12 NOV. 2022 Suhiltzaileak, 1967an EGI-k Tolosan jarritako ikurrina kentzen Andoni ZINKUNEGI / JONAN ZINKUNEGI FUNTSA Juantxo EGAÑA 1967an, EGI gazte erakundea garai hartan debekatuta zegoen ikurrina jartzen ari zen espazio publiko eta eliza ezberdinetan, hala nola Jesusen Bihotzean, San Inazio elizan edo Donostiako Atotxa futbol zelaian. Gauez jartzen zuten, eta gantzez bustitzen zuten ikurrinaren ingurua, hura kentzea oztopatzeko. Artikulua ilustratzen duen irudian suhiltzaileak ageri dira Tolosako Santa Maria elizan, 1967ko ekainean, aurreko gauean EGIko militanteek, Santi Arrozpidek eta Patxi Goiburuk, besteak beste, jarritako ikurrina kentzen. Andoni Zinkunegik argazki estudio bat zuen Donostiako alde zaharrean, ikurrina jarriko zutela abisatu zioten eta Tolosara joan zen argazkia egitera, beste batzuetan bezala. Ikurrina kentzeko argazkiak egiteko unean, Guardia Zibilak atxilotu egin zuen, bere seme Jonanekin batera, eta “kuartelillora” eraman ostean, ilunabarrean askatu zituzten. Handik egun batzuetara, Meliton Manzanasen agindupeko brigada politiko-sozialak atxilotu zituen eta hiru egun eman zituzten atxilotuta Donostiako Gobernu Zibil zaharraren eraikinean, Tolosan egindako argazkiei buruzko azalpenak emateko.