17 SEPT. 2022 ETXEA, OKUPAZIOAK SETIATUA Familia palestinar bat kolonia israeldar batek inguratuta bizi da, eta etxeko sarrera soldaduen kontrolpean dute Gharib familia amesgaizto batean bizi da duela hainbat urtetatik hona Zisjordaniako Beit Ijza herrian. Gobernu israeldarraren babesarekin eta soldaduen eta epaileen laguntzarekin, kolonoek bere lurrak okupatu eta etxea erabat inguratu dute. Alanbre hesi baten bestaldean, atea soldaduen kontrolpean dago. GAUR8 Zortzi metroko altuerako metalezko hesiak inguratzen du Gharib familiaren etxea eta sartzeko indar israeldarrek kontrolatutako atea gurutzatu behar dute. Israelek 1967an lurralde palestinar hau okupatu zuenetik kolonia juduak ugaldu egin dira haien etxearen inguruan eta Beit Ijza herri palestinarretik isolatutako uharte bat bihurtu dute. «Ez dakit noiz bukatuko den hau. Inork ez daki zer-nolako sufrimendua jasaten ari diren nire seme-alabak», dio Saadat Gharibek. «Urteotan oso bizitza gogorra izan dugu», gaineratu du Ramallahen Agintaritza Palestinarrerako lan egiten duen 40 urteko gizonak. Lehen laborantzako lursailek inguratzen zuten etxea, baina orain sarrera bakarra soldadu israeldarrek kontrolatzen duten ate hori bat da. Gharibek 10 hektareako lursaila zuen, eta 1978an israeldarrek euren karabanak kokatu zituzten handik hurbil. Dunam bat (10 hektarea) erostea proposatu zioten, baina uko egin zien. Urteak igaro ahala, Gobernu israeldarrak lurzatiak konfiskatu ditu kolonoak ezartzeko eta azkenean Givon Hahadasha legez kanpoko kolonia eraiki zuten. Jatorrizko lursailetik gaur egun 6 hektarea baino ez du Gharibek. «Orain dunam erdia baino ez dugu, eta alde guztietatik inguratuta gaude», salatu du. Etxetik ateratzeko, alanbre hesiz mugatutako korridore bat zeharkatu eta soldaduek urrutitik kontrolatutako atea igaro behar du. Familiak auzitara jo du hainbat aldiz, baina gutxitan lortu du jabetza babestea. 2012an epaitegi israeldarrek bere lurren %3 aitortu zioten. Baina erabakia oraindik ez da ezarri eta kolonoek aparkaleku moduan erabiltzen dute lurzati hori. 2008an, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen israeldarren segurtasun neurri batzuk: kamera aurrean nortasun agiria aurkeztea eskatzen zieten, sarrerako ate astun hori ordutegi mugatuekin igaro ahal izateko. Orain, teorian, familia nahi duenean atera daiteke, segurtasun indarrek arriskuren bat dagoela uste dutenean izan ezik. Halakoetan, atea nahieran itxi dezakete. Urte horietan, gainera, soldaduek etxea arakatu eta atxiloketak egin izan dituzte. Eta edozein gatazkatan beti kolonoen alde egin dute. Saadatek olana urdin bat jarri zuen burdin hesiaren behealdean, bere seme-alabek gogaituak izan gabe edo kolonoen beldur izan gabe jolastu ahal izateko. «Guri ere ez zaigu gustatzen hesi hori», adierazi du Avi Zipory kolonoak. Haren iritziz, inguru hori guztia lurralde judua da eta ideia horrek auzitegi israeldarren oniritzia du, eta mila biztanleko kolonia babesten dute. Palestinarrek beste aukera bat –alde egitea edo dirua– ez onartzea gaitzesten du Ziporyk. «Ez dakit noiz bukatuko den hau», dio hasperen eginez Saadat Gharibek. Seme-alabengatik beldur da, batez ere soldadu israeldarrak inguruan daudenean eta gatazkak daudenean. «Bart alabak ezin izan zuen lo egin. Gau osoan soldaduak atean izan genituen». Gainera, orain ezin du bere olibondoetara iritsi, koloniaren bestaldean daudelako. Olibondoak lantzeko baimena Israelgo Armadaren borondatearen mende dago, eta beti arbitrarioa izaten da hori. Bueltak eman behar ditu Bayt Duqu herria zeharkatzeko eta han beste ordubete bat edo bi itxaron, soldaduek beste ate bat ireki arte. Baina amesgaizto horrek ez diola bere lurrari uko eginaraziko azpimarratu du: «Hau da gure lurraldea. Nire aitarengandik jaso nuena eta berak nire aitonarengandik. Mundu osoko diruaren truke ere ez nuke salduko».