GAUR8 - mila leiho zabalik
EUSKARAZKO KOMIKIA

2022a urterik onena izan da, kopurua bikoiztu baina kalitateari eutsiz

Igor Leturia komikizaleak Eibar.org-ko bere E-gor blogean idatzi zuen artikulu bat du abiapuntu erreportaje honek. Kalitateari zein kantitateari begira, 2022a euskarazko komikigintzaren «urrezko urte» izendatzen zuen bertan. Horren irakurketa egin dugu Leturia bera, Ainara Azpiazu Axpi «Utzi Azalari» nobela grafikoaren sortzailea, Julen Gabiria «Maus» euskarara ekarri duen itzultzailea eta Iñaki Otamendi Komikipediaren egilea lagun hartuta.

Iñaki Otamendi Komikipediaren egilea, Koldo Mitxelena kulturuneko komikitegian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskarazko komikigintzaren urterik onena izan zen 2022a. Hala baieztatu zuen Igor Leturia Azkarate komikizale eta informatikariak E-gor bere blogean. Komikipediak erregistroa gordetzen duenetik (hau da, 2000tik) ez da parekorik izan, ezta 1980ko hamarkadako urrezko urteetan ere. «Gozamen hutsa, komikizale eta euskaltzale garenontzat».

Mende honetan etengabekoa izan da goranzko joera: lehen hamarkadan 10 komikitik behera ateratzen ziren, bigarren hamarkadan 20tik gorako kopuruan egonkortu zen, eta azken bost urteetan 30 baino gehiago izan dira. Bada, iaz 67 izan ziren. Gainera, sorkuntza propioak eta kanpoko lanen itzulpenak maila berean goititu ziren.

Zergatik gertatu da?

Leturiarentzat «harrigarria» izan da kopurua bikoiztea, «ez baita erraza». «Azken urteetako gorakada horrek prestigio bat eman dio euskarazko komikigintzari, eta gero eta jende gehiago animatzen da: komikigileak, argitaletxeak zein itzultzaileak». Aurten 40 argitaratzen badira, kopuru polita izanen da, bere ustez. Zantzu positibo batzuk badaude 2023 hau ere urte ona izanen dela aurreikusteko. Dozena bat manga iragarri dituzte, adibidez. Orain arte ez da arrakasta handiko komiki mota hau euskaraz izan eta 2022 amaieran hiru atera ziren.

Nabarmentzekoa da euskarazko komiki kopurua bikoiztu dela kalitatea mantenduta. «Obra on eta oso onen proportzioa aurreko bera izan da, eta lan bikainak izan ditugu». “Amaiur! Libera State”, “Natasha”, “Orreagako kronikak 2 - Munjoie!”, “Utzi azalari”, “Lurbinttoko ohoinak”, “Ni ez naiz Mikel Laboa”, “Subnormala”, “Iratxo txikia eta shatranj partida”, “Inoiz ez 2 - E eguna” eta “No sleep till Shengal” dira adibide.

Mugarriak

Mugarriak izan diren gauzak gertatu dira. Art Spiegelmanen “Maus” euskarara ekartzea hagitz garrantzitsua da, mundu mailan komikirik onenetakoa eta goraipatuenetakoa delako. Komikigintza arloko sari garrantzitsu guztiak irabazi ditu: Angulemako Azokakoa, Eisner, Harvey... baita kazetaritzako Pulitzerra ere.

Spiegelmanek (1948an Stockholmen jaioa eta New Yorken hazia) aita juduak Alemania naziko kontzentrazio-esparru batean bizi izandakoa kontatzen du. Aitarekin duen erlazio gatazkatsua ere jorratzen du. Komikian naziak katuak dira eta juduak, saguak.

Julen Gabiriak euskaratu eta Astiberrik argitaratu du 1986an plazaratutako klasikoa.

Galdakaoko itzultzailearen iritziz, aurreko urteetatik datorren lanaren ondorio da 2022ko igoera handia: «Xabiroi aldizkariak egin duen lana, aleka-aleka liburuak sortuz. Harriet Ediciones ere hor dago. Eremu bat landu da, horrek ekarri du. ‘Bikoteka’ deitzen den tailer bat egiten da idazle bat eta marrazkilari bat elkartzen dituena, eta hortik ere emaitzak sortzen dira».

