GAUR8 - mila leiho zabalik

Txikiegi sentitzen garenerako zaintza


Begira, ama, zer gertatu den, txikiegia naiz ni eskolara joateko!», dio 3 urte bete berriak dituen neskatilak, bere buruari oinetatik gora begira ari zaiola, bere izatearen benetako neurria hartu nahian bezala. Ama ilea biltzen ari zaio mototsa apainean, besteetan baino urduriago. Azken egunetan hainbeste aipatu duten eguna iritsi da: eskolan hasteko eguna.

Orain arte, neskatilak etxeko goxotasunaz gozatzeko aukera izan du, lehen urtea betetzera doan anaia txikiarekin batera amarekin egon baita etxean. Tarteka, anaia nagusiari laguntzen, eskolaren bueltan ibili da gurasoekin. Hortaz, ezagutzen du eskola, urrun samarretik.

Gaur, ordea, anaia txikia etxean utzi du eta bera da anaia nagusiarekin eskolan sartuko dena. Eskola-bizitzaren hasiera samurragoa izan dadin, egokitzapen prozesua hasiko du amarekin. Han, bizi den herria txikia izanik, plazan jolas-lagun dituenak topatuko ditu. Hori bere alde. Eskolara egokitzeak beste hamaika alde ditu, ordea.

Hezitzaile gisa bizi izan dugunok ere badakigu zeinen intentsitate handikoa den prozesua. Neskatoaren amari malko bat irristatu zaio alaba eskolan utzi duenean. Ongi egongo dela jakin arren, ezin emozioari eutsi. Gogorra egin zaio. Eta ahapeka esan digu zein desberdina den irakasle edo ama gisa bizitzea prozesua. Ongi pentsatuta, egia esan, egokitzapenarena izan liteke eskolan gertatzen den prozesu bizienetako bat.

Lankidearekin aritu naiz ezbaian ’egokitzapena’ ote den prozesua izendatzeko modurik egokiena. Hark baietz, finean haurrek, etxekoek, hezitzaileek, eskolak… denek egoera berrira egokitu behar dute. Ezetz esan diot nik, beste hitz egokiago bat aurkitu beharko geniokeela. Finean, neska-mutilek ez luketelako eskola eredu zaharkitu honetara –kontuan hain gutxi izaten dituen ‘eskola’ esaten diogun instituzio honetara– egokitu beharko.

Gaur egun, gehiago edo gutxiago, eskola gehienek dute kontuan une hori. Nahikoa orokortuta dago haren zaintza, «egokitzapen» prozesuen bidez eskolan pixkanaka sartzekoa eta ikasleek ahalik eta trauma gutxien izatekoa. Zaintza hori, batez ere, eskolara lehen aldiz etortzen direnean egiten da, txikitan. Salbuespen handiagoa dira, baina, eskola ibilbidean zehar beste adin batzuetako neska-mutilentzat aldaketak zaintzeko martxan jartzen diren prozesuak.

Ederra litzateke ikasleek zikloa eta etapa aldatzen dutenean, irakasle berria dutenean, talde nahasketa dutenean, hala nola eraikuntzaz aldatzen direnean eta, zer esanik ez, praktika metodologiko eta pedagogikoak aldatzen ditugunean, haiez ohartzea, kontziente egitea, eta txikiekin egiten dugun gisan, edozein adinatako neska-mutilekin, adin bakoitzak dituen ezaugarri eta beharren arabera, une horiek ere zaintzea.

Izan ere, ikasle txikienekin orokortu den egokitzapen prozesuaren helburu behinena konfiantzaren bidez segurtasun emozionala eta atxikimendua lortzea da. Jakin badakigulako konfiantza eta segurtasun hori dela eskolan eraiki nahi dugun ikas-irakas jardunaren oinarria. Zenbat aldiz ez ote garen gu ere, neskatoa bezala, txikiegi sentitu? •