GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevue
Mikel Nieve
Txirrindulari ohia

«Txirrindularitzaz asko jakin gabe hasi nintzen eta ez nuen espero hain urruti iristea»

Profesionaletan egin duen 15 urteko ibilbide bikaina itxitzat eman du aurten Mikel Nieve leitzarrak. Beti bezain umil eta apal errepasatu dugu elkarrizketa honetan.

(Argazkiak: Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Mikel Nievek txikitatik kirolarekin eta Leitzarekin oso lotuta egon den bere ibilbidea errepasatu du GAUR8rako, 38 urterekin txirrindularitza profesionalari agur esan ondoren.

Giroan hiru etapa irabazi ditu, Vueltan eta Dauphinen beste bana, 22 itzuli handi korritu ditu eta 16tan lehenengo 20etan bukatu du. Froome-rekin bi Tour eta Vuelta bat ere irabazi ditu, baina, emaitzen aurretik, bizikletari esker bizitako esperientziak azpimarratzen ditu. Kirolariaren bizimoduaz gozatu egin du eta ez du baztertuko.

Elkarrizketa egin ondoren Ibai Azurmendi Leitzako beste profesionalarekin gelditu da bizikletan ibiltzeko eta hitz egin dugun bitartean aurten bertan pilota profesionala utzi duen Oinatz Bengoetxea txapeldun handia, haurtzaroan bere gelakide izandakoa, agurtu du, euskal kirolari asko eman dion herrian.

Leitzan 1984. urtean Oinatz Bengoetxea, Inaxio Perurena eta zu jaio zineten. Hau da marka 3.000 biztanle dauzkan herri batentzat.

Kasualitatea da. Juxtu urte horretakoa da Eibarrekin Bigarren Mailara igo zen Aimar Sagastibeltza ere, oraindik futbolean ari dena. Oinatz eta biok gela berean ibili ginen eta oraindik badut harremana berarekin. Gero nahasketak egiten ziren eta denak elkarrekin ibiltzen ginen jolasaldian pilotan eta futbitoan jokatzen, baina ez nintzen kirol horietan lehiatu. Arratsaldeetan ikastolatik kanpo ere, batzuetan pilotan, besteetan futbolean, igeriketan ere bai... Futbitoan urte pare bat egin nituen lagunekin partidak jokatzen. Beti izan dut kirolarekiko joera.

Kirol askotan aritu ondoren bizikletaren aldeko apustua egin zenuen.

Gustuko nuen bizikleta, txirrindulari eskola bat zegoen herrian eta aitak ere kirolerako zaletasuna zeukan. Berak animatuta, garai hartan denetik egiten nuen eta ziklismoan bai hasi nintzela lehiatzen. Hamar urterekin “hasiberri” bezala, gero alebin, infantil, kadete, junior... Maila guztietan.

Berandu nabarmendu zinen, batez ere junior mailako azken urtearen bukaeran jantzi zenuen Caja Ruralen maillotarekin.

Kadeteetako bigarren urtean irabaztea lortu nuen, jubeniletako lehenengo urtean postu asko, eta bigarrenean garaipenak iritsi ziren. Hemengo kluba zen, entrenatzailea eta zuzendariak hemengoak ziren, Leitzako eskolakoak, baina hango babeslea hartu genuen hemengoak ez zuelako jarraitzen. Hor bai hasi nintzela ondo ibilitzen. Espainiako selekzioarekin Mundialerako zerrendan sartu ninduten, kontzentrazio batean egon nintzen…

Afizionatuetan Agurainen irabazi zenuen 2004an, baina garaipen bakarra izan zen lehen lau urteetan. Kostatu zitzaizun nabarmentzea.

Garai hartan jendea lasaiago eramaten zuten. Zaharrago pasatzen zinen profesionaletara, amateurretan urte batzuk egin ondoren. Oraingoarekin konparatuz ez zegoen hain profesionalizatua. Hemen ere ez neukan erreferenterik eta nire martxan joan nintzen. Beharbada jubeniletan gauzak errazegi egin nituen eta pentsatzen nuen horrela eginda ondo ibiliko nintzela; baina ikasi nuen gauzak ondo ez banituen egiten, lanik egiten ez banuen, ez banintzen zaintzen, besteek irabaziko zidatela.