Emakumezkoen igoera

Komikien egiletza osoa kontuan izanda (autoreen artean proportzionalki banatuta), 67 komiki horietako 19 egin dituzte emakumeek (%28) eta 26tan izan dute parte hartzeren bat (%39). Bertako produkzioa soilik kontuan hartuta, zenbakiak zertxobait hobeak dira: %30 eta %44. Leturiak dioenez, ez da gutxi proportzioa aurreko urteekin konparatuta mantendu ez ezik zerbait igotzea, kontuan izanik kopuruan izandako igoera handia.

«Komikigintza tradizionalki gizonezkoen mundua izan da oso, egile, gai zein pertsonaien aldetik, baina azken urteetan aldatzen joan da hori».

Ainara Azpiazu «Axpi», «Utzi azalari» komikia aurkezten. (Maialen ANDRES / FOKU)

Oro har gertatu da hori, baina gurean, Komikipedia baliatuta ikusten da euskarazko egileak %10ean ibiltzen zirela, azken urteetan %20 inguru zirela eta 2022an %30era hurbilduta, koska bat egin dutela gora. Kontuan hartzen badugu zenbat komikitan hartu duen parte emakumeren batek %44ra iristen dira bertako produkzioan. «Ez da nahikoa, baina duela gutxi non ginen kontuan izanda hobekuntza oso positiboa da», azpimarratu du Igor Leturiak.

“Natasha” komikia esanguratsua dela aipatu du, gizon batek idatzia baita emakume protagonista bat hartuta. “Amaiur!-Gaztelu baltza”, berriz, tradizionalki gizonena bezala hartu izan den gai baten ingurukoa da, baina emakumezko batek marraztua. “Black is Beltza” ere emakume batek egin du. «Gauza oso interesgarriak gertatu dira».

Kanpoko argitaletxeak

Kanpoko argitaletxeek ere inoiz baino gehiago plazaratu dute euskaraz. «Beti izan da oso gauza puntuala. Azken hamarkadan urtero ‘Asterix’-en bat edo bi ateratzen aritu da Salvat, eta 2019tik ‘Tintin’-en bat edo bi Zephyrum/Trilita. Superpatataren komikiak ere ekarri dizkigu Bang-ek. 2022. urtean, aldiz, bederatzi lan atera zituzten kanpoko etxeek.

«2019an hori baino gehiago izan ziren, baina Superpatataren bederatzi zenbaki atera zirelako». 2022an, sei argitaletxek atera dituzte lanak euskaraz. Aipatutakoez gain, Panini, Hachette eta Ooso etxeek eman dute pausoa.

Leturiak oroitu du mende honetako lehen hamarkadan kasik ez zutela komikirik euskaratzen. «Kanpoko argitaletxeak ere euskaraz kaleratzen hastea interesgarria da. Bada sintoma bat. Euskarazko komikigintza azken urteetan igoera nabarmenarekin zebilen, eta hori nabaritu egiten da, kanpokoak ere konturatzen dira, eta animatu. Eta probatzen dutenek jarraitu egiten dute».

Unibertsala eta partikularra

Ainara Azpiazu Aduriz “Axpi”-k “Utzi azalari” plazaratu zuen 2022an Doberarekin. Hona urte horretako tontorraren bere irakurketa: «Gero eta interes handiagoa sortzen duen arlo a da komikigintza; ari gara animatzen pixkanaka bada ere komikietan datozen lanak irakurtzera, Euskal Herria ez baita oro har batere komikizalea izan. Oso friki eta bazterrekoa izan da komikia».

Gauza ezberdinak pilatu direla azaldu du. Garai batean “Ipurbeltz” aldizkaria egon zen, eta han ibilitako jendeak lanean jarraitu du. «Euskal Herrian egin da komikiaren aldeko apustua. Urte batzuetan zuloa egon da, eta orain, berriz, lan asko atera dira. Bagaude belaunaldi batzuk kanpoan ikasi dugunak, komikia egitea modu naturalagoan jaso dugunak, eta hortik ere badator sorkuntza emari hori. Bestalde, Jaurlaritzak sorkuntza bekak sortu ditu, eta urtero lau ale on sortzen dira hortik. Hori ere garrantzitsua da».

