GAUR8 - mila leiho zabalik

Egarriak ito


Bizitza ez da hain sinplea, baten batek kontrakoa uste duen arren. Egun ia den-dena da konplexua, oso konplexua.

Ura. Urak sinplea dirudi bere horretan merke eta eskura izan dugunontzat, duela gutxira arte barra-barra neurrigabe erabiltzen ohituta geundenontzat. Baina amaitu ziren txorakeriak, aspaldi bilakatu baitzen munduko gutiziarik preziatuena, oinarrizkoena, beharrezkoena… eta harrapakari transnazionalen desira itsua.

Ur faltak lehortea dakar, sinplea. Ondorioak, baina, konplexuak dira eta konponbideak, are eta konplexuagoak. Konponbidea borondate, neurri eta baliabide guztiekin korapilatsua bada, guztiz ezinezkoa izango da horiek gabe. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean ura izateko eskubidea letra larriz izkiriatuko dugu, urrezkoetan nahi bada, baina lehorteari aurre egiteko “paper busti” antzua baino ez da izanen, datorkigun mundu desertizatuari aurre egiteko politikak zorrotz eta temati aplikatzen ez badira.

Lurra basatiki ustiatzeko lotsarik ez duten mundu mailako egarriak jotako enpresa-putreak aspaldi dabiltza beste planeta birjina baten ehizan; akabatu arte estutuko luketen planeta berria? Ilargia, Marte…? Konkista plan horiek ez naute batere erakartzen, baina hala ere, aukera baliatuko nuke gustura zaborkada enpresaburu bidaltzeko, horien poltsikoetan soilik joaneko txartela sartuta.

Kito, iritsi gara atarira, Uraren Gudaren atarira, entzuten dira danbor hotsak. Guda krudela izanen da, eta geratzeko etorriko da, suak itzaltzeko ez da-eta urik izango.

Bada, hemen bertan, etxean, Arabar Errioxako mahastiak egarri daude. Martxa honetan ez dugu izanen ardorik egarria asetzeko.

…egarriak ito, prest gaude? •