GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Beirazko kutxa bat

Turista saldoa Donostiako kaleetan, erabat ohiko bihurtu den irudia osatuz. (Gorka RUBIO | FOKU)

Orain dela hogeita bost bat urte gertatu zen. Louvre museoan, Parisen. Kristalezko piramide batekin akordatzen naiz; abuztuko eguzki-galdatan sargoria baino islatzen ez zuena. Jendea jendearen gainean. Ilarak. Azkenean sartu, eta galeriaz galeriako ibili presatia. Non zegoen “zera”, Koadroa, maiuskulaz eta singularrean. Antzinaroko piezak zeharkatu genituen; hormak osorik betetzen zituzten paisaia koloretsuak eta mugitzen ari zirela ziruditen eszena geldiak. Alferrikakoak denak. Guk “zera” ikusi nahi genuen, Koadroa. Lau silabako koadroa, gainerako hitzei gaina hartzen ziena. Nik bezala, nirekin ilara, pazientzia eta besapeetako izerdi kiratsa partekatutakoek ere bai. Iritsi ginen halako batean. Hura dezepzioa gurea. Koadro txiki batekin egin genuen topo, beirazko kutxatxo batek babestua zegoena. La Gioconda. La Mona Lisa. Da Vinci. Beirazko kutxa bat, argazki kameren flash itsugarria islatzen zuena. Ez zegoen mihiseko xehetasunak bereizterik; kameren argiek desitxuratzen zuten dena. Baita aurretik behar bezala dastatu gabe utzi genituen La Gioconda ez ziren pieza guztiak ere. Etxeko kutxaren batean hautsak jana egongo da honezkero egun hartako argazkia: beirazko kutxa argiztatu bat, atzean ezkutatzen duena ikusten uzten ez duena.

Gure herri eta hiriak dira orain turistaz bete direnak. Ardi saldoan bezala zeraren zerako zeraren bila dabiltza: pintxorik onena, txakolinik txinpartatsuena, argazkirik gustagarriena. Kezkaz mintzo gara lagunartean, gu ere mundu beraren parte garen arren, joan zen astean elkarrekin Benidormen, Pirinioetan edo Kanarietan topo egin genuen arren, beste guztiek zanpatzen dituzten hondartza, bide-zidor eta kale berak zanpatuz. Eta ardi saldoan murgiltzen naizen aldiro pentsatzen dut zenbat gauza galtzen ditudan zeraren zerako zeraren bilaketa itsuan nabilenean, idiak probalekuan nola, alboetara ezin begiratuta.

Eta arnasa hartzen saiatzen naiz, inguratzen nauena xurgatzen, nire egiten, ulertzen. Eta, batzuetan, hantxe geratzen naiz, zaputzak jota, ez naizelako gai, oporraldia ez delako behar bezain luzea edo aterpetu nauen lekua ez delako aski urruna nire egunerokoari ihes egiteko. Nire garuna azkarregi dabilelako inguratzen nauenaren erritmo pausaturako; arnasa azalekoegia daukadalako, esprint baten ondoren atletek izaten dutenaren gisakoa. Egunerokoak nire baitara biltzen nau; nire inguru itxira; nire pantaila, ordutegi eta errutinetara. Urtaroak arrastorik utzi gabe igarotzen zaizkit. Geruzak erantsi dizkiodalako nire buruari, gero eta geruza gehiago munduaren eta nire artean, eta geruzak pilatzearen pilatzez, beirazko kutxa bat eraiki dut nire inguruan. •