Bost kilo galdu zenituen garai horretan?

Bai, afizionatuetan gizenago nengoen profesionaletan baino, baina ez da pisu kontua, gauzak ondo egitea baizik.

Lau urte afizionatuetan Caja Ruralen eman ondoren, 2006an bukatu zenituen ikasketak. Zalantzak izan zenituen jarraitu ala ez erabakitzeko, edo azken urte bateko apustua egiteko?

Aurreko urtean hasi nintzen oso ondo ibiltzen, baina Bidasoa baino lehen erorketa nahiko gogorra eduki nuen. Errekuperatzen saiatu nintzen, baina behar baino sasoi txarragoarekin Nafarroako Itzulia egitera joan nintzen eta ez zen ondo atera. Gero tendinitis bat eduki nuen eta laugarren urte hori lesioekin nahiko aldrebes joan zen, baina etxetik babesa jaso nuen. Urte on bat egiten saiatu behar nuela, ateratzen bazen ondo eta bestela beste zerbait egingo nuela. 2007an hasieratik ondo hasi nintzen eta ondo atera zen.

2007an lau garaipen lortu zenituen Valenciagan, inportanteena, Llobregaten, Elgetan eta Altsasun.

Bai, inoiz ez nintzen izan irabazlea baina erregulartasun bat eduki nuen eta urte horretan nahiko ondo ibili nintzen, bosgarren urtea ere bazen. Espainiako Kopan postu onak lortu nituen. Aurreko urtean ere Espainiako Kopan oso ondo ibiltzen hasi nintzen, baina erorketa eduki nuen. Valenciagan garaipen bat lortzeak konfiantza dezente ematen dizu eta, zorionez, pasatzeko aukera eskaini zidan Orbeak.

Orbearekin 2008. urtean profesionaletara pasatzeko dei horrek lasaitasuna eman al zizun, helburua lortuta?

Bai, baina inoiz ez dut ikusi helburu bat bezala. Gehiago izan da gauzak ondo egin, ahal dudan guztia eman, eta etortzen bada ondo eta bestela behintzat ahal duzun guztia egin duzu. Inoiz ez naiz itsutu ez garaipenak lortzearekin ez profesional izatearekin. Azkenean lana ondo egiten baduzu emaitzak etor daitezke ala ez, baina behintzat zu saiatu egin zara. Ondorio bat bezala ikusten dut gehiago.

Lehen urtean Orbearekin hogei onenen artean egon zinen Euskal Bizikletan eta beste itzuli batzuetan. Zuretzako errazagoa izan zen profesionaletan nabarmentzea afizionatuetan baino?

Ez, alderantziz, askoz zailagoa da profesionaletan ondo ibiltzea. Kontua da afizionatuetan, hasierako ezjakintasun horrekin ez nuela behar bezala entrenatzen eta zaintzen nire burua. Gauzak ondo egiten saiatu nintzenean pixkanaka nire maila onena ematen joan nintzen. Maila baduzu, afizionatuetan askoz lasaiago ibiliko zara profesionaletan baino, maila askoz altuagoa da-eta.

Euskaltelera azkar pasatu zinen, 2009. urtean, eta 2010ean Vueltan debuta egin eta garaipen handia lortu zenuen. Ezustekoa izan zen?

Azkenean prozesu bat da. Profesionalago izan eta gauzak hobeto egiteko prozesua. Nola entrenatu ikasten joaten zara eta azkenean zure maila onena ematen duzu. Aurreneko urtean itzuli batzuetan aurreneko hamarretan sartzea lortu nuen eta maila polita ematen hasi nintzen. Bigarren urteko hasiera nahiko aldrebes joan zen gaixotasun pare bategatik, baina gero ekainean Vueltako etapa batzuk ikusten egon nintzen, Cotobellokoa horien artean, Igor Anton eta Beñat Intxaustirekin. Zerrenda horretan nengoen, sartu nintzen taldean eta aurreneko itzuli handia izateko espero zen baino maila hobea eman nuen.

