01 JUIL. 2023 Alardean bakea? Xabier Mikel ERREKONDO Ez naiz ni alarde-zale, akaso alarde-goragale... Badira diotenak bertakoak baino ez direla nor auziaz erabakitzeko eta iritzia emateko. Jarrera itxiek beldurra diete pentsamendu eta iritzi ezberdinei. Nik bat emango dut. Atzo lehertu ziren danbor eta tiro hotsak Irungo Alardean eta irailaren 8an entzungo dira Hondarribian. Alarde Tradizionalaren jarrera guztiz itxita dago lehenean; bigarrenean, aldiz, badirudi herritarren gehiengoa konfrontazioari irtenbidea ematearen aldekoa dela. Argazki horren ondorio da Abotsanitz plataformak EAJri alkatetza kendu eta 28 urteko agintaldi hertsia lehertu izana. Udal Gobernu berriak irtenbidearen bilaketa herritarrekin batera egin nahi omen du. Bejondeiela. Asma dezatela. Edo hori edo zauria ez da orbainduko. Egun hauetan, baina, beste proposamen zehatz bat kaleratu da: Alarde mistoa Tradizionalari erantsitako 17. Konpainian integratzea. Alegia, onartu bai, baina bereizita, aparte… Ez dakit zer pentsatuko duten bertakoek, beraiena da erabakia, baina proposamen xelebreak desgaitasuna duten pertsonen auzia ekarri dit gogora; hots, gizarteak horiek nola barne biltzen dituen. 2015ean Usurbilen egindako Kilometroaken Gizarte Inklusiborako Dekalogoa sinatu zuten Gipuzkoako 70 eragile sozial, publiko eta pribatuk, eta nago Lehen Printzipioa hitzez hitz lotu dakiokeela Alardearen auziari: «Kontua ez da (…) ‘arazoak dituzten horiek’ gizartean integratzea, baizik eta (…) guztiok osatutako jendarte inklusiboa eraiki behar dugula». Hortaz, integrazioan bestea onartzen da, baina aparte. Aldiz, jendarte inklusiboa, denak batera, pentsaera eta egoera anitzetako pertsonek osatzen dute eta eskubide eta aukera berberak dituzte. Hondarribitarrak, heldu anbizioari, heldu jendarte inklusiboa eraikitzeari. •