Igor Leturia, E-Gor blogaren egilea, informatikaria eta komikizalea. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Oro har, emakume gehiago ari dira plaza hartzen, nahiz eta hor ibili diren beti. «Jendartearen isla da hori. Oraindik pila dago egiteko. Kirolean bezala gertatzen zaigu. Emakumeen zesta txapelketari ‘emakume’ hitza jartzen zaio aurretik; gizonezkoenari, ordea, ez. Edo biei edo inori ez. Oraindik ere unibertsala gizonena da, eta gurea partikularra, nahiz eta pixkanaka pausoak ematen ari garen», adierazi du hernaniarrak.

“Utzi Azalari” Doberak proposatu zion Axpiri Maialen Lujanbioren bertso gogoangarri batzuen inguruan zerbait egiteko. 2017ko Txapelketa Nagusian Irunen kantatutako kartzelako hiru bertsoak ziren. Parranda gau batean, ohekideak atzera egiten du trans pertsonaren genitalak ikustean, eta honen azalean jarrita aldarrikapen hunkigarria egin zuen.

«Prozesu luzea» izan da “Utzi azalari”. «Ez nekien oso ondo bertso horiek ardatz nola sortuko nuen eleberri grafiko bat. Ia marrazteak baino lan handiagoa eskatu dit gidoiak. Bertsoak bukaeran jarri nituen. Historia fikzionatuz lortu nuen pertsonaiak eta euren arteko lotura definitzea».

Aitortza

Aitortu digunez, jada urruti gelditzen zaio lan hori. «Profesional bezala ilustrazioan aritzeak dituen gauza asko ez ditut ondo bizi, eta ez dakit horrekin jarraitu nahi dudan. Atzetik ibli behar duzu, ez dira ohartzen faktura horrek zer suposatzen duen, ordaintzeak edo ez asko desorekatzen dizula bizitza… Orain hausnartzen ari naiz: sortzailea beti izango naiz, baina ez dakit nire lanbidearen petoa jarri nahi dudan. Hamabost urte eta gero betekada sentitzen dut, lan baldintzek ez didate onik egiten, eta ez dut hori aldatuko. Iturgin, albaitari, psikologo, fisioterapeuta... beste ofizioetan begien bistakoa da zenbat balio duen zure lanak; gure kasuan, ordea, asko aldatzen da batetik bestera, bezeroaren arabera ere bai. Beti dago baldintzapen hori, eta lanean hasi aurretik lan txiki pila, higadura sortzen didatenak. Nekatuta nago».

«Ez dago sortzaileok sustengatzen gaituen estrukturarik, zama hori guregana dator. Herri honek ez dauka sortzaileok gaizki ez bizitzeko ardurarik. Pozik bizi zarenez ematen du prezio hori ordaindu behar duzula, baina ez da bizigarria. Kalte handia da herriarentzat sortzaileak ez zaintzea. Alternatiba atzerrira joatea da, han lan egitea; ilustrazioan ondo bizi den jendea ezagutzen dut. Euskaldunak gara, euskaraz sortu nahi dugu, baina horretarako sakrifizio potoloak egin behar ditugu», dio Axpik.

Komikigintzan aritzea eta emakume izatea are bazterrekoagoa da. «Zenbat jende ezagutzen duzu komikiak irakurtzeko ohitua duena, erosteko joera duena? Oso gustuko daukat komikigintza, potentzial handia du testua eta irudia batera lantzeak, narrazioa sortzen du binetekin, sekuentziazio bat dago, beste tresna batzuekin filmak egiten ariko bagina bezala jolastea da. Komikia lotua egon da gizonezkoen edukiekin, eta espazio bat dago hor esploratzeko».

“Utzi azalari” lanaren emaitzarekin pozik dago, baita erantzunarekin ere. «Jende askok idatzi dit, artistikoki baloratzen dudan jendeak».

Orain martxa jaitsi behar izan du. «Proiektu askori ezetz esan diet, edo stand by gelditu dira. Sentitzen dut orain gorputzak eskatzen didala erritmo lasai bat, eguneroko errutina bat. Orain bideoklip bat, gero murala, jarraian komikia… hori zen nire bizimodua. Oso ederra da, baina gaitasun handia behar da, nekatu egiten zaitu». Elkarrizketa egin diogun eguna izan du lehena martxa jaitsita, eta eskertzen diogu erantzutea. «Sormena beti pizten zait, gogotsu nago. Baina aldaketa bat behar nuela sumatu nuen aspaldi. Haserre, erretxinduta nengoen, eta hori ez da ona».

Soziologia eta Arte Ederrak ikasi eta ilusio handiz hasi zuen bidea, balio eta oinarri sendo batzuekin, baina gero eta oztopo handiagoak gainditu behar ditu eta une bat iritsi da non ez duen zentzurik. «Erakundeetatik ez bazaio arretarik jartzen, normala da. Orain, globalizazioak duen indarrarekin, ez badugu geure kultura babesten, ez dakit jabetzen garen nora garamatzan: euskal identitatea, euskaldun izatea zer den asko lausotzen ari dira, eta horren ardura handia dute batzuek», egin du kritika. «Oso erromantizatua eduki dut, nire pasioa da, baina zergatik erromantizatu behar dut?».

Komikipedia

Iñaki Otamendi Komikipediaren egilea txikitatik izan da komikizalea. Bizitzako hainbat etapatan topatu ditu gustuko obrak; euskal komikigintzaren arloan, “Ipurbeltz” eta “Napartheid”, eta gero Asisko Urmeneta, Mattin eta Zaldieroa jarraitu ditu. «Beti pentsatu dut Euskal Herrian komikigintza indartsua izatea ona dela. Egunerokotasuna islatuko duen arte bat beharrezkoa, positiboa eta, gainera, gozagarria da. Ez dut ikusten zaletasun isolatu bat bezala; zale eta sortzaileen arteko topaketak aberasgarriak dira», adierazi du andoaindarrak.

Hain zuzen, Intxaurrondoko komiki solasaldi batean komentatu zuten falta zela zerbait, modu antolatu, atsegin eta zuzen batean, zein komiki argitaratzen ziren jakiteko. «Abiadura bizian bizi garenez, telesail edo liburu bat agertu eta denbora gutxian ahazten da; nobedade zurrunbilo horrek jaten ditu sortzen diren hainbat lan».

Garbi izan zuen Otamendik ez zela bakarrik katalogoa izanen, komikien informazio osatua eta ahalik eta neutroena baizik: autorea, argitaletxea, marrazkilaria, gidoilaria, itzultzailea...

Horrez gain, wiki eredukoa izan behar zuen, edozeinek osatzeko, akatsak konpontzeko, eredu kolaboratiboak interesgarriak iruditzen zaizkiolako eta komikigintza ere ikuspuntu kolektibo batetik ulertzen duelako. Hala sortu zuen Komikipedia 2015ean.

Urtez urte argitaratzen diren komikiei buruzko informazioa txertatzen dute, eta atzera ere egin dute 2000tik euskaraz zein komiki argitaratu diren islatzeko. «Polita izan daiteke atzerago joatea, baina eskuragarri dauden komikiak erakusteari ematen diot lehentasuna». Lehenengo pertsona plurala eta singularra nahasten dituela ohartuta, horri buruz galdetu diogu. «Komikipedia irekia dago jende berria batzeko; edozeinek idatz dezake edo nirekin harremanetan jar daiteke. Batzuek wikian idazten dute, baina ohikoagoa da emailez bidaltzea. Bakoitzak bere etxetik, trenetik, ahal duen lekutik egiten du. Ez da bakartia, baina ez da talderik sortu, ez dugu topaketarik egin. Kolaboratzaileak badira, gustatzen zaion jendea ere bai».

Autore eta argitaletxe batzuek informazioa bidaltzen diote, baina denekin ez du hartu-emanik. Komikigile eta editoreen erritmoak errespetatzea garrantzitsua iruditzen zaio, eta komikia liburu-dendan dagoenean jartzen du haren inguruko informazioa.

«Egia da pixkanaka komikizale, komikigile eta editoreen artean giroa sortzen ari dela. Hernaniko komiki azoka garrantzitsua da. Getxoko azoka topagune interesgarria da, eta Ziburukoan ere badute lekua komikiek». Horietatik ere elikatzen da Komikipedia.

Komikigintzara animatu

«Sortzaileak badauzkagu, argitaletxeak ari dira apustua egiten, irakurleak ere badaude, baina gehiago egon daitezke. Lotuta dago: zenbat eta irakurle gehiago, orduan eta obra gehiago eta hobeak. Animatu behar ditugu herritarrak komikigintzarekin gozatzera, istorio oso anitzak daudelako: barne mundua, abenturak, drama, umorea...».

Otamendiren ustez, ikasi behar da komikiak egiten eta irakurtzen. «Enkadrea, atzeko planoa, zer dagoen ezkutatuta... Topaketek ere laguntzen dute». Iaz komiki bat izan zen salduenen artean Durangon: “Ni ez naiz Mikel Laboa”.

 

Julen Gabiria, «Maus» handia euskarara ekarri duen itzultzailea. (Raul BOGAJO / FOKU)

GABIRIA: «20 URTEZ IKASI OSTEAN, HAU ALDERANTZIZKOA IZAN DA, DESIKASTEA»

Julen Gabiriari heldu egin zitzaion “Maus” euskaratzeko enkargua. «Oso berezia izan zen, banekielako zelako liburutzarra zen, Astiberriren partez etorri zelako enkargua eta niretzat guztiz erreferentziazko argitaletxea delako eta, gainera, Harkaitz Canok proposatu ziolako Astiberriri nire izena. Ezin nion inondik ezetz esan». Gero jakin du urte aunitz zeramatzala Astiberrik liburu hau itzuli nahian eta modu zabalago batean komikigintzako klasikoak euskaratzen hasi nahian.

«Pertsonaia nagusiak hizkuntza gaizki erabiltzen zuela oso ondo gogoratzen nuen. Judu-poloniarra da, gerra bizi eta gero AEBetara emigratzen du, bere hizkuntza poloniera da, baina ingelesean integratu behar du. 30 urte inguru pasatu dira eta ez du lortu ingelesez ondo egitea».

Liburuan bi plano daude: orainaldian pertsonaia hori bere semearekin ari da hitz egiten, liburuaren egilearekin. Pasarte horiek ingelesez dira eta hor gaizki moldatzen da. Baina iraganeko eszenak kontatzen dituenean ongi idatzita daude, poloniera delako hizkuntza. «Hori euskarara ekartzea izan da erronka, jakinda fidel jokatu behar nuela jatorrizko obrarekin eta atzean irakurle bat dagoela, ulertu behar duena. Akats horiek koherenteak izan behar dute, bineten espazio murritzean kabitu behar dira, kontuan izanda euskarak espazio handiagoa hartzen duela ingelesak baino».

Gustura gelditu da emaitzarekin. «Prozesu intentsoa izan da. 20 urtez itzultzaile aritu ostean, ikasiz, gehituz, lan hau alderantzizkoa izan da: desikastea. Pertsonaia bat sortu behar duzu bere moduan ondo egiten duena, baina irakurlearen begietara gaizki. Hizkuntza bat sortzea izan da, aditz taulak berregitea. Egileak berak dio hizkera hori dela liburuaren bihotza; hori itzultzailearentzat ate ireki bat da, gonbidapen bat, baina ezin duzu edozer egin, badaude muga batzuk eta muga nagusia niretzat irakurlearen ulermena errespetatzea izan da».

“Maus” ez zuten aurkeztu, «klasiko bat delako eta beti agertuko zaizulako irakurlea bazara». Bestetik, hasieratik igarri du “Maus”ekiko jendearen gogo handia.