08 OCT. 2022 Atsoak Amaia Nausia Pimoulier Gure gizartean, adineko pertsonen artean bakardadea oso ohikoa da, eta bakarrik bizi direnen artean emakumeak dira nagusi. Eustaten 2019ko datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 65 urte eta gehiagoko 112.531 pertsona bakarrik bizi ziren. Horien artean, gehienak emakumeak. Generoaren faktorea mahai gainean jartzen dugunean, gainera, bakardadeari pobrezia gehitu beharko genioke. Esate baterako, Nafarroan emakumeek gizonek baino 567 euro gutxiago kobratzen dute, batez beste, pentsioetan: %37 gutxiago, zehazki. Emakumeen zahartzaroaren inguruan dagoen ikuspegi ezkorra eta egoera zaurgarria ez dira berriak, historikoak baizik. Egia esan, zahartzaroak atsekabeak besterik ez zituen ekartzen aurreko garai batean, batez ere agurea emakumezkoa zenean. Emakumeen zahartzaroa emakume batek emankorra izateari uzten zion garaiarekin lotzen zen; hau da, 40-45 urtetik aurrera. Beste modu batera esanda, erreprodukzio-funtzioa galdu ondoren. Zahartzaroaren ikuspegi negatiboak emakumeen munduari bakarrik eragiten ez zion arren (Antzinarotik zahartzaroak konnotazio negatiboak izan ditu gizonentzat eta emakumeentzat), ikuspegi hori krudelago bihurtzen zen adinekoa emakumea zenean. Hau oso agerikoa da Artearen Historiaren kasuan, adibidez; Errenazimenduan, emakumeen erretratuetan zahartzeak gizonengan baino ondorio suntsitzaileagoak eragiten zituela zirudien. Emakume gaztea edertasun fisiko eta moralaren, maitasunaren eta lurreko plazeraren sinboloa zen, eta urteak betetzean, berriz, kontrakoaren sinboloa: itsustasuna, gorrotoa eta sufrimendua. Errenazimenduarekin jarraituz, gazteria maitasunaren garaia islatzeko erabili da. Ugaltzeko adinean dauden emakume gazteak bakarrik izan daitezke maitatuak. Maitasun-grina, gehienetan kutsu erotikoz adierazten dena, gaztaroan bakarrik gertatzen da. Emakumeek adinean aurrera egiten dutenean ugaltzeko gaitasuna galtzen dutenez –eta hori izan denez mendeetan gizartearentzat izan dugun balio ia bakarra–, emakumeak zahartzarora iristerakoan haien irudi piktorikoak interesa galtzen du; gizonengan, berriz, zahartzaroa jakinduriaren eta esperientziaren sinonimoa da. Kontraste hori emakumeen irudiari gizonen barne-edertasunaren aurrean ematen zaion kanpoko garrantziaren ondorio da. Edertasun femeninoan, gaztetasunaren edo dontzeila gaztearen irudia goratuko da; zahartzaro fisikoa, berriz, beheraldia da emakumeentzat; gizonentzat haien bertuteen etapa gorena izan zitekeen bitartean. Emakumeen zahartzaroaren ikuspegi ezkorraren inguruan historian zehar izandako eraikuntzak gaur egunera arte iristen diren ondorioak ditu. Pertsona talde bati haren gizatasuna kentzeak edo duintasuna galtzeak kolektibo horren kontra erabiltzen den indarkeria justifikatzea ekar dezake. Arrazakeriarekin oso agerikoa da hori. Eta hori horrela gertatu da atsoekin. ‘Atso’ hitza bera iraintzat hartzetik, adineko emakumeek askotan jasotzen dituzten tratu txarretara iritsi arte. Adineko emakume asko, bakardadearen eta egoera ekonomikoaren ondorioz, gizarteko beste hainbat sektore baino egoera ahulagoan daude. Horrek, emakumeen zahartzaroari lotutako irudi txarrarekin batera, historikoki hain ahula eta hain gaizki tratatua izan den sektore horri begira jartzera eraman beharko gintuzke. • La visi������n negativa y la situaci������n vulnerable en torno a la vejez de las mujeres no son nuevas, sino hist������ricas. La vejez no tra������a m������s que refranes en una ������poca anterior, sobre todo cuando el viejo era una mujer