14 JAN. 2023 MANIPULAZIO TEKNIKAK Gas-argia, indarkeria psikologikoaren modu sotila, pertsona batetik besterako manipulazio isila Gas-argia edo «gaslighting»-a esaten zaio; film batetik hartutako izena. Konstruktu psikologiko gisa erabat zehaztuta ez dagoen arren, honela defini daiteke: pertsona batetik besterako manipulazioa, pertsona horrek zalantzan jar ditzan bere pertzepzioak, esperientziak edo gertaeren ulermena. Gas-argia deiturikoa manipulazio psikologiko modu bat da. (GAUR8 | GAUR8) GAUR8 Egozentrikoa, segurtasunik gabea, gezurretan eroso sentitzen dena eta enpatiarako gaitasunik gabea: gaslighting-a egiten duenaren profila da, bikote harremanetan eta harreman profesional jakin batzuetan ohikoagoa den manipulazioa. Norberaren pertzepzioa eta oroitzapenak zalantzan jartzea, segurtasunik eza sentitzea, autoestimu txikia izatea, bere burua ixtea eta bere buruaz zalantzak izatea. Horiek dira, adituen hitzetan, gaslightingaren biktima batek -gas-argia jasan ohi duena- bizi eta sufritu ohi dituen faseak. Konstruktu psikologiko gisa erabat zehaztuta ez dagoen arren, gas-argia egitea honela defini daiteke: pertsona batetik besterako manipulazioa, pertsona horrek zalantzan jar ditzan bere pertzepzioak, esperientziak edo gertaeren ulermena. Biktimaren eta gaslighterraren arteko harremanean, «biktimak nahasmen prozesu geldo eta sotila pairatzen du, bere esperientzia eta oroitzapen guztiak zalantzan jartzen ditu eta, aitzitik, bestearen irizpideari balio eta lehentasun handiagoa ematen dio». Gas-argia indarkeria psikologikoaren modu sotila da, «inkontzienteki baino, intentzioz eta kontzientziaz egiten den eraso bat, biktimaren egonkortasun emozionalari eraso egiten diona», nabarmendu dute adituek. Erasoa jasan duen pertsonak, azkenean, barkamena eskatzen du maiz, bere buruari errua botatzen dio inguruarekin bat ez egiteagatik (behar duen zerbait) eta ondo baloratua izaten saiatzen da. Are gehiago, «bere esperientziak isilarazten ditu, berriro epaitua ez sentitzeko, eta zaila egiten zaio besteekin harremanak izatea eta erabakiak hartzea». Erasotzailearen profila Gaur egun, adituak saiatzen ari dira eremu profesionalean indarkeria psikologiko mota horren ezaugarriak zehazten. Adibidez, Michigango Unibertsitatea istorioak biltzen ari da “The Gaslighting Project” izeneko proiekturako, non manipulazio mota horren biktimak gonbidatzen diren haien esperientziak kontatzera prozesu horren dinamikak deskubritzeko. Baina ba al dago gaslighter edo abusatzaile profilik manipulazio teknika honetan? Adituen hitzetan, «boterearen erabilerarekin eroso sentitzen da, egozentrikoa da, enpatizatzeko zailtasunak ditu eta ez da seguru agertzen ezbeharrei aurre egiteko orduan». Halaber, erosoa egiten zaio «gezurra esatea, ukatzea, zalantza eragitea, epaitzea eta biktimarengan ondoeza sortzea». Enpatiarako zailtasun horren ondorioz, beste pertsonarengan «segurtasun falta» sortzen du, errudun sentitu gabe. Gas-argiaren kontzeptua ez da berria. Izan ere, 1944ko “Gaslight” filmaren bidez egin zen ezagun. Film hori izen bereko antzezlan batean oinarritu zen, non gizon batek emaztearen errealitatearen pertzepzioa manipulatzen duen eta erotu egin dela sinetsarazten dion. Urte asko geroago, 1969an, Russell Bartonek eta J. A. Whiteheadek kontzeptu hori erabili zuten, psikiatriaren esparruan, “The Gas-Light Phenomenon” artikuluan, non azaltzen zuten nola pazienteen bikotekideek eta senideek patologia psikiko larriak zituzten pertsonatzat hartzen zituzten, eta ondorioztatzen zuten garrantzitsua zela kasu bakoitza banaka aztertzea gaixotasun hori existitzen zela egiaztatzeko. Bikote eta lan ingurunea Familia eremua indarkeria