18 FéV. 2023 { KOADERNOA } Zentzurik gabeko notak Iker Barandiaran Duela gutxi elkarrizketatu nuen lagun musikazale batek aitortu zidan musikak gauza asko eman dizkiola eta (bere) bizitzari zentzua eman diola. “Entzun”-erako elkarrizketatu nuen (bai, oraindik existitzen da eta 2022an urtekaria kaleratu zuten!) eta ez, laguna ez da musikaria, baina musikazale amorratua bada eta bere tamainan -berak aukeratutakoan, alajaina- horren eragilea. Izan ere, batzuek sortutako musika plazaratzeko eta beste askok hori entzuteko beste jende asko behar da gerizpean (edo ez). Musikak bizitzari zentzua eman ziola entzuteak zer pentsa eman zidan, duen indarragatik eta sakoneragatik; baita horren faltan bizitza nolakoa izango zuen jakin nahian ere. Dena dela, jakinaraziko dizuet lagunak badituela, musikaz gain, oso muturreko beste zaletasun batzuk ere: bizikleta, kasu. Hortaz, bestela ere, salbatuko litzateke. Kar, kar. Ez dakit esaten musikak nire bizitzari zentzua eman dion, baina argi daukat niretzat iparrorratza izan dela, norabidea eman didana eta zentzu askotan aberastu nauena. Lehen kaseteak Hertzainak, RIP, Cicatriz, Barricada…-renak izan ziren, jakina. Garai hartan topagune genituen taberna-zulo, gaztetxe, jai eta bestelakoetan haiek ziren etengabeko soinu banda; hainbeste, ezen -orain ez bezala- buruz bainekizkien haietako asko. Eta haietako askok leku eta momentu jakin batzuetara eramaten dute oraindik ere nire oroimena ezinbestean. Gainera, talde haiek lagundu zidaten oso modu grafikoan testuinguruan jartzen eta ulertzen kalean garai hartan ikusi eta bizi nituen gauza asko. Gerora grabatzen eta partekatzen hasi ginen talde atzerritarren kantak. Hitzak ulertu ezean musikarekin bidaiatzen genuen gustura. Gaur egungo begiradarekin -eta testuinguruarekin- ikusita, estralurtarra eta erabat sinplista badirudi ere, garai hartan hemen gazteok hautu bat egin beharra genuen punk eta heavyaren artean. Nik lehena aukeratu nuen, eta eskertuta nago erabat hautaketa hori egin izanaz. Izan ere, punkak, erdibideko Oi!aren estropezuarekin, hardcorera eraman ninduen, eta horrek, -askok uste duten baino- musika estilo zabalago bat deskubritzeaz gain, gauzak ulertzeko eta egiteko modu berriak irakatsi zizkidan: begiak zabaldu, kritikoago bihurtu eta herrian bertan genituen gaztetxe mugimenduetan inplikatu nintzen, lorpenak, esperientziak eta poztasunak, askotan, egiteko moduak berak, konbikzioak eta inguruan osatutako kolektiboek bermatzen dituztelako. Hori gutxi ez, eta musikak idazteko neukan eta daukadan grina azaleratzeko bide berri eta interesgarri bat ere eskaini zidan. Tira, eskaini baino, arakatzeko zirrikitu bat erakutsi zidan, non gustura eta motibatuta jarraitzen dudan. Horren bitartez edo horri esker ikasitako (edo hobetutako) hizkuntzaz, egindako lagun ugariez zein bidaiatu izanaz ere mintzo ahal izango nintzateke luze eta erraz, baina ezin aipatu gabe utzi garai luze batean auzokoek sufritu behar izan zuten “doble pletinako loro” haren burrundara; zer esanik ez, gurasoek. Baita, saihesbide eta autobiderik gabeko errepide haietan barrena, abuztuko auto bidaia luze haietan gurasoei ematen nien “matraka”. Kar, kar. Horregatik, gaur egun neuk sufritzen baditut ere, ondo baino hobeto ulertzen ditut semeen eskaera eta bluetooth saioak, moduren batean edo bestean haiek ere aberastuko dituztelako eta pentsaera irekiko dietelako. • Ez dakit esaten musikak nire bizitzari zentzua eman dion, baina argi daukat niretzat iparrorratza izan dela; norabidea eman dit eta zentzu askotan aberastu nau