07 JAN. 2023 BIRZIKLAPENAREN BIDEA Santiagoko udalik pobreena, birziklatze arloan eredugarri Txilen eta harago Txilen, Latinoamerikan zabor gehien sortzen duen eta birziklatzeko ohitura gutxiko herrialdean, udal programa batek biztanleengan birziklatze kultura sortzea lortu du La Pintanan, Santiagoko kanpoaldean. Duela hamazazpi urte abian jarritako hondakin organikoen bilketa bereziari esker, zabor meta ugariak bukatu dira, dirua aurreztea lortu dute eta herrian berdeguneak loratu dira. Gobernuak Txile osoan errepikatzeko eredutzat hartu du. Udal langileek zabor organikoa biltzen dute, gero konpostatzeko. Zizareek lagundutako prozesua baliatzen dute horretarako. Irudian, konpostatze gunea. (Javier TORRES | AFP) GAUR8 Santiago kanpoaldeko udalerririk txiroenean, kamioiek urte asko daramate biztanleen hondakin organikoak biltzen: La Pintana hiria birziklatzearen arloan eredugarri da Txilen, eta harago ere bai. Latinoamerikan hondakin kopuru handiena sortzen duen herrialdea da Txile, baina zati txiki bat baino ez du birziklatzen. La Pintanan, ordea, edukiontzietan edo kutxetan edo ateetan edo zuhaitzetan zintzilikaturiko plastikozko poltsetan utzitako patata, laranja, ahuakate edo beste fruitu edo barazki batzuen azalak egunero biltzen dira duela hamazazpi urtetik hona. Hiri honetako 190.000 biztanleen %15 baino gehixeago pobrezian bizi dira. Hau da, Txileko hiriburuko eta aldirietako tasarik handiena. Familia bakoitzak sortzen dituen hondakinen erdiak hondakin organikoak dira. La Pintana bilketa hori antolatu zuten Santiagoko lehen herrien artean dago. Herriko mintegi bat ere badu, zabortegi zahar baten gainean eraikia. Gero hiria berdatzeko erabiltzen diren 400 espezie ezberdinetako 100.000 landare hornitzen ditu urtero. «Niretzat, oso inportantea da hiriak ingurumena kudeatzeko ekimen hau hartu izana eta herritarrak motibatzea bereizketa egin dezaten», uste du Escarlett Isler udal langileak, bilketaz arduratzen den kamioiaren atzealdean finkatua den oinazpikotik. «Aldaketa bat izan da jendearengan, orain birziklatzeaz arduratzen dira eta ez dituzte barazki hondarrak gainerako zaborrarekin batera botatzen», dio Jose Verak, barazki denda txiki bateko jabeak, hondakin organikoz betetako bi kutxa kalera atera ondoren. Horrela, udal programak birziklatze kultura bat sortzea lortu du, batez beste pertsonako eta eguneko 1,13 kilo hondakin sortzen dituen eta %0,8 soilik birziklatzen duen herrialde batean, Ingurumen Ministerioaren arabera. Bilketa bukatutakoan, kamioiak Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren (DIGA) egoitzara itzultzen dira beren karga uzteko. Zabortegian egindako bereizketa azkar baten ondotik, hondakinak orgatiletan isuri eta konpostatze eremu batera eramaten dituzte. Zizareen bidezko konpostatze prozesua baliatzen dute. Zabor organikoa biltzen (Javier TORRES / AFP) Zirkulu bertutetsua «Lan honek aberastasuna ematen digu, poza ematen digu. Herria hobetzen ari da lorategiekin», adierazi du Jeannette Gonzalez udal langileak, udal kiroldegitik hurbil dagoen kale txiki bat landarez apaintzen duen bitartean. Munduko Bankuaren arabera, Txile da hondakin gehien sortzen dituen Latinoamerikako herrialdea, eta birziklatzeari dagokionez, berriz, Latinoamerikako batez bestekoaren (%4) oso azpitik dago, Latinoamerika eta Kariberako Ekonomia Batzordearen (CEPALC) arabera. Proiektu horri esker, La Pintanako herriak 20 tona hondakin organiko birziklatzen ditu egunean, eta urtean 100.000 dolar inguru aurrezten ditu. «Kudeaketa hori hartu genuenean, 200 metrotik behin zabortegi bat aurkitzen genuen udalerria zen. Gaur egun, ez dugu hori gehiago ikusten», adierazi du Claudia Pizarro alkateak. Hiriak nazioarteko hainbat sari jaso ditu programa horrengatik. «Zirkulu bertutetsua da: jendeak ikusten du zabortegi bat zegoen lekuan berdetasuna dagoela eta dena loratzen ari dela, eta leku horretan zaborra botatzeari uzten dio», gaineratu du. Prozesuaren beste irudi bat (Javier TORRES / AFP) Hondakin organikoak ez dira, hala ere, La Pintanan bigarren aukera bat duten bakarrak: herriko haztegiko hamabost langileen erdiak baino gehiago presoak dira. Presondegia lan komunitario batengatik trukatu dute. «Hemen sortzen den guztiak ere mesede egiten die, herriko seme-alabak baitira. Horrek pertenentzia sentsazioa ematen die», azpimarratu du ia zazpi urtez egituraren arduradun izan den Cintia Ortizek. Txileko Ingurumen ministroak, Maisa Rojasek, berriki lege proiektu bisatu bat iragarri du La Pintanako kudeaketa eredua herrialde osora zabaltzeko. Txile da hondakin gehien sortzen dituen Latinoamerikako herrialdea, eta birziklatzeari dagokionez, berriz, Latinoamerikako batez bestekoaren (%4) oso azpitik dago «Zirkulu bertutetsua da: jendeak ikusten du zabortegi bat zegoen lekuan berdetasuna dagoela eta dena loratzen ari dela, eta leku horretan zaborra botatzeari uzten dio»