GAUR8 - mila leiho zabalik

Agur, maisu


1998ko uztailaren 15a zen eta anaiarekin batera ni Kuban nengoen. Oporretan? Ez, aitari bisitan. Ordurako nik banekien kazetaria izan nahi nuela, 14 urteko gazte bat nintzen, ideiak oso argi zituena eta zazpi urterekin aitonaren idazteko makina zaharrean bere lehen egunkaria sortu zuena.

Batzuk datarekin konturatuko zineten ez zela udako beste egun arrunt bat izan; egun hartan “Egin” egunkaria eta irratia itxi zituzten, Jabier Salutregi “Salu”zuzendari zela. Bera eta hainbat kide atxilotu zituzten egun hartan eta ondoren, 18/98 izenez ezagutu genuen makrosumario horretan, epaitu egin zituzten.

Ez naiz hasiko gertaera hura izan zen astakeriaz hitz egiten. Guk bagenekien orduan, eta beste batzuk orain esaten ari dira. Bermudez epailearen duela hiru asteko hitzak gogora ekarriz, «egunkari bat setio edo salbuespen egoera batean soilik itxi daiteke», edo Gorenak onartu zuena, alegia, ez zegoela egunkari hura ixteko arrazoirik.

Salu nola ezagutu nuen. Momentu horren berezitasuna ekarri nahi dut hona gaur. 2009ko apirila zen, Martuteneko espetxea, nik ordurako bi urte neramatzan han preso eta abisua jaso genuen 18/98ko kide batzuk atxilotu zituztela. Arratsaldean, ziegatik jaitsi eta berehala, “urdinak” gizonezko kide batzuk gu agurtzera zetozela esan zigun. Eta hantxe ikusi genituen etortzen gizonen eta emakumeon moduluak lotzen zituen pasillotik barrena Jose Luis Elkoro eta Jabier Salutregi bera; biak, GARA besapean zutela. Besarkada estu bana eman ostean, momentua probestu nuen esateko kazetaritza ikaslea nintzela, lanean ere banenbilela Etxerat Elkartean prentsa bulegoan (espetxean ez bata ez bestea ezin nituen egin), eta abar, eta abar. 25 urte dituenaren indarra, pasioa eta gogoa bizi-bizirik nituen orduan, eta hura inoiz ez galtzeko eskatu zidan. Zuk bazenekien horretaz. Mila esker, Salu. Agur, maisu. •