29 AVR. 2023 Rifeko gerra inoiz zabaldu gabeko maleta batean, Urretxun «Rif, gerra koloniala, Eustaquio Berriochoa Elgarrestaren ikuspegitik» argazki erakusketa zabaldu dute asteon Urretxun, Pagoeta Gune Soziokulturalean. Maleta batean topatutako argazki sorta batetik abiatuta, Berriochoaren kamerak jasotako Rifeko gerraren kronika ezezaguna da. Eustaquio Berriochoa Elgarresta, Melillara iritsi zenean. (Eustaquio BERRIOCHOA ELGARRESTA) Amagoia Mujika Urretxuko garaje batean gordetako maleta batean, album bat eta barruan ehundik gora negatibo, sekula positibatu gabeak. Eta hobe horrela, inoiz positibatuak izan balira, ez baitziren egunotaraino iritsiko; glizerinaz eginak daude eta material hori erraz eta azkar galtzen da. Beraz, bada harritzekoa eta poztekoa argazki negatibo horiek nahiko egoera onean iritsi izana gaur egunera arte. Maleta batean 138 argazki, inoiz argia ikusi gabeak. Maleta hori garajean gordetzen zuen urretxuarrak hil aurretik etxekoei esana zien Berriochoarena zela eta haren senideei eman behar zitzaiela. Berriochoa nor zen deskubritu behar, ordea. «Urretxuko familia bat nirekin harremanetan jarri zen, istorio hori kontatuz. Ni Berriochoa horien ondorengoa naiz eta ikertzen hasi nintzen, nor izan zitekeen. Ordura arte ez nekien ezer familiako argazkilari horren inguruan». Andoni Lubaki argazkilariak jaso zuen bere aurrekoena zen argazki maleta hori, 2017. urtean. Eustaquio Berriochoa Elgarresta Urretxun jaio zen 1899. urtean (1987an zendu zen). Ingeniari zibila zen ikasketaz eta lanbidez eta Estatuko zein Euskal Herriko hiri askoren egituren modernizazioan parte hartu zuen. Hori bazekiten bere ondorengoek. Ez zekiten, ordea, argazkilaritza izugarri maite zuenik eta ahal zuen toki eta egoera gehienetan irudiak jasotzen zituenik. «Gure birraitonaren anaia zen eta, hainbat egoera tarteko, gure aitonak zaindu zuen. Oso gertukoa zen gure etxekoentzat, baina ez zeukaten bere argazkilari jardunaren berri. Eustaquio Urretxun jaio zen 1899. urtean. Nire herenaitona -Eustaquioren aita- Urretxuko alkate zen orduan eta familia enpresa bat bezala ikusten zuela esaten dute. Semeak eraikitzaile, ingeniari, diseinatzaile... egiten zituen eta alabak, diruzain. Nire birraitonari eraikitzaile izatea egokitu zitzaion eta Eustaquiori, ingeniari zibil. Madrilera joan zen karrera ikastera eta uste dugu han hasi zela argazkilaritzara gerturatzen. Uste dugu aitak argazki kamera bat oparitu ziola, Carl Zeiss kamera bat, 1917. urtean egindakoa. Nik daukat kamera hori orain. Kameraren pista jarraituta, jakin dugu Alemanian egiten zirela garai hartan. Eta Urretxun agertu dira gure familiako argazki zenbait, gure ustez kamera horrekin eta Eustaquiok berak egindakoak». Irudi horietan ikusten da argazkiarekin esperimentatzeko gogo eta gustu bat, gaur egungo filtroen antzekoak modu artisauan egiteko saiakera bat. Baina gatozen maletara, espero gabeko altxorra agertu baita bertan: Rifeko gerran 1923. urtean egindako ehundik gora argazki, gerraren, soldaduen eta Rifeko biztanleen eguneroko egoerak jasotzen dituztenak. Inoiz errebelatu gabeko argazkiak eta inoiz ikusi gabekoak, beraz. «Harrigarria da pentsatzea duela ehun urte Urretxuko seme batek kamera bat sartu zuela Rifeko gerran». Eustaquio Berriochoa soldadu joan zen Rifera; gerrak soldaduska garaian harrapatu zuen, beste milaka soldadu gazte bezala, asko Euskal Herritik eramanak. Berez zegokiona baino beranduago joan zen gerrara, aita libratzen saiatu zelako ziur aski. Horregatik kostatu da pixka bat Berriochoa Rifeko gerran kokatzea 1923an, berez lehenago egon behar zuelako. Jasotako informazioaren arabera, Nadorren, Annualen eta Al-Hoceima inguruan ibili zen. Guruko rifertar bat (Eustaquio BERRIOCHOA ELGARRESTA) «Rifeko gerran debekatuta zegoen kamerak eramatea. Militarrek berek kontratatutako argazkilariak zeuden eta haiek agindutako egoerak jasotzen zituzten, propaganda. Eta soldaduek idazten zituzten eskutitzak ere kontrolatuta zeuden, ezin zuten Rifeko biztanleen berririk eman». Maleta horretan agertu diren argazki gehienak datatuta daude eta argazki oina daukate, gutxi batzuk izan ezik. «Bada maletan agertu den argazki sorta bat, Frantziatik etorria, ohar guztiak frantsesez baitaude. Paisaien argazkiak dira, baina paketeak bazuen berezitasun bat, barrubigun bat bezala. Atzeko parte hori kontu handiz ireki eta Rifeko gerraren beste argazki batzuk topatu genituen, ezkutatuta. Rifeko biztanleen bizitza jasotzen duten argazkiak dira. Eustaquiok bazekien horiek zabaltzea debekatuta zegoela eta horregatik ezkutatuko zituen seguruenik». Erabiltzen zuen materiala oso fotosentikorra zen -glizinarekin eginak daude- eta horrek azkar errebelatzea eskatzen zion, negatiboa ez hondatzeko. «Glizinarekin lan egitean, oso ordu gutxi dituzu errebelatzeko. Beraz, han bertan egiten zituen negatiboak, auskalo zein baldintzatan. Argazkietan sumatzen da berak libre zeuzkan tarteetan egiten zituela. Soldaduak ikusten dira, atseden tarteetan, etxekoei eskutitzak idazten. Hori debekatuta zegoen eta ziur aski ezkutuan aritzen zen». Rifeko gerraren aurpegi ezezaguna Rifeko gerraren aurpegi nahiko ezezaguna erakusten dute argazkiek. «Bertakoengana gerturatzen zen eta argazkiak egiten zizkien. Irudiak ikusita sumatzen da bertakoekin asko egoten zela eta errespetuz tratatu ditu irudietan. Argazki oin askotan aipatzen du Ejea izeneko beste soldadu bat. Badirudi elkarrekin alde egiten zutela base militarretik eta bertako herrietan barna ibiltzen zirela. Argazki oso gizatiarrak egin zituen eta bera ere agertzen da haietan, egungo selphie modukoak eginez. Izan ere, bere kamerak tenporizadorea zeukan eta hori baliatzen zuen argazkia prestatu eta bera ere ateratzeko». Rifeko neskato bati egindako erretratua. Bertako biztanleengana gerturatzea maite zuela sumatzen zaio Berriochoari argazkietan. (Eustaquio BERRIOCHOA ELGARRESTA) Andoni Lubakiren hitzetan, Eustaquio Berriochoa aitzindaria izan zen. «Batetik, gerrara argazki kamera oso handiak eramaten ziren, militarren aldeko propaganda egiteko. Eustaquiok, garai hartan, formatu txikiko kamera bat eraman zuen, ziur aski erosoago aritzeko. Eta berak prestatzen zituen negatiboak glizinaz. Eta gerrari buruz eskaini zuen ikuspuntuan ere aitzindaria izan zen. Seguru asko, Urretxutik joanda, arreta ematen zioten lur haietan ikusten zituen herritarrek eta ohiturek. Urretxun 1923. urtean 1.500 biztanle edo izango ziren, herri txiki bat zen. Bere semeak kontatzen du aitak askotan aipatzen zuela Urretxutik Madrilera ikastera joan zenean ez zekiela gazteleraz, klaseetan ikasi behar izan zuela. Pentsa zer nolako kontrastea herri txiki batetik joanda. Eta Rifera joan zenean, kontraste hori are handiagoa zen. Argazkietan agertzen dira Rifeko merkatuak, eguneroko bizitza, bertako herritarrak... berari arreta ematen zion eguneroko bizitzak. Eta nahiko modu duinean agertzen dira argazkietan bertakoak; erretratuak dira kasu askotan, aurrez aurre egindakoak». Eustaquio Berriochoaren bi seme bizirik daude oraindik. «Semeek ez zeukaten aitaren argazkien berri. Baina kontatzen dutenez, inoiz ez zuen Rifeko gerraz hitz egiten. Semeek irudipena daukate zerbait oso txarra gertatu zitzaiola eta nahiago zuela ez hitz egin». «Fotokazetaritzaren lehen urratsak» Juantxo Egaña argazkilaria eta dokumentalista grafikoa da eta bera da egunotan Urretxun dagoen erakusketaren komisarioa. «Argazki ikusgarriak daude. Fusilatze bat, soldaduak lubakietan, Rifeko bertako jendearen bizimodua... oso ikuskera berezia dauka argazkilariak. Aurretik ikusiak nituen Rifeko gerraren inguruan beste euskal argazkilari batzuek egindako lanak; Ricardo Martirenak, adibidez. Martik ere oso ikuspegi gizatiarra zeukan, Berriochoak bezala. Martik jaso zuen, adibidez, Pasaiatik abiatu ziren soldaduen agurra, argazki oso hunkigarrietan. Berriochoaren lana ikusi nuenean, ezustekoa hartu nuen eta nolabait gerora etorri zen fotokazetaritzaren lehen urratsak sumatu nituen; 1936ko gerrako fotokazetaritzaren aitzindaria dela esan daiteke». Rifeko emakume bat, balantza batekin. (Eustaquio BERRIOCHOA ELGARRESTA) Rifeko gerraren inguruan orain artean iritsi izan diren argazkiak bestelakoak dira. Soldaduska egiten ari ziren eta gerrara bidaliak izan ziren soldaduen irudiak izan dira nagusiki. «21 urte zituztela gerrara joatera behartu zituzten gazteak, haien gerra ez zela sentitzen zutenak. Gerra hori gerora altxamenduan parte hartu zuten militarrek gidatu zuten eta oso gerra krudela izan zen. 1921. urtean, uztaila-abuztua bitartean, 12.000 soldadu espainol hil ziren Rifeko gerran. 12.000 gazte, babesgabe gerrara hiltzera bidaliak, tartean euskaldun asko. Hildako gazte horiek ez zeukaten zerikusirik gerra kolonialista eta inperial harekin. Erabili zituzten gerra teknikak ere oso bortitzak izan ziren. Lehen mundu gerra amaituta, ziape-gasak debekatuta zeuden, baina espainolek Rifeko gerran erabili egin zituzten», zehaztu du Egañak. Urretxuko Pagoeta Gune Soziokulturalean ikusgai dagoen erakusketan argazki gehienak Berriochoarenak dira, baina badira garaiko beste euskal argazkilari batzuen lanak ere. Baita garaiko egunkari, aldizkari eta bestelakoetako Rifeko gerraren inguruko albisteak ere. Eta argazki erakusketari hitzak jarri dizkiote Karlos Zurutuzak, Joseba Sarrionandiak eta Clemente Bernadek. Datorren maiatzaren 14ra arte egongo da zabalik argazki erakusketa. Egile ezezaguna duen Rifeko gerrako argazki oso latza. (EGILE EZEZAGUNA) «Rifeko gerran debekatuta zegoen kamerak eramatea. Militarrek berek kontratatutako argazkilariak zeuden eta haiek agindutako egoerak jasotzen zituzten, propaganda. Soldaduen eskutitzak ere kontrolatuta zeuden» Rifeko gerraren aurpegi nahiko ezezaguna erakusten dute argazkiek. «Bertakoengana gerturatzen zen eta argazkiak egiten zizkien. Irudiak ikusita sumatzen da bertakoekin asko egoten zela eta errespetuz tratatu ditu irudietan»