GAUR8 - mila leiho zabalik

Kitaro Caravansary-ren erritmora


Ez dut oroitzen ostiral bat preso eta iheslarien aldeko enkarteladarik gabe Donostiako Parte Zaharrean. Ostiralero-ostiralero, beroa nahiz hotza egin, Ertzaintzaren probokazio eta kargekin, galerna sartu nahiz txingorra bota… Hantxe ateratzen zen musika berbera (Kitaro Caravansary) zeraman kotxea, atzean pankarta eta ondoren bi ilaratan hamarnaka eta ehunka herritar sorbalda gainean lagun edo senidearen argazkia zeraman kartelari helduta, ia besarkatuta.

Umetan ama eta anaiarekin oroitzen ditut ostiraletako bueltaxka horiek. Plaza Berrira iritsi eta paretaren aurka txukun-txukun jarrita zeuden kartelak banan-banan. Lehendabizi, gertuko lagun bat bilatzen genuen; hartuta bazegoen, auzoko norbaiten irudia aukeratuko genuen, eta hori ere norbaiten eskuetan egonez gero, edozein preso politikorena hartuko genuen. Askotan, zuzenean iheslarien silueta beltza hartu izan dugu zuzenean, hormaren kontra gelditzen ziren azkenak.

Urteak aurrera, lagunekin edo auzokoekin joaten nintzen, erritual berberak eginez.

Ondoren, ni preso izanik, barreraren beste aldetik bizi izan nuen, jakinik norbaitek nire argazkia zuen kartela hartuko zuela ostiralero arratsaldeko 20.00etan.

Euskal preso politikoen kolektiboak 700dik gora preso izan zituenean ere ez zen kartel bakar bat ere geratzen paretaren kontra. Hantxe zituen bi esku Donostiako kaleetan paseatzeko. Bere etxeratzearen aldeko aldarriekin norbait, ezaguna edo ez, berarekin gogoratzen zela adierazteko.

Orain, 34 urte luze ondoren, Donostiako Parte Zaharreko enkartelada, beste herri eta auzo askotakoa bezala, azken ostiraletan soilik egingo da. Oraindik ere ehundik gora preso eta 25 iheslari eta deportatu ditugu etxeratzerako aldarria egiteko, azkena etxera aske eta bizirik iritsi dadin bidea ez baita amaitu.

Atzokoa berezia izan zen. Lerro hauetatik, mila esker urte hauetan guztietan ostiralero enkartelada antolatzen eta parte hartzen ibili zareten guztiei. •