03 JUIN 2023 Saharatik erbestera eta erbestetik gerrara bueltan Gerraren itzulerak gazte saharar askoren itxaropena berpiztu zuen duela bi urte. Kanpamentuetan zain usteldu baino nahiago zuten heriotza. Asko erbestetik bueltatu ziren aro berrian borrokan parte hartzeko, baina gatazkak, momentuz, amets haiek bertan behera utzi ditu. Polisarioko soldaduak, tiro entrenamendu batean, Rabouniko eskola militarretik gertu. (Luali LEBSER) Luali LEBSER Mojan Rahmani Azzuz duela 18 urte jaio zen. Mallorcako Palman. Bere gurasoak kanpamentuetako sahararrak ziren eta erreferendumaren zain haima batean besoak gurutzatuta ez zirela geratuko erabaki zuten. Mallorcan jarri zuten helmuga eta bertan hoteletako zerbitzuetan lan egiten hasi ziren. «Ia joan etorriko bidea izango zela uste genuen garai hartan», dio Rahmani Azzuz-ek, Mojan-en aitak. 1992. urtean mugitu ziren Smaratik Palmara. «Espainiar nazionalitatea lortzeko aukera nuen, nire aitak espainiar identitate txartela baitzuen Francoren indar kolonialisten militarrentzat lan egin zuelako denbora luzez. 1978an desagerrarazi zuten eta harrezkero ez dakigu ezer», dio Rahmani-k. Palman lana eta etxea lortu eta ondoren emaztea eraman zuen; biek gaur egun nazionalitate espainiarra dute. Beren seme Mojan-ek ere bai. Palman jaio zen 2004. urtean eta ez du sekula pairatu Mendebaldeko Saharan «gurasoek jasandakoa. Oso injustizia handia iruditzen zitzaidan eta zin egin nion neure buruari inoiz gerra berriro ere hasiz gero bueltatuko nintzela». Gaur egun Polisarioaren Akademia Militarrean tiro egiten ikasten ari da. Berarekin, beste gazte mordoxka bat dago egoera berean. Gatazka hasi bezain pronto, ikasketak edo lana utzi eta kanpamentuetara bueltatu ziren Marokori gerra egitera. Baina esperientziarik ez zuten soldaduei lehendabizi irakatsi egin behar zitzaien eta horretarako akademian aldaketak egin zituzten. «Soldadu onenei erakusteko soldadu onenak behar ditugu», esan zuen Abdellah Lahbibek covid-az hil baino bost hilabete lehenago. Gerran esperientzia zuten soldaduak ekarri zituzten irakasle gisa. Gerra hasi zen momentuan akademiako lanak bukatzera zihoazen soldaduak bidali zituzten frontera, «ez soldadu falta genuelako, baizik eta berriei tokia egiteagatik», dio Ahmed Salem Lebsir-ek. Bera da akademia honetako zuzendaria eta mila errekrutari erakusteko ahalmena duela dio. «Gerra da etorkizun bakarra» Salem Mohamed-ek 21 urte ditu. Madrilen bizi zen. Sahararra da. 2020ko azaroan dena utzi zuen atzean; lan finkoa eta emaztea, haur jaio berri batekin. «Gure haurra ez nuen berriro ere ikusi urtebete pasatu arte», dio Auserd bere lagunaren haiman. Borroka armatuaren 50. urteurreneko ospakizunetako desfile militarrean parte hartzen ari da. Soldadu hutsa da, esperientzia falta zaio, baina borrokalari on bihurtuko dela dio. «Etorkinen aldeko Gobernuz Kanpoko Erakunde batean lan egiten nuen Madrilen, Lavapies inguruan. Lanpostu finkoa nuen, eta etorkizunean ere etorkinek iristen jarraituko dutenez, bertan jardutea pentsatzen nuen. Baina Guerguerateko liskarrak ikusi eta segituan jakin nuen horrek gerra berpiztea ekarriko zuela; bi egunen buruan Mauritaniarako bidaia hartu nuen, Aljeriak mugak itxita baitzituen covid-a zela eta, baina Mauritaniatik sar zitekeen kanpamentuetara». «Hori egin nuen -jarraitu du-. Bidaian saharar gazte piloa ikusi nuen, dena atzean utzi (lana, familia, lagunak, bikotekidea...) eta gerrara joateko asmoz. RASD-en muga postuan 16 orduz itxaron behar izan nuen, baina oso oroitzapen onak ditut. Mundu guztia oso ondo portatzen zen gainerakoekin, familia batean nengoela ematen zuen, denak ginen anai-arrebak», gogoratu du. Ahmed Fadel Ahmed soldadua, Rabouniko akademia militarreko sarreran, agurtzen. Hirugarren ikasturtean utzi zituen Ingeniaritza ikasketak Espainian, eta Polisarioko kideekin bat egin zuen 2020an gerrara itzuli zenean. (Luali LEBSER) «Emakume asko ere ikusi nituen soldadu izateko asmoarekin. Kanpamentuetara iritsi eta sekulako festa giroa zegoen, autoek bozina jotzen zuten RASD-eko bandera astintzen zuten bitartean. Dendetan besarkatu egiten gintuzten, eta amona batzuek musu ere ematen ziguten. Bazekiten zer sakrifizio egin genuen gure herriarengatik borroka berri honetan parte hartzeko. Iritsi eta lau egunera akademia batean nengoen soldadu izateko prestatzeko», dio Salem-ek, 20 bat soldadurentzat Saharako tea prestatzen duen bitartean. Haima berean dozenaka soldadu daude, antzeko esperientziak dituztenak. «Nik unibertsitatea utzi nuen hirugarren ikasturtean. Ingeniaritza ikasten ari nintzen, baina nire tokia hemen zegoela argi utzi nion babesa ematen zidan Espainiako nire familiari», adierazi dio NAIZ-i 21 urteko Ahmed Fadel Ahmed-ek. Ez zuten uste gerratera joateko horrenbeste itxaron beharko zutenik. «Hemen asko oraindik ez gara frontera inguratu ere egin. Esperientzia duten soldaduak soilik daude. Polisarioa ez da Maroko bezalakoa eta ez du martiri gehiago nahi», gehitu die Ahmed Fadel-en hitzei Salem Mohamed-ek. Akademian ikasketak noiz bukatuko irrikan daude, baina aldez aurretik Marokoren drone eta hegazkinei aurre nola egin asmatu behar dute sahararrek. Gerratea apaldu egin da 2021eko urtarriletik. Hasierako ospakizunak isildu dira. Askok ez diote inongo kazetariri erantzun nahi. Ahmed Fadel-ek azaldu du zergatia. «Inoiz Espainiara bueltatu beharrean bagaude, ez dut inork jakiterik nahi nire lana egun batetik bestera utzi nuela. Ez nuke bueltatu nahi hemengoa amaitu gabe, momentuz itxaron egingo dut. Gerra dut momentu honetan etorkizun bakarra». Mojan Rahmani Azzuz, Palman jaio zen 18 urteko sahararra: «Gurasoek jasandakoa kontatzen zidaten. Oso injustizia handia iruditzen zitzaidan eta zin egin nion neure buruari inoiz gerra berriro ere hasiz gero bueltatuko nintzela» Salem Mohamed, 21 urte: «Gerra berpiztu zenean, Madrilen etorkinen aldeko GKE batean lan finkoa utzi eta bi egunen buruan Mauritaniarako bidaia hartu nuen. Egun tiro egiten ikasten ari naiz, Polisarioaren akademia militar batean»