Cotobellon irabazi baino bi egun lehenago, Igor Anton erori eta etxera joan zen, Vuelta irabazteko bidean zegoenean. Nolakoa izan zen txip aldaketa taldean? Nola bizi izan zenuen une hori?

Egia da Igor etxera joatea taldearentzat kolpea izan zela, baina nik ikusten nuen oso ondo nengoela. Igorren ondoan ibiltzea lortu nuen eta konfiantzarekin nenbilen. Igor erori eta hurrengo egunean Lagos de Covandongako etapa zegoen eta 14. bukatu nuen eta hor ikusi nuen ihesaldi batean sartzen banintzen nire aukerak edukiko nituela. Egun horretan Amets Txurrukarekin eta Juanjo Orozekin ihesaldietan sartzen hasi ginen eta konfiantzarekin atera nintzen, garaipen hori lor nezakeela sinetsiz.

2011n Gardeccian 6.400 metroko desnibela zuen etapa irabazi zenuen Giroan. Egun horretan ez zegoen hainbesteko beharrik, aurretik Zoncolanen Igor Antonek irabazi zuelako, baina zuk ere bilatu zenuen zure aukera.

Bai, egun horretan berdin. Azkenean ikusten nuen maila ona ematen ari nintzela eta dena nuen, anbizio puntu hori, banekien ondo nengoela, baina pelotoitik ez genuela irabazi behar indartsuagoak zeudelako, eta ihesalditik saiatu behar zen. Konfiantza hori baneukan, sartzen banintzen nire aukerak edukiko nituela. Egun horietan ongi geunden eta ondo atera zen.

Nola bizi izan zenituen Euskalteleko azkeneko bi urteak? Fundaziotik banatzea, kanpoko fitxaketak, desagerpena…

Hala tokatu zen. Azkenean aldaketa asko egon eta gero taldea bukatu egin zen. Arraroa zen, baina momentuan pasatzen da eta horretara moldatu beharra daukazu.

Orain baloratzen dugu zer izan zen Euskaltel hori?

Baina desberdina ere bada. Nik uste dut Euskaltelek kristoren meritua zuela denbora hartan euskaldunekin bakarrik maila horretan egotean, baina garai horietatik txirrindularitza globalizatzen joan da, zabaltzen joan da, taldeak handitzen joan dira, egutegi zabalagoa osatu beharra daukazu. Orduan lortu genuena, euskaldunekin bakarrik, momentu honetan ezinezkoa iruditzen zait World Tourreko talde bat mantentzeko.

Bukaera polita izan zen, Vueltako podiumean esan zenion agur Euskalteli.

Bai, alde horretatik bai. Ez zen nire itzuli onena izan, baina azkenean nire onena ematen saiatu nintzen eta behintzat taldekako sailkapena irabazi genuen. Vuelta talde onena bezala bukatzea uste dut polita izan zela. Nik uste dut denak saiatu ginela gure onena ematen eta alde batetik tristea izan zen, baina behintzat bukaera ez zen hain txarra izan.

Nieve, Vueltan lortu zuen Cotobelloko etapa garaipena ospatzen (Jaime REINA / AFP)

Skyren eskaintzaz gain, beste talde batzuek liderra izatea proposatu al zizuten?

Ordezkariak eskaini zidan Skyrena eta nik erabaki nuen niretzat onena zela, baina lider bezala ez dakit inork proposatu zidan, eta ez dut hori bilatu.

Lehenengo lau itzuli handietan hamargarren izan zinen sailkapen nagusian bi etapa irabaziz. Hor erakutsi zenuen itzuli handietarako txirrindularia zinela. Inoiz ez duzu liderra izan zintezkeen zalantza eduki?

Ez. Inoiz ez naiz irabazlea izan eta gutxiago itzuli handietan. Erlojupekoetan ondo moldatu behar zara. Itzuli handi batean aurrerago egoteko beste maila bat erakutsi behar da eta sekula ez dut ikusi itzuli handi batean egin dudana baino askoz gehiago egiteko ahalmena.

