06 MAI 2023 { DATORRENA } Lula eta Petro Gorka ELEJABARRIETA Lula eta Petro presidenteak, bata bestearen atzetik, Estatu espainoletik pasatu berri dira. Haien garaipen elektoralek errotiko aldaketak ekarri dituzte Brasil eta Kolonbiara. Baita amerikar kontinentera zein mundura ere. Bolsonaro eta Duquerekin alderatzen baditugu, oso nabarmena da diferentzia, gaua eta eguna modukoa. Bada esperantzarako motiborik. Gai eta proposamen potoloak ekarri dituzte beraiekin batera. Aktualitate gaiak, duda barik. Lulak Brasilgo lehendakaritza eskuratu eta Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Portugal eta Estatu espainola bisitatu ditu, besteak beste. Mercosur -Europarekiko merkataritza librerako ituna- eta Ukrainako gerra eta gatazka amaitzeko ikuspegi ezberdina hizpide izan ditu, besteak beste. Argi dago Brasil BRICS deritzon estatu taldearen baitan ez ezik, munduan ere oro har hartzen ari den pisua eta eragiteko gaitasuna gero eta nabarmenagoa dela. Dilma Rousseff BRICS bankuaren lehendakari izendatu berri dute. Lau hilabete besterik ez dira pasatu Lulak Brasilgo lehendakaritza eskuratu zuenetik eta jada ugari dira plazaratu dituen proposamenak. Duela gutxi hainbat estatuk osaturiko lagun talde bat sortzea proposatu zuen, gatazkaren amaiera elkarrizketa eta diplomazia bidez lortzeari begira. Proposamenaren eduki zehatzean sartu gabe, oso nabarmena da gero eta gehiago direla nazioartean konponbide elkarrizketatua eta adostua aldarrikatzen dutenak. Konponbide militarra ez da errealista, potentzia nuklearren arteko eraso militarrak planetaren amaiera ekar lezakeelako. Hego Amerikako integrazio prozesua da bere agintaldiaren beste lehentasun nagusietako bat; momentuz nahiko modu pribatuan eskualdeko zenbait estatu egiten ari diren elkarrizketek zer ematen duten gertutik jarraitu beharko da. Iraganeko saiakerekin pilaturiko esperientziak oinarri sendoagoa ezartzea ekarri beharko luke. Hor kokatzen da Brasilek eta Hego Amerikak etorkizunean Europarekin izan behar duten harremanaren inguruko eztabaida ere. Komertziala, politikoa, kulturala… Petrok Kolonbian “bake osoa” erdiesteko bide-orria izan du hizpide. Horrekin batera, Kolonbian egin nahi dituen aldaketa estrukturalak eta mundu mailan bideratu beharreko zibilizazio-trantsizioa. Ikuspegi laburra eta luzea, lokala, eskualdekoa eta globala. Espainiar Kongresuan emandako diskurtsoa irakurri beharreko horietakoa izan da. ELN-rekin hasi berri duen bake prozesuak ikuspegi integrala dauka eta bere baitan Kolonbian ematen diren “biolentzia” guztiak konpontzeko asmoa. Ez da lan makala. Petrok berak aitortu duen bezala, giza eskubide eta eskubide sozial, ekonomiko eta politiko ororen hamarkadetako urraketa amaitzea ez da erraza izango. Bakeak, kasu honetan ere, arerio oso boteretsuak dauzka. FARC-ekin sinaturiko bake akordioaren inplementazioak ere garrantzia izango du. Duda barik, bakeak Kolonbian izan duen aukera onenaren aurrean gaude. Gobernuaren eta matxino taldeen asmoak eta adierazpenak bide beretik doaz. Ia Kuban une honetan ematen ari den negoziazio errondak berri onak ekartzen dizkigun. Petrok Kolonbian egin nahi dituen aldaketa estrukturalak ere izan ditu hizpide, bide zaila eta korapilatsua hori ere. Gobernu barruan aldaketa benetan sakonak egin berri ditu, koalizio kideetako batzuekin harremanak puskatu eta aldi berean erretreta, osasun eta fiskalitate arloetako erreformak mahaiaren gainean jarri. Ongizate estatua eraiki nahi du kolonbiar herritarrentzat. Kolonbian ez da posible presidente birritan jarraian izatea. Horrek muga nabarmenak ekartzen dizkio egin daitezkeenen zerrendari. Eta azkenik, planetaren eta gizateriaren gobernantza eredu berria aldarrikatu du Petrok. Argi dago orain artekoak nora eramaten gaituen; zer datorren jakinda, gai izango ote gara beharrezkoak diren aldaketa sakonak egiteko? • Bolsonaro eta Duquerekin alderatzen baditugu oso nabarmena da diferentzia, gaua eta eguna modukoa