GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Kontakatilu kalakalari

Besteei buruz hitz egiten dugu gutaz ez hitz egiteko. (Anastasia MOLOTKOVA | GETTY IMAGES)

Bada gure artean harremantzeko modu berezi eta kuriosoa, geureak ez diren kontakizun eta istorioak besteei kontatzeko une paregabea. Herritik entzuten diren zurrumurru eta txutxu-mutxuek askotan inguratzen gaituzte, besteez ustez dakigunak gure errealitatea sortzen du: «Hura Mirian da», «Separatua dagoena eta bere alabarekin bizi dena?», «Bai, neska, okindegikoaren alaba, sorgin horrena bai». Besteez ustez dakigunak gure harremanak baldintzatzen ditu; batzuetan gure onerako eta besteetan, gure kalterako.

Behin irakurri nuen txutxu-mutxuek gure espeziean izugarrizko garrantzia izan dutela eta daukatela. Munduan banatutako pertsonen artean lotura sortzeko balio dutela; nahiz eta ezezagunak izan, beraiei buruz jakiteak nolabait lotu egiten gaituela elkar. Lotura horrek kolektibo bat garela sentiarazten gaitu eta hainbat egoeratan kooperatzera eraman. Egia esan behar badizuet, ez nuen sekula horrela pentsatu eta egia esaten jarraituz, bere alde kaltegarrienak askotan kezkatu egiten nau. Ez naiz txutxu-mutxu zalea, ez ditut gustuko eta nahiz eta ulertu haien erabilera eta balioa dutela, uste dut aspaldi galdu genuela norabidea.

Kuriosoa da, oro har, halakoak kontatzen ditugunean, guretzat gauza negatiboak direnean soilik egiten dugula. Agian ez soilik, baina gehienetan esango nuke baietz. Hau da, besteak estropezu egiten duenean, huts egiten duenean, lotsagarria den zerbait agertzen denean… joaten gara korrika besteei kontatzera; «Ke fuerte, enteratu zara?». Kooperazioak baino, uste dut lehiak mugitzen gaituela. Besteak huts egiten duenean, norbera indartzen dela. Besteei buruz hitz egiten dugula gutaz ez hitz egiteko, gure min eta hauskortasunaz ez mintzatzeko.

Guztiak gara zurrumurruen subjektu eta objektu; batzuk gehiago eta besteak gutxiago. Eta hemen geratu nahi nuke. Normatik kanpo daudenak zaurgarriagoak dira besteen ahotan egoteko, epaiak jasotzeko, eta beraiei buruzko zurrumurruek besteen bizitzei zentzua emateko. Desberdin bezala izendatzen ditugunak begiratuagoak (eta ez ikusiak) eta epaituagoak dira. Agian horretarako ere badira halakoak: berdinak-onak eta desberdinak-gaiztoak sailkatu eta mantentzeko. Ez dakit.

Benetan zer axola dizu hark harreman irekia duen ala ez? Neskak dituen gustuko, larrua jotzen duen, galtza estuak dituen, mozkortu egin den, ez-bitarra den, banatu egin den? Zein zara zu esateko beste edozeini zer pentsatzen duzun bere bizitzeko moduaz? Eta orain norbaitek erantzungo dit: «Bada, besteek egiten dutenak nigan ere eragina du eta hemen nagoen bitartean, hitz egin eta komentatzeko eskubidea dugu». Eskubidea, ahalmena, gogoa… nahi duzuen bezala esan. Nahi nuke nork bere buruari galdetzea ia zertarako ari gatzaizkion esaten hori horri. Zertarako esango diodan norbaiti beste bati gertatu zaion zerbait, zertarako iritzia eman ia haren identitatea zer iruditzen zaizun, zertarako esan beste horren desira ez dagoela ondo.

Nahi nuke norberak bere buruaz gehiago hitz egitea, gertatzen zaigunaz, garenaz. Oso erraza da gainerakoei buruz hitz egin eta iritziak ematea eta barrura ez begiratzea. Iritziak merkeegi saltzen dira askotan eta gauza merkeak askotan garesti ateratzen dira. •