psikologikoko dinamika horiek garatzeko esparru ohikoenetakoa da, baina ez da bakarra. Adituen hitzetan, «botere harremanetan eta mendekotasun emozionalean gertatzen da nagusiki indarkeria mota hori. Normalean bikote harremanetan eta harreman profesional jakin batzuetan gertatu ohi da». Hala ere, praktika horiek ikastetxean (eskola jazarpena) eta lanean (lan jazarpena) gerta daitezke. Aipatutako filmean bezala, gas-argia ematen duen abusatzailearen asmoa da manipulatzen duen pertsonak errealitatea hautemateko duen moduarekiko konfiantza galtzea. Indarkeria fisikoa ez denez, zailagoa da seinaleak antzematea, bai biktimarentzat, bai inguruarentzat. Hala ere, tratu txar mota guztietan gertatzen den bezala, ondorioak ere uzten ditu, nahiz eta hain agerikoak ez izan. Hona hemen adibide batzuk: biktimak bere irizpide eta buruari buruz beti zalantza izatea, bere osasun mentala zalantzan jartzea, gero eta segurtasun falta eta mesfidantza handiagoa izatea, ikasitako babesgabetasun-sentsazioa eta autoestimu-maila txikia, bai eta tratu txarrak ematen dituenarekiko mendekotasun emozionala ere. Biktimarengan ohikoa izaten da honako sentipen hau: «Balidatzen banau, segurtasuna ematen dit». Eta zenbat eta mesfidantza handiagoa sortu biktimarengan, are eta handiagoa da mendekotasuna. Gurpil zorotik irtetea Gaslighterrak sortzen duen kodependentzia erlazioak zaila egiten du lotura hori haustea. «Bizi izandako prozesua urrutitik ikusten utziko digun norbaitengan konfiantza izan behar dugu», nabarmendu dute adituek. Manipulatzaile baten eta gas-argiaren biktima baten arteko harremanak bost fase dituela diote psikologoek. «Lehenik eta behin, manipulatzaileak zalantzan jartzen du biktimaren esperientzia. Gero, zalantzan jartze horretan boterea irabazten du. Hirugarren fasea biktimarengan mesfidantza eta segurtasunik eza sortzean datza, baita gertatzen ari denaren inguruko biktimaren irizpidea baliogabetzean ere. Horren ondorioz, boteretsuago bihurtzen da harekiko harremanean (laugarren fasea), eta, azkenik, mendekotasuna sortzen du harreman horretan». Horrela, tratu txar psikologikoak biktima mendekoa izatea eta haren iritzietan sinesteko gaitasuna galtzea lortzen du. Nola amaitu harreman hori eta abiapuntura itzuli? Psikologoek aholku batzuk ematen dizkiete gas-argiaren biktimei, behin haien egoeraz jabetuta, esperientzia horretatik atera ahal izateko: gainerako pertsonekiko komunikazio-prozesuez eta haien eraginaz jabetzea, hain zuzen ere, harreman osasuntsuak eta manipulazio psikologikoak intoxikatutakoak bereizteko; gure barruarekin, beste pertsona batzuekiko harremanaz ongi eta gaizki sentiarazten gaituenarekin, loturan bizitzea; konfiantza pertsonala areagotzea eta geure buruaz, autokontzeptuaz eta autoestimuaz ziur sentitzea; geure buruarekiko konfiantza kognitiboa areagotzea, bai norberaren intuizioari dagokionez, bai gure irizpide, pertzepzio eta esperientzien fidagarritasunari dagokionez; geure burua eta geure egia legitimatzea; geure irizpidea eta iritzia defendatzea eta aldarrikatzea; pentsatzeko baimena ez ezik, desberdin sentitzeko baimena ere ematea; geure burua onartzea, beste norbaitek onartu edo balioetsi behar izan gabe; gainerako pertsonak beti distantzia batera edukitzea, eta, azkenik, harreman pertsonal ugari izatea, pertsona bakar batengan edo batzuengan zentratu beharrean. Gas-argia ematen duen abusatzailearen asmoa da manipulatzen duen pertsonak errealitatea hautemateko duen moduarekiko konfiantza galdu eta etengabe zalantza izatea Indarkeria fisikoa ez denez, zailagoa da seinaleak antzematea, bai biktimarentzat, bai inguruarentzat. Hala ere, tratu txar mota guztiek bezala, ondorioak uzten ditu