04 MAR. 2023 PANTAILA TXIKIAN Transexualitatea pantailan: zenbait hausnarketa eta gomendio Amaitu da aurtengo Berlingo Nazioarteko Zinemaldia eta, zalantzarik gabe, edizio historikoa izan da euskal zinemagintzarentzat. Lehenik, Estibaliz Urresolaren «20.000 especies de abejas» Sail Ofizialean lehiatu delako; euskal zinemagile batek Berlinaleko Sail Ofizialean bere lehen filma erakusten duen lehen aldia da. Bigarrenik, filmaren protagonistak, 8 urteko Sofia Otero basauriarrak, aktorerik onenaren Zilarrezko Hartza irabazi duelako. Eta, batez ere, filmak jorratzen duen gaiak muga guztiak gainditu dituelako: sexu aniztasunaren aldarria egiten du lanak, haurren errealitateak ardatz hartuta. Hori da gaurko gomendioetarako izan dudan inspirazio iturria eta erdigunean kokatu nahi dudan gaia: transexualitatea pantailan txikian. Sofia Otero, 9 urteko aktore basauriarra, Berlinen irabazitako Zilarrezko Hartzarekin. (Tobias SCHWARZ / AFP) Gaizka Izagirre Historia apur bat Zinemaren historiako lehen mende osoa aztertu beharko bagenu, trans pertsonak filmetatik sistematikoki ezabatu direla erraz ondorioztatu daiteke. Europako Zinema Berria delakoa -R.W. Fassbinder zuzendaria, esaterako- edota zinema independentea iritsi zen arte, ia ezin zen ulertu patologizatzailea edo karikatureskoa ez zen transexualitatearen tratamendurik. “Arauz kanpoko” identitate eta sexualitateek burlesque eta underground kulturan adierazpen lekua aurkitu zuten arren -90eko hamarkada hasieran New Queer Cinema delakoa osatu zutena- ez da identitate transgenekoarekin nahastu behar. «20.000 especies de abejas» eta Naizen elkartea Argi geratu da bi izen horiek irmoki lotuta daudela, eta gaia aipatzen hasita, ezinbestekoa iruditzen zait elkarte horrek egiten duen lana goraipatzea. Euskal Herriko adingabe transexualen familiak biltzen dituen elkartea da eta helburu nagusia familiei laguntza, trebakuntza eta orientazioa ematea da. Sofia Oterok aktore onenaren Zilarrezko Hartza jaso zuenean eta esker on mezua zabaltzen hasi zenean, Naizen ere aipatu zuen. Elkartetik larunbat gauean bertan zabaldu zuten erantzuna sare sozialetan: «Naizen elkartetik, begiak malkotan eta bihotzak irribarrez, geure Sofia Otero maitea zoriondu nahi dugu (…) Film zoragarri honek haurren transexualitatera hurbiltzeko aukera emango du, ez aurreiritzi, diskurtso edo ideietatik, baizik eta bertatik, ikusia izateko beharra duen neskato horren bizipenetik, familia horrek gertatzen ari dena ulertzeko, onartzeko eta laguntzeko bizi dituen zailtasunetatik. Film honek ikuslearen bihotza ukituko du, gai unibertsalei buruz hitz egiten baitu: onarpen-beharra, beldurrak, zaurgarritasuna, entzutearen garrantzia, konplizitatea, maitasuna... baldintzarik gabeko maitasuna. Istorio unibertsala, aniztasunari kantu bat». Mezua osorik elkartearen Instagram kontuan irakur daiteke. Transexualitatea telesailetan: fikzioa Filmetan ez dut gehiegi sakonduko, telesailetan zentratu nahi dudalako. Garrantzitsua da oso pertsona transgeneroen errealitatea fikzioan islatzea eta horiei buruzko istorioak diren bezalakoak zintzoki lantzea, jakina, baina are garrantzitsuagoa iruditzen zait, alde batetik, gai horiek jorratzeko benetako aktore transexualak erabiltzea eta, batez ere, telesailaren erdiguneko gaia hori ez izan arren, pertsona horiei aukerak ematea (sortzaile, aktore edota gidoilari). Hobeto azalduko dut. “Euphoria”-n, adibidez, Hunter Schafer aktore transak Jules Vaughn pertsonaia gorpuzten duen arren, haren genero identitatea ez da telesailaren gatazka nagusia eta erabat normalizatua eta txertatua dago gidoiaren barruan. “Orange is the New Black” edota “Glee” ere horren adibide dira. «Euphoria» telesailaren irudi bat. Beste aldean, bada polemika apur bat sortu zuen film bat eta aipatzen dudan diskurtso horren kontrakoa dena: “The Danish Girl” (Tom Hooper 2015). Eddie Redmayne aktoreak (gizon zisgeneroa) pertsonaia transexual bat gorpuzten du, benetan existitu zen Lili Elbe artista daniarra. Ordura arte ohikoa zen transexualak ez ziren aktoreek pertsonaia transak gorpuztea; Hillary Swank (“Boys Don't Cry”) eta Jared Leto (“Dallas Buyers Club”) aktoreek, adibidez, Oscarretan arrakasta itzela lortu zuten pertsonaia transexualak interpretatzen. Orduz geroztik, zorionez, zinemak aurrera egin du pixkanaka, sexu-aniztasun eta trans pertsonen irudikapen handiagorantz. “Tangerine” (2015) edota “Una mujer fantastica” (2017) lanetatik aurrera badirudi joerak positiboa izaten jarraitzen duela. Goazen pantaila txikiko adibide interesgarri batzuekin: Veneno (Atresmedia) Zoragarria da Javi-ek burutu duten lana, emozionalki oso boteretsua eta bihotzaren hondoraino sartzen den horietakoa. Cristina Ortizen bizitza kontatzen dute: ‘La Veneno’ bezala ezagunagoa, Espainiako transexual ezagun eta ikonikoenetako bat izan zen. Denboran zehar egindako bidaia txundigarria iruditu zait, telebistaren atzealdeetatik hasi eta Cristinaren bizitza osoko ibilbideraino, maisutasun eta maitasun ikaragarriz kontatua. Frankismo osteko Espainia atzerakoi, homofobo eta ultra-katolikoaren erretratu leiala ere margotzen du, estandar jakin baten barruan sartzen ez zen edota egokitzen ez zen oro gaizki tratatzen eta umiliatzen zuenarena. “Veneno” bezalako ekoizpenak existitzea beharrezkoa iruditzen zait. Pertsonaia gustatu ala ez, ikusi egin beharko zenukeen telesaila da. Cristina Ortiz beste adibide bat besterik ez baita, trans pertsonek ikuspuntu fisiko zein emozionaletik bizitzan zehar jasan behar dutenaren lagin bat erakusten duena. Javi-ek espainiar telebistako panoraman iraultza txiki bat lortu dute. Transparent (Amazon) Hiru anaiek aitaren deia jaso dute. Mort Pfefferman-ek (Jeffrey Tambor) afaria antolatu du etxean, bere bizitzan zerbait aldatzen ari dela azaldu nahi die. Seme-alabek minbizia duela susmatzen dute, baina ez, aitak ukatu egingo du, eta, hiruren erreakzio egoistak ikusita, hasieran ez du bere sekretuaren berri emango. Telesailaren lehen kapituluetan, bere identitate transgeneroa jakinaraziko die eta nola Mort Maura izatera pasatuko den. Telesailak, 2014an estreinatu zenean, aurrerapauso handia ekarri zuen transgeneroaren telebistako figurazioan, adierazpen mesprezagarri edo biktimizatuetatik urrun. Pose (HBO Max - Disney +) Ryan Murphy-k sorturiko telesail hau New York hirian 80ko hamarkadaren amaieran girotuta dago. Protagonistak LGTBIQ+ kolektiboko pertsona afroamerikarrak eta latinoak dira; nagusiki emakume transak. Aurrez aurre izango dituzte hiesaren pandemia, drogen mundua, prostituzioa eta LGTBfobia, beste hainbat auzi sozialen artean. Telesailaren pertsonaia biziki interesgarriez eta gai mamitsuaz harago, sarean topatu dudan EHU-ko Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko lan bikain bat ere goraipatu nahi nuke. Izan ere, Andrea De Moura Arrojeriak sakon heldu dio bertan ondorengo gaiari: “Hizkera inklusiboaren azterketa ‘Pose’ telesailaren gaztelaniazko azpitituluetan”. «Luzaroan patriarkala eta binarioa izan den gaztelania eraldatzen ari da. Jabetzen ari gara hizkuntza-joera baztertzaileek gizarte-generoei egiten dieten kalteaz, eta, ondorioz, gero eta indar handiagoa hartzen ari da pertsona guztiak aintzat hartuz hitz egiteko joera. Lagunarteko berbaldietan ez ezik, baita testuinguru formalagoetan ere, hala nola, ikus-entzunezko produktuetan. ‘Pose’ telesaila izan zen ikus-entzunezko arloan hizkera inklusiboa erabiltzen lehena, Latinoamerikarako egindako azpitituluetan ‘-e’ morfema neutroa edo ez-binarioa erabili zutenean». Hemen lana osorik: https://labur.eus/9R8tY Dokumentalak: errealitatearen isla Dokumentalek egun duten indarra ikaragarria