GAUR8 - mila leiho zabalik

Arrazismoa eta gu

«Retour a Rèims» dokumentalak II. Mundu Gerraren osteko langile klasearen historia mahaigaineratzen du.

Beti gustatu izan zait 1962ko argazki hori, Pier Paolo Passolinik faxista gazte bat kolpatu zuenekoa. Azken asteotan bi dokumental ikusteko aukera izan dut, argazki hori gogorarazi didatenak, bietan aipatzen baitzuten langile zurien artean hedatutako arrazismoa eta eskuin muturrari babesa: “Retour a Rèims” (Jean-Gabriel Périot, 2021) eta “White Riot” (Rubika Shah, 2019).

Lehenak II. Mundu Gerraren osteko langile klasearen historia mahaigaineratzen du, bereziki alor negatiboak azpimarratuz: gerraosteko bizi baldintza negargarriak, langile auzo berrien eraikuntzak izan zituen gabeziak, tabakismo eta alkoholismo orokortuak, emakumeekiko gizonen mespretxua... Lehenago komunisten alde bozkatzen zutenek nola azken urteotan Fronte Nazionalaren aldeko hautua egin duten azaltzeko orduan, langile klasearen berezko arrazismoa aipatzen du dokumentalaren egileak. Nola lehen unetik kolonia ohietatik iritsitako jendea mespretxatu zuten frantses langile zuriek, nahiz eta euren burua internazionalistatzat jo.

Bigarrenak bestelako ikuspegi bat du. Kontatzen du nola aktibista ezkertiar talde batek Rock Against Racism mugimendua antolatu zuen, gizartearen zati handia arrazismoaren aurka zegoela azaleratuz, eskuin muturrak langile auzo batzuetan izan zezakeen babesa gorabehera. Antikapitalismoak beste zapalkuntza batzuekin duen harremana eta uztartzeko aukera azpimarratzen dira (azalaren kolorea, jatorria, sexua, sexualitatea, underground mundua...).

Eskuin muturra badatorrela-eta, dirudiena da inoiz ez dela joan. Elite zuriek ez dutela inoiz onartu aginte osoa ez izaterik eta, beharrezkoa denean, komunikabideetan haren mezua haizatuz eskuin muturrari urrezko eskailerak jartzen dizkiotela, Espainian, AEBetan, Brasilen eta Italian egin duten bezala. Gero, eskuina (ez dagoena ez Erresuma Batuan ez Espainian bederen, muturretik urrun) moderatu bezala agertzen da eta denok pozik, faxismotik libratu garelakoan.

Azken urteotako eztabaidara eramaten gaitu horrek behin eta berriro. Zein den artikulatu nahi dugun subjektua, bai faxismoa bai eskuina atzean utzi eta gizartea demokratizatzeko urrats sendoak egiteko. Kontuan hartuta langile zurien zati bat arrazista dela, eskuin muturraren mezuari helduko diogu eta irabazi ezin dugun eztabaida batean zipriztinduko gara? Jatorri ezberdinetako gero eta jende gehiago elkarrekin bizi garela, horri ez ikusi eginez, langile klase homogeneo eta zurruna aldarrikatuko dugu?

Euskalduntasunari buruzko eztabaida da nire ustez lehen planoan ezarri behar dena. Zer garen euskaldunak eta zer izan nahi dugun. Izan ere, Eusko Legebiltzarreko markoan mamitzen ari den Hezkuntza Lege berriaren inguruko ika-miketan ere horri heldu behar zaio. Zer gara euskaldunak, euskal hiztun guztiak? Gure identitatea besteengandik babestu behar dugun etnia homogeneo bat? Euskal Herrian zapalkuntza anitzak bizi dituen jendearen elkargunea? Euskal Autonomia Erkidegoko eskolaratze eredu segregatzailea zartatzea lehen pausoa da, euskaldunak zerbait izango bagara. Eztabaidaren muinak hori izan behar du, segregazioa legez kanpoko bihurtzea. Bestela, alferrik borrokatuko gara faxismoaren aurka gero. •