Euskaltelen liderra izan zinen 2013 urteko Tourrean…

Eta 2012ko Giroan ere bai. Giroan bederatzigarren geratu nintzen eta Tourrean hamabigarren. Baina ez dut eduki liderra izateko maila.

Lau urte eman zenituen talde onenean, Froomeri laguntzen (2014-17). Euskaltelekin alderatuz, guztiz kontrakoa?

Kontrakoa ere ez. Kanpotik beti hitz egiten da Sky oso metodikoa dela, detaileak asko zaintzen dituela, baina azkenean berdina da: jende oso profesionala, maila oso altua eta exijentzia zuk sartzen diozuna zure buruari. Eta badakizu horrelako talde batean erantzun beharra dagoela. Egia da taldea askoz handiagoa dela, baliabide gehiagorekin, jende gehiago laguntzeko, baina azkenean zuk egin behar duzu lana eta zuk eman behar duzu zure maila onena.

Zer sentitu zenuen Froomek zu bere lankide onena izan zinela esan zuenean?

Ez dakit, ez zait iruditzen hori horrela denik baina benetan polita da berak hori esatea. Berak beti estimatu nau asko, baita nik bera ere. Horrelako txirrindulari batek hori esatea asko eskertzen da eta nik ere eskertu nion.

Zuretzako bera izan da liderrik onena?

Bai, azkenean berarekin bi Tour irabazi genituen, eta baita Vuelta bat ere. Berak irabazten zuenean zure lanak gehiago luzitzen zuen. Azkenean urte horiek oso onak izan ziren eta luzimendu pertsonalerako ere lan horrek asko balio izan zuen.

Bi Tour jarraian irabazi zenituzten, momentu horretan Froomek gehiago lortuko zituela ematen zuen, baina zuk beste bide bat hartzea erabaki zenuen Mitchelton-BikeExchangerekin aritzeko (2018-21). Zergatik?

Momentu horretan pentsatu nuen aldaketa bat ondo etorriko zitzaidala. Batzuetan aldaketak ondo etortzen dira motibazio aldetik eta egin zidaten eskaintza oso ona zen.

Sky eta Mitcheltonekin beste bi etapa irabazi zenituen Giroan. Zure lasterketarik maitatuena izan al da?

Izan liteke. Hor lortu nituen nire emaitza onenak eta egia da asko gustatu zaidala beti. Baina beste itzuli handiak ere bai. Nahiz eta emaitzarik ez lortu, asko gustatzen zaizkit.

Garbi dago itzuli handietarako txirrindularia izan zarela, horretarako dituzula ezaugarri egokienak, erresistentzia… Besteak behera doazenean zuk beti gora egiten duzu.

Bueno, hirugarren asteak noizbait luzeak egin zaizkit eta eduki nituen bigarren asteak hirugarrenak baino hobeak. Giroan irabazitakoak, azkenekoa ezik, denak bigarren astean lortu nituen, baita Vueltan irabazi nuena ere. Argi dago ezaugarri aldetik itzuli handietako lasterkaria izan naizela, hor eduki ditut emaitzarik onenak.

Pena izan da azkeneko bi urteetan gauzak ez direla atera: lesioak, erorketak... Batez ere aurten Caja Ruralera bueltatu ondoren.

Hobe da azkeneko bi urteetan tokatzea aurreneko bi urteetan baino. Egia da azkeneko urte hauetan dena batera tokatu zaidala baina, orokorrean begiratuta, nahiko zorte ona eduki dut.

Profesional mailan hasi zinenean espero al zenuen gero lortutakoa?

Ez. Egia esan, txirrindularitzaz asko jakin gabe hasi nintzen eta ez nuen espero hain urruti iristea. Balantzea oso ona da. Bizitako esperientzia guztiak nabarmenduko nituzke. Herri batetik atera eta ia mundu osoan egon naiz bizikletarekin, jende pila ezagutu dut, beste hizkuntzak, beste kulturak… Asko zabaltzen zara eta oso esperientzia aberasgarria izan da.