iruditzen zait. Egia da, historiari erreparatuz gero, betidanik izan direla hainbat gai salatzeko edo errealitate gordinak deskubritzeko ezinbesteko erreminta, baina azken urteotan bereganatu duten lengoaia zinematografikoa eta hunkiberatasun maila itzelak iruditzen zaizkit. Hemen ere ezin guztiak aipatu, baina honako hauek bereziki interesgarriak iruditzen zaizkit. Petite fille (Filmin) Zazpi urteko Sasha mutil baten gorputzean harrapaturik dagoen neska da. Sebastian Lifshits zuzendariak era delikatu eta oso arretatsua erabiliz islatu du Sasharen eta haren ingurukoen esperientzia, dokumental eredugarri, hunkigarri eta zoragarri hau eraikitzeko. Dokumentala amarekin duen elkarrizketarekin hasten da. Hasieran, errua eta mina sentitzen dituen ama baten beldur errepikariak agertzen dira. Izan ere, ordura arte alabak bakarrik sentitu eta bizi behar izan baitu hori guztia. Interesgarria iruditzen zait istorio horrek gurasotasunean zein eragin duen azaltzea; gurasoak eredugarriak baitira arrazoinamendu eta portaeretan, baita anai-arrebak ere. Transit (TV3 nahieran) Dokumental hau adingabe transexualen familietan murgiltzen da lehen pertsonan azaltzen diren bost kasuren bidez: David (6 urte), Estrella (11 urte), Raquel (14 urte), Mario (17 urte) eta Marta (23 urte). Trantsitua egin aurretik eta lekukotasun hunkigarrien bidez, gazte hauen sufrimenduaren eta gurasoek onarpen prozesuan maiz bizi izaten dituzten zailtasunen lekuko bilakatzen gaitu. Mikele (Filmin) Ekhiñe Etxeberria iruindarrak zuzenduriko lan honek nerabezaroaren konplexutasunei buruz hausnartzen du. Mikele Uharten bizi den 16 urteko nerabe bat da. Gainerako gazteentzat bezalaxe, bizitza ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta etorkizuneko planetan pentsatzen hasteko unea da beretzat ere. Herrian kuadrillarekin izandako esperientziaren bidez, Mikelek transexualitatearen ikuspegi alternatiboa deskribatzen du dokumental honetan. Transhood (HBO Max) Kansas hirian bost urte baino gehiagoz filmatutako dokumental honek lau haur transgenerori jarraitzen die (4, 9, 12 eta 15 urtetik aurrera) nerabezarora hurbiltzen ari diren bitartean. Familia transgenero gisa, familiek nola borrokatzen duten, eraldatzen diren eta, batzuetan, ustekabeko asmoak aurkitzen dituzten erakusten du. Dokumental honek ezjakintasunaren eta diskriminazioaren zimenduak eraitsi nahi ditu, trans pertsonekiko gaur egun ere existitzen direnak. Eskoletan jarri beharko litzatekeen dokumentala. Disclosure: Trans Lives on Screen (Netflix) Transexualak zineman nahiz telebistan aurkezteko modua aztertzen du dokumental honek. Azterketa hori Hollywoodeko gremioko pentsalari eta sortzaile garrantzitsuenekin burutu da: Laverne Cox, Lilly Wachowski, Yance Ford, Mj Rodriguez, Jamie Clayton eta Chaz Bono, besteak beste. Artxiboko material zabala erabiliz, lan honek ikusleari zinemagintzan trans pertsonekin zer ez den egin behar erakusten dio. Emakumezko aktore transexualek prostitutak gorpuztearen normalizazio trakets eta bidegabea, esaterako, edota sarri askotan polizia-telesailetan hildakoak transexualak izatea. Zoritxarrez, inongo plataformatan topatuko ez dituzuen arren, beste bide batzuetatik ikusteko aukera baduzue, beste bi izenburu hauek ere gomendatu nahi dizkizuet: alde batetik, bere herrialdea uztera behartuta, Ugandako neska gazte transgenero bati jarraitzen dion “The Pearl of Africa” dokumentala. Eta, bestetik, Mathis familiaren eta 6 urteko alaba transexualaren (Coy) istorioa azaltzen duen “Growing Up Coy” lana. Adibide gehiago Filminek badu gai honi eskainitako azpikanal propioa, 70 izenburu inguru biltzen dituena: https://www.filmin.es/catalogo/tema/transgenero. Eta, bestalde, Naizen elkartearen webgunean “baliabideak” atalean eduki interesgarri ugari ere topatuko duzue (naizen.eus/eu/baliabideak).