizik eta haurrak bere denbora bere gustuko jardueretan eman ahal izatea. Eskolaz kanpokoa aukeratzeko denbora behar da eta gurasoek eta seme-alabek partekatutako erabakia izan behar du. Horregatik, komeni da gurasoek beren seme-alabei begiratzea zer interes dituzten ikusteko. Hala ere, zer behar duten ere kontuan hartu behar da, baina ez eskolan edo institutuan ikasi behar dutena ordezkatzeko. Indartzeko, hobetzeko «Eskolako ikaskuntzak eskolan eman behar dira. Baina, adibidez, gerta daiteke nolabaiteko ‘baldarkeria’ motorra antzematea gure seme-alabengan, eta gorputz mugimendua dakarren kirol edo jarduera fisiko bat ondo joan dakiekeela pentsatzea. Edo musikarako edo beste jarduera artistiko baterako erraztasuna dutela ikus dezakegu, eta horrek asetasuna eragiten diela; beraz, hori lantzen lagun diezaiekegu», azaldu du Sylvie Perezek. Adituaren ustez, ingelesa, frantsesa edo beste edozein hizkuntza ikastea aukera ona izan daiteke, betiere haurrak jarduera hori gustuko badu eta eskolan dagoeneko egiten dituen zeregin eta ikaskuntzei zailtasun erantsirik ez badakarkie. Aukera onak dira, halaber, musika, dantza eta jarduera artistikoak (pintura edo eskulanak, esaterako), baita edozein kirol ere, eboluzio adinaren arabera. Behin eskolaz kanpoko jarduera seme-alabekin batera aukeratuta, adituek gutxienez bi hiruhilekotan mantentzea gomendatzen dute, konpromisoaren balioa erakusteko eta giro berriei aukera bat emateko. «Malguak ere izan behar dugu eta jarduera hauek probatzeko izan daitezen ahalbidetu; haurrek zer gustatzen zaien eta ondo zertan moldatzen diren ikusteko». Astero jarduera horietan eman beharreko denborari dagokionez, egokiena da haurren “agenda” gehiegi ez betetzea arratsalde guztietan eskolaz kanpoko jarduerak eginez. «Haurrari atseden hartzen, jolasten eta noizean behin aspertzen utzi behar zaio», esan du Peralesek. Eskolaz kanpoko jardueren atzean bada beste errealitate bat. «Familia batzuek seme-alabei eskolaz kanpoko jardueretan izena ematea beste erremediorik ez dute, norbait haietaz arduratu ahal izateko. Baina kasu horietan jarduera horien izaera hezigarriaren zati bat galtzen da, eta umezain hutsak izaten dira. Haurrak ahalik eta denbora gehien egon behar du familiarekin, baina egia da askotan familia eta lana bateratzeko arazoak izaten direla», esan du Peralesek. Egokiena da haurren «agenda» gehiegi ez betetzea. «Haurrari atseden hartzen, jolasten eta noizean behin aspertzen utzi behar zaio», nabarmentzen dute adituek «Haur bati arlo jakin bat gustatzen ez bazaio, zerk pentsarazten digu eskolaz kanpo arlo hori bera gustatuko zaiola? Eskolaz kanpoko orduak izan beharko lirateke gustukoenak»