GAUR8 - mila leiho zabalik

Irribarria, edo telebistan ikusten ez dena


Euskal Telebistako “Gure kasa” saioan gonbidatuta, Telleria anaiek Iban Mayo txirrindulari ohia elkarrizketatu zuten duela urte batzuk. Bere ibilbideari errepasoa eginez, 2003an Alpe d’Huez gainean lortu zuen Tourreko etapa garaipen gogoangarriaren irudiak erakutsi zizkioten, ia horiek ikustean zer oroitzapen zetozkion galdetuz. Erdi serio erdi txantxetan, halaxe erantzun zuen Igorreko txapeldun handiak: «Kristoren gosea pasatzen nuela».

Izan ere, oso gutxitan ikusarazten da goi mailako kirolariaren ezkutuko sufrimendua. Aste honetan, adibidez, kirol mundua aztoratu duen albistea Iker Irribarriaren agurra izan da. Harrigarria egin zaigu, aurreko larunbatean Binakako Txapelketa nagusiko partida jokatu -ongi jokatu eta irabazi- zuelako Rezustarekin Laso eta Eskirozen aurka. Eta asteartean bertan beste partida bat jokatu zuelako Tolosan.

Baina azalpena, argia, berak eman zuen: minez amaitzen zituen neurketak. «Partiden ondorengo egunean ez nauzue inork ikusi» argigarri batekin laburbildu zuen arazoa Eibarren eman zuen prentsaurrekoan. 2021eko martxoan eskuin belaunean egin zioten ebakuntzak ez du amaitu bere oinazeekin eta 26 urterekin utzi beharko du pilota profesionala historiako Buruz Buruko txapeldun gazteenak.

Hala ere, eta goi-mailara inguratzen den gazteak dena poza eta algara ez dela azkar antzeman ohi duen arren, kirolak badu zerbait oso erakargarria, gizakia bereziki liluratzen duena: historiara pasatu eta jendearen oroitzapenetan iltzatuta geratzea. Mayoren garaipena sekula ahaztuko ez dugun bezalaxe, Irribarriaren 2016ko sotamanoak ere ez ditugu inoiz ahantziko. Eta halaxe opa diot berari ere, bere pilotari urteak gogoratu ditzala irribarre batekin, minak erabat ahaztuta. •