Pertsona bezala Leitzatik, herri lasai batetik, mundu horretara joatea nola hartu duzu?

Ongi, egia esan. Moldatzen ikasten duzu. Azkenean zure “konfort gunetik” atera behar duzu eta beste esperientzia batzuk bizitzea, bakarrik bidaiatzea, bakarrik moldatzen ikastea… nire ustez, oso aberasgarria da. Pertsonalki asko eman dit bizitza honek.

Beti pertsona umil eta lasaia izan zara. Lortu duzun arrakastak ez zaitu aldatu eta Leitzan jarraitu duzu beste batzuek ez bezala. Adibidez, Andorrara joan gabe.

Ez dakit. Bakoitzak bere eboluzioa dauka. Ez dakit aldatu naizen ala ez. Bai, hemen denok txikitatik ezagutzen dugu elkar. Ezagunen artean eroso sentitzen naiz. Leitzan bizitzen jarraitu dut baina nork daki zer dakarren etorkizunak. Noizbait planteatu izan dut beste leku batzuetara bizitzera joatea. Balantzan jarri nuen eta ezetz erabaki nuen, baina ezin dut esan betirako hemen geratuko naizenik. Momentuz hemen gustura nago.

Polita izan zen azkeneko Itzulian Leitzan egin zizuten omenaldia…

Aurretik banekien zerbait egin nahi zidatela baina, egia esan, oso berezia izan zen eta oso polita. Oroitzapen ikaragarria da niretzat.

Zer ezin izan duzu egin zure bizitza pertsonalean txirrindularitzan profesionala izateagatik?

Ez pentsa gehiegi dagoenik. Azkenean, kirola egitea gustatzen zait. Ez zait ezer burura etortzen. Orain beste modu batean bizi naiz, semearekin lasaiago ibiliko naiz jolasten, lagunekin afaltzera joatea… Hori izan liteke faltan botako nuen bakarra, baina txirrindularitzagatik egin ezin izan dudan zaletasun berezirik ez daukat.

Lagunarteko afari horien falta izango zenuen behintzat…

Bai, baina hor zaudenean mentalizatua zaude zure onena ematen eta buruak hori eskatzen du. Momentu horretan txirrindularitzan zentratuta nengoen eta ez nituen faltan botatzen parrandak. Pentsatzen nuen ‘hau egin behar dut’ eta gozatu egiten nuen hori egiten.

Badago zerbait semearekin egin ezin izan duzuna taldeko kontzentrazioetara joaten zinelako edo uztea asko kostatu zaizun zerbait?

Bai, hori asko kostatzen da, baina badakizu gauzak horrela direla eta ezin dela ezer egin. Orain bai, lasaiago nago semearekin, eta gauza gehiago egiteko aukera ere edukiko dut.

Realak omenaldia egin zizun. Realzalea zara? Gustatzen zaizu futbola?

Bai, futbola gustatzen zait eta Realak edo Osasunak edo euskal taldeek irabaztea.

Elkarrizketak egiteari uztea eskertuko duzu, ezta?

Ez ditut asko eduki, baina ez naiz elkarrizketen oso zalea. Ez zait gehiegi gustatzen.

Orain bizikletan ibiliko zara plazer bezala? Ez diozu utziko txirrinduan ibiltzeari…

Bai, gustatzen zait bizikletan ibiltzea. Baztan aldera edo Irurtzun aldera joan ohi naiz. Hemen trafiko gutxi egoten da eta hori eskertzen da bizikletan ibiltzeko.

Etorkizunari begira, nola ikusten duzu zure burua? Zer egitea gustatuko litzaizuke? Txirrindularitzarekin lotutako zerbait?

Egia esan, ez daukat ideiarik. Txirrindularitza gustatzen zait, hori garbi daukat, baina momentuz ez dakit zer egingo dudan. Momentuz denboralditxo bat lasai hartuko dut eta gero ikusiko da.