14 JAN. 2023 IKUSMIRA Bolsonarozaleak, Planaltotik gainbehera? (Sergio LIMA | AFP) Dabid Lazkanoiturburu Kongresuan, Presidentetzaren egoitzan (Planalto) eta Auzitegi Gorenean indarrez sartu eta hiru egunera, asteazkenean, berriro kalera ateratzeko deia egin zuten bolsonarozaleek «boterea berreskuratzeko» . Auzitegiak errepideak moztea ekiditea agindu ondoren, inor ere ez zen agertu. Beraz, porrot egin du, Trump duela bi urte Kapitolioan saiatu zen bezala, Brasilgo estatu-kolpe saioak. Lularen Gobernuak herrialdeko gehiengo zabalaren babesa lortu du, baita kalean ere, eta kabinetea osatzeari berrekin dio, tartean Sonia Guajajara Jatorrizko Herrietarako ministro eta Anielle Franco (tiroz hil zuten Marielle Franco ekintzaile beltz eta lesbianaren ahizpa) Arraza Berdintasunerako ministro izendatuta. Hala ere, galdera asko daude erantzuteko: esaterako, militarren isiltasuna eta zenbait poliziak erasotzaileen aurrean erakutsi zuten moteltasuna. Momentuz salbu dago Brasilgo demokrazia, eta ia mundu osoaren babesa jaso du, baina oker legoke arriskua guztiz gaindituta dagoela uste duena. Bolsonaro bera ez bada, bere jarraitzaileek, behintzat, ez dutelako amore emango eta, gainera, Kongresuan lehen indarra direlako. Kanpotik eta barrutik.