GAUR8 - mila leiho zabalik
{ GERTUKO PLANAK } BIZKAIA / ZUGAZTIETA ETA GALLARTA

Meatzaldea, burdinaren mendeko herriak eta bizitzak

Garai batean Gallarta herria kokatuta zegoen lekuan gaur egun ikus daitekeen meatze harrigarria. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizkaiko mendebaldeko muturrean, pikotx eta pala kolpez zizelkatutako eskualde oso bat dago. Meatzaritzak eman zion izena, baita paisaia ikusgarri bat ere, osorik kontatu ez den historia bat erakusten duena. Ondare handi bat utzi du jarduerak, baita itzelezko haginkada baten aztarna ere, Trianoko mendietan eta inguruan, ikusteko modukoa. Haraino joan da GAUR8, “Gertuko Planak” sail hau hasteko, Gallarta (Abanto-Zierbena) eta Zugaztieta (Trapagaran) herrietara. Bista ikusgarriak testuinguruan kokatuta hobeto ulertzen direla jakitun, hango meatzarien ondorengoekin hitz egin dugu iraganaz beteriko paisaia hori osorik ulertzen saiatzeko.

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa da lur horien iragana ezagutzeko ezinbesteko geldialdia. Meatzariek sortu eta kudeatutako garaiko tresneria, agiriak, irudiak eta abar luze-luze bat erakusten duen espazioa, mila detaile dituena. Gallartan dago, Abanto-Zierbena udalerrian. Sartu ahala atentzioa ematen du herria erreproduzitzen duen maketa batek. Txapela moduko bat altxatu eta Kontxa II.a meategia azaltzen da, lerro hauen ezkerretara dagoen argazkian agertzen dena. Altxatutako zati hori Gallartako jatorrizko herria zen; desagerrarazi egin zuten herri azpitik burdinazko zain bat pasatzen zelako. 7.000 biztanle zituen, frontoia, eliza, zinema aretoa... 1958. eta 1986. urteen artean osorik ezabatua izan zen, burdina ateratzen jarraitzeko.

Museoaren ondoan, Ekoetxea izeneko interpretazio zentroa dago, eta haren aurrean Kontxa II.a meategia; kristalezko ikustoki ikusgarri batek bere handitasunean erakusten du. Paisaiaren aurrean puntu garai bat seinalatzen du Lara Lopez museoko gidariak, desagertutakoaren artean Peñucas auzoa izan zena gogoratzeko: Dolores Ibarruri ‘La Pasionaria’ lider komunista jaio zen han. Museoak hari buruzko gune oso bat eskaintzen du.

Aire zabalean ikus daitekeen harrizko zulo hori, hala ere, ez da meategiaren aurpegi bakarra. Lur azpian, itzelezko azalera dago, pasillo moduko galeriaz eta dimentsio handiko kameraz osatua. Lur azpitik berrehun metro baino gehiagora heltzen da ikusten ez den egitura hori, eta kamioiak gurutzatzeko nahikoa zabalera dituzten pasabidez osatuta dago. 1983tik 1993ra arte funtzionamenduan jarraitu zuen meategiak. Galeriez gain, 60 kamera ditu azpiko egitura horrek. Ideia egiteko, handiena Burgosko katedralaren neurrikoa da, zehaztu du Lopezek.

Herriko hiltegia izan zen Meatzaritzaren Museoaren ondotik igarotzen da Zugaztietara doan errepidea. Autoz minutu gutxitan heldu gara herri enblematikora, Lara Lopezekin eta Juanjo Zarraga zinegotzi ohi eta Periko Solabarria Elkarteko presidentearen laguntzarekin. Lopez bezala, meatzarien ondorengoa da Zarraga. Solasaldian askotan sortu dira ezagututako momentuak, etxean entzundako istorioak. Bidean, meatzaritzak osatutako paisaiaz hitz egin digute, eta agertu eta desagertu egiten ziren etxeen inguruko kontakizun horien ondoan arrotz suertatzen den golf zelai baten ondotik pasatu gara.

Zugaztietan, meatzarien barrakoia izan zena (Aritz LOIOLA / FOKU)

Meatzarien barrakoien eraikin batera gidatu gaituzte Zugaztietako hirigunean bertan. Urteekin aldaketak izan baditu ere, jatorrizko eraikuntza XIX. mendekoa da. «Egurrezkoak ziren eta asko zeuden; kontuan hartu 200 meategi zeudela hemen eta ez zekitela hurrengo lantokia non egongo zen; beraz, egurrezkoak egiten zituzten gero desmuntatu ahal izateko eta ondorengo meategiaren ondoan muntatzeko», azaldu du Lopezek. Hamabi orduko lan txandak egin ondoren, lo egiteko lekuak ziren barrakoiak. Kantinak bezala, langileburuen emazteek gobernatzen zituzten. «Kontuan hartu Orconerarenak zirela lur hauek, eta eraikinak langileburuen emazteei eta beren sokako jendeari ematen zizkieten; haiek aberasten ziren. Mende hasieran grebak izan ziren kantinan erostera behartuta ez izateko, adibidez», erantsi du Zarragak.

Leiho gutxi eta txikiekin, hotza ez sartzeko, 50 lagun har zitzakeen barrakoi batek. Horrek gaixotasun infekziosoak areagotzen zituen. Biziraupena 18 urtetan zegoen, gazte gallartarrak zehaztu duenez. “Ohe beroak” ziren barrakoietakoak, ohe bakoitzeko bi langile; bat lanean ari zenean erabiltzen zuen besteak, eta alderantziz. Ez zegoen sukalderik, janaria eta edaria kantinan eskuratzera behartuta zeuden, eta hango gastua barrakoiaren alokