29 AVR. 2023 PANTAILA TXIKIAN Zenbait komedia erromantiko udaberria girotzeko Udaberria, hazte, loratze eta berritze garaiarekin lotutako urtaroa; landare eta animaliak jaiotzen dira eta bizitzaren zikloa berriro hasten da. Maitasun eta gaztetasunaren garai moduan ere hartzen da. Telesailak maite ditugunontzat ere garai zirraragarria izaten da; izan ere, ekoizpen askok denboraldi berriak estreinatzen dituzte eta izenburu berri ugari ere gehitzen dira programazioan. Udaberria eta telesailak uztartzen saiatuko naiz, eta zer hoberik komedia erromantikoak aipatzea baino. Komedia erromantikoa screwball komediatik sortutako azpigeneroa izan zen. (GAUR8) Gaizka Izagirre GAUR8-ko “Lau urtaro zortzi telesail” izeneko erreportajean udaberriari eskaini nion tartean aipatu nuen moduan, urtaro hau iradokitzen diguten ikus-entzunezkoetan naturak edo kanpoko kokalekuek presentzia nabarmena izaten dute: mendia, loreak, neguaren ostean hondartza lehen aldiz zapaltzen dugun aldi hori eta abar. Istorioei dagokienez, komedia erromantikoak zein maitasun kontuak gailentzen dira normalean. Konbinazio horren barruan batzuek gehiago izaten dute komediatik, besteek gehiago dramatik, baina maitasuna ezin da falta inola ere. Definizioa eta ezaugarriak «Maitasuna modu arin eta umoretsuan lantzen duen ikus-entzunezkoa». Definizio hori irakurrita (eskerrik asko, wikipedia) eta urte batzuk atzera, William Shakespeare-rekin topo egin dut beste behin. Shakespeare-ren lanek lehen komedia erromantikoen oinarrizko zimenduak ezarri baitzituzten, baita modernoentzako oinarria ere: elkar ezagutzen duten bi pertsona, gatazka bat dute bidean eta zoriontsu izateko helburuz elkartzen saiatuko dira. Hortxe dituzue, adibidez, “Much Ado About Nothing” edota 1595. urtean idatzitako “A Midsummer Night's Dream”. Kito, hori izan liteke komedia erromantikoa zer den zehazteko oinarrizko eta oso azaleko definizioa. Sorrera Hori apur bat hobeto garatzeko gehiago sakondu beharko nukeen arren, labur azaltzen saiatuko naiz: komedia erromantikoa screwball komediatik sortutako azpigeneroa izan zen. Zuhaitz beretik jaiotako beste adar bat, alegia. Komedia mota hori Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen 1930eko hamarkadan, Depresio Handiaren garaian. Protagonistak gizon bat eta emakume bat izaten ziren -garai hartan, zoritxarrez, erlazio mota horiek soilik erakusten zituzten-, eta ikusleak elkarrekin nola amaituko zuten jakiteko irrikan egoten ziren. Screwball komediek gizarte-klaseen arteko gatazkei heltzen zieten sarri, garaiko gogo-aldartea islatu eta, oztopo guztiak gainditzen zituzten pertsonaien bidez, ikusleei itxaropen-zantzua eskaintzeko helburuz. Komedia erromantikoak pantaila txikian Ariketa zaila dut gaurkoan, azpigenero honi dagokionez, historiako izenburu onenak zineman topatu daitezkeelako, baina ez dut telesailen mundutik irten nahi. Zerrenda aipatu aurretik aldarrikapen txiki bat: faltan sumatzen ditut LGTBIQ+ pertsonaiak ardatz dituzten ganorazko komedia erromantikoak. Honatx azken urteotako izenburu interesgarri batzuk: Love (Netflix) Gaur egungo erlazio sentimentalei eta adiskidetasunari buruzko hausnarketa txiki bat da honako hau. Maitasuna, sexua, intimitatean sor daitezkeen mespretxuak, konpromisoa eta espero ez ditugun gaiak modu interesgarrian jorratzea lortzen duena. Ahulezia izan zitezkeen topiko horiek bertute bilakatzen ditu telesail honek. Nerabetasuna aspaldi pasatu zuten pertsonaiek maitasuna zer ote den galdezka pasatzen dute kontakizun osoa, baina bizitzak jartzen dizkien trabak saihestu gabe. 30 minutu inguru irauten duten hamar ataletan zehar, barre egingo duzu, baina baita drama ukituak sentitu ere. Pop kulturaren erreferentzia ugari erabiliz, gure egunerokoan gertatzen diren hainbat une bizitzeko aukera eskaintzen digu, gainera. Azken oharra: pertsonaiekiko sentitu behar duzuen konexioa edo enpatia hasieratik sentitzen ez baduzue, utzi telesaila ikusteari. Bai, utzi. Telesaila behar bezala gozatzeko, proportzio berean maitatu behar direlako pertsonaiak. Bestela, akabo. Gus eta Mickey jasanezinak iruditzen zaizkizuela? Lehen atalak irauten dituen 45 minutuak ez dituzue jasango. Heartstopper (Netflix) Uste dut telesail hau txalotu beharrekoa dela, modu ireki, baikor eta normalizatuan bi mutilen arteko maitasun istorioa jorratzen duelako. Telesailaren asmoak argi eta garbi geratzen dira lehen ataletik, bi neraberen arteko harremana aztertzen duen kontakizun erromantikoa aurkituko baituzue hemen. Naturaltasunez kontatzen du nerabezaro bete-betean dauden bi mutilen arteko maitemintze-prozesua. Eta egia esan, prozesu horretan sor daitezkeen gorabehera ia guztiak azaltzen dira: tximeletak sabelean, urduritasunak, ilusioa, etsipena, zerbait berria sentitzearen ziurgabetasuna, arbuiatua izateko beldurra... 30 minutuko 8 kapituluetan, telesailak maitasunaren eta adiskidetasunaren etapa guztiak lantzen ditu; erritmo ezin hobean, gainera, protagonistekin egingo dugun bidaia sinesgarria izan dadin. Pertsonaia nagusi guztiak ezin hobeto eraikita daude eta hori da serie honen euskarririk sendoenetakoa. Nerabeen esperientziak bizi dituzten nerabeak besterik ez dira. Egia da hainbat eszenatan bullying-a ageri dela, edota LGTBIQ+ kolektibo orokorraren aurkako irainak, baina horrek ez du protagonismoa edo indarra traman. Serie osoa eta muinean dauden azpitrama guztiak harreman osasuntsuen eta balioen inguruan eraikita daude, eta errealitate bat izan beharko litzatekeena irudikatzen dute: kolektibo horretako pertsonak pertsonak baino ez direla. Modern Love (Amazon Prime Video) John Carney zinemagile irlandarrak sortua. “The New York Times” egunkariak duela urte batzuetatik hona “Modern Love” izeneko zutabe bat argitaratzen du. Bertan irakurleei maitasun harremanak islatzen dituzten benetako istorioak labur kontatzeko aukera ematen diete. Telesail honek zutabe horretako istorioak oinarri hartzen ditu, 30 minutuko kontakizun independenteak azaldu (atal bakoitza istorio bat da) eta giza harremanak eta maitasuna aztertzeko. Telesailak bi denboraldi dituen arren, kontzeptu bera oinarri harturik, “Modern Love Tokyo”, “Modern Love: Mumbai” eta “Modern Love Hyderabad” ere sortu dituzte, herrialde horietan girotutako maitasun istorioekin. Pertsonalki interesgarrienak lehenengo bi zatiak dira. Antologia gehienetan gertatzen den moduan, atalaren arabera irregular samarra iruditu zaidan arren, batzuk bikainak dira. Aktore ezagunez josia, serie ikuserraza eta oso atsegina da. Feel Good (Netflix) “Feel Good”-eko protagonista Mae da, bere emanaldietako baten ondoren George izeneko emakume bat ezagutu duen komediantea. Lehen atala hasi eta handik hamar minutura hilabete batzuk igaro dira eta elkarrekin bizi dira. Esan genezake, “Catastrophe” telesaila bezala, istorio hau tradizionalki komedia erromantikoak amaitzen diren lekuan hasten dela: bikoteak bizikidetza hasi ondoren, alegia. Honakoa hau ez da hamaika aldiz ikusi dugun ohiko komedia erromantikoa. Gustatu zait, bikoteen alderdi ez hain erromantikoa ere erakusten duelako. Laburra baina bizia, tragikomedia kutsua erabiliz barre eta negar eginaraziko dizue. Istorioa, gainera, hein batean, protagonistaren benetako bizitzan oinarritzen da, errealitatea eta fikzioa nahasiz, "stand-up" ikuskizuna izango balitz bezala. Fleishman Is In Trouble (Disney+) Toby eta Rachel izeneko bikotearen dibortzioari buruzko istorioa da; horren ondorengoari buruzkoa, zehatz-mehatz. Banaketaren ostean, egun batean, Rachel arrastorik utzi gabe desagertuko da; Toby bakarrik geratuko da, 9 eta 11 urteko bi seme-alabekin. Ez da era horretan desagertzen den lehen aldia, baina inoiz ez hainbesteko denboraz eta, are gutxiago, aldez aurretik jakinarazi gabe. Haustura horren protagonista nagusiak Jesse Eisenberg eta Claire Danes direla esan behar nuen, baina Lizzy Caplan ere ezinbestean sartu behar dut hirukotean; kontakizunaren eskutik doan ezinbesteko off-ahotsa berea delako eta funtsezko pertsonaia bihurtzen delako horri esker. Egitura narratiboa deigarria iruditu zait; emazte ohiaren desagerpena argitzeko asmoz pertsonaia nagusia iraganeko pasarteetan ainguratuta bizi da, eta telesailak egiten dituen denbora-jauziak, protagonistaren ikuspuntutik betiere, erritmo bizia ematen diote, muntaketa apartaz eta Caroline Shaw-en musika dotoreaz lagunduta. 30-45 urte bitarte badituzu, protagonista bakoitzaren zati batekin identifikatuko zarela edo, gutxienez, enpatia sentituko duzula uste dut. Catastrophe (Amazon Prime Video) Rob Delaney (estatubatuarra) eta Sharon Horgan (irlandarra). Bien arteko erlazio motz baten eraginez, emakumea haurdun geratuko da. Ez dute apenas elkar ezagutzen, baina harremanari eusteko saiakera egingo dute. Premisa ezin sinpleagoa da, baina horrexegatik iruditzen zait telesail honen meritua goraipatzeko modukoa. Txikitasun horretatik telesail bikaina lortzea oso zaila delako. Kontatu nahi diguten ideiarekiko fideltasun osoa eskaintzen digu lehen minututik. Bereziki, pertsonaiak nabarmenduko nituzke. Zeinen garrantzitsua den gidoi edo istorio sendo batean tramarekin batera eskutik doazen pertsonaia landuak izatea! Amazon-en ekoizpen honek bi protagonista maitagarri eraikitzea lortu du, lehen minututik maitatuko ditugun pertsonaia zoragarriak: Sharon Horgan eta Rob Delaney (aktore ez ezik, telesailaren gidoilariak ere badira). Etengabe jariatzen duten naturaltasun horri esker, kimika harrigarria sortzea lortu dute bien artean. Strastruck (HBO Max) BBCk eta HBO Max-ek ekoitzitako komedia erromantiko honetan, Rose Matafeo aktoreak Jess gorpuzten du, Londresen etxebizitza partekatzen duen Zeelanda Berriko gaztea. Urtezahar gauean, Jess taberna batean ezagutu duen mutil batekin oheratu ostean, ondorengo goizean esnatzean, modako aktore oso ezaguna dela deskubrituko du. Hortik aurrera millennial maitasuna ardatz duen eta “Nothing Hill”-en kutsua duen komedia erromantiko fresko eta arina ikusteko aukera izango duzue. Egoera barregarri eta zentzugabeak, baina, aldi berean, guztiz sinesgarriak telesailaren euskarri nagusia direla iruditzen zait. Ziur aski telesailak bere sortzailearen bizitza pertsonala inspirazio gisa hartu izanagatik, errealismoa antzematen zaio une oro. Master of None (Netflix) Azken urteotan oso modan jarri den dramedia (drama eta komedia, uztartuta) azpigeneroaren zalea bazara, ez galdu telesail zoragarri hau. Lehenik, arlo horretan, azken urteetako telesail bitxi eta berritzaileena delako. Lehen denboraldia, oso ona; bigarrena, zoragarria. Eguneroko keinu txikiek duten garrantziari buruzko maisulan honek haren bizitzarekin zer egin ez dakien Dev izeneko tipo baten istorioa kontatuko digu: New York hirian bizi den 30 urte inguruko aktorea. Hasieran pazientzia apur bat eskatzen duen arren, ohartarazi nahi dizuet telesail honetaz erabat maiteminduko zaretela. Zoragarria. Fleabag (Amazon Prime Video) Phoebe Waller-Bridgek, “Fleabag” telesailaren gidoilari eta protagonistak, azken urteotako umorezko telesail desberdin, garratz eta lotsagabeena sortzeaz gain, azkenaldian ikusi dugun emakumezko pertsonaia harrigarriena landu du, eta eskertzekoa da. 30 urte inguru dituen Fleabag-en istorioa azaltzen digu: sexu harremanak izatea lehentasun nagusi bilakatu duen emakume -hartu arnasa- zoro, lotsagabe, suntsitzaile, berekoi, perbertitu, ziniko, kaotiko, heldugabe eta, batez ere, dibertigarria. Izaera hori, azken urteetan, “Louie”, “Love”, “Girls” edo “Catastrophe” telesailetan ikusi dugun antzeko umorearekin nahastuta, ekoizpen beltz, garratz eta, hainbat unetan, deseroso bilakatzea lortu dute. Topiko guztietatik erabat aldentzen den emakumezko pertsonaia zoragarria. Hori bai, mota honetako telesail ugaritan gertatzen den bezala, muinean, drama bat dagoela ohartarazi nahi dizuet. Bai: nahasmen eta erokeria horren guztiaren azpian tragedia moduko bat ageri delako. Ez pentsa, beraz, barrea soilik egingo duzuenik, algara eta drama orekaz uztartzen dituen ekoizpen burutsua baita. Fleabag gorrotatu ala maitatuko duzuen jakiteko, has zaitezte umorezko telesail xelebre eta zoragarri hau ikusten. Normal People (Starz) Komediatik apenas duen arren, azpigenero erromantikoan azken urteotako izenburu interesgarrienetarikoa dela uste dut. Sally Rooneyren eleberriaren moldaketa da -“The New York Times” egunkarian millenial-en garaiko idazle handi bezala definitu dute-. 2008ko finantza krisiaren ondorengo Irlandako herrixka batean girotua, Marianne (Daisy Edgar-Jones) eta Connell (Paul Mescal) dira kontakizun erromantiko-dramatiko honetako protagonista nagusiak. Coming-of-age generoa ardatz hartuta, sentikortasun handiz zuzenduriko 30 minutuko 12 atal topatuko dituzue. Hasieratik emozionalki sartzea lortzen baduzue, Marianne eta Connellen arteko maitasun istorio korapilatsuaren parte sentituko zarete. Bi protagonisten arteko kimika gutxi ez, eta ekoizpenaren inguruko alorrak ere azken zirrikituraino zaindu dituzte. Pertsonaien arteko igurtzi bakoitza, begirada bakoitza, topaketa bakoitza... behar bezala desfokuratutako lehen planoek indartzen dituzte, adibidez. Ederra bezain etsigarria den kontakizun hau ikusleari helarazteko, zinema komertzialaren eta independentearen arteko oreka perfektua lortu dutela iruditzen zait. Harribitxia.