18 MAR. 2023 Azken-aurrena Oihane Larretxea Egon nahi nuen lekua hura zela eta ez beste bat sinetsita iritsi nintzen Komunikazio Zientzien fakultatera. Hasi eta gutxira, irakasle batek etorkizunean kazetari izateko asmoa zenbatek genuen galdegin zigun, paternalismoz. Urte asko igaro dira eta, geroztik, tarteka oroitu izan naiz anekdota harekin. Ez dakit gizon hura non dagoen. Badakit ni non nagoen. Eta zertan. Hainbeste maite dudan ofizioan. Zinez, hainbeste! San Joan gau bezpera batean telefono dei bat jaso nuen. Ahots batek beste aldetik galdegin zidan ia batu nahi nuen GARAko lantaldera. Froga gainditu nuela eta hautatua izan nintzela. Udara haren hasierak nire hurrengo etapa bitala osorik markatu zuen. Inflexio puntua izan zen erredakzio hau aurrenekoz zapaltzea. Hamalau urte igaro dira eta, orain, nire ibilbide honetan parentesi bat irekitzeko garaia heldu zait: kazetaritzaren beste itsaso batzuetan murgiltzera noa. Familia sentitzen dudan hedabide honetan pasatutakoak oso urte emankorrak izan dira, etengabeko ikasketa da erredakzio bat, benetako eskola. Eta kazetaritzak garai zailak bizi dituen arren, baloratu nahi nuke zorionekoak garela. Badugu ofizio zirraragarri bat (argi itzalekin, noski), pertsona miresgarriak, errepikaezinak ezagutzera garamatzana. Gure ofizioa beste modu batera bizi ezingo genituzkeen beste errealitate batzuetarako pasaportea da. Gero dagokigu erantzukizunez eta mimoz lantzea eta partekatzea. Honek ez baitu zentzurik beste aldean ez badago inor irakurtzeko. Zorte handikoa izan naiz; irakaspen profesionalak zein pertsonalak ondo gordeta ditut. Gaiak zintzotasunez lantzea eta bihotza jartzea izan ditut irizpide; batzuetan asmatu dut eta beste batzuetan ez. Ez dakit hau azken artikulua den, nik nahiago dut esan azken-aurrena dela. Bihar eguzkia aterako dela badakit, gainontzekoa idazteke dago. Mila esker bihotzez. Ez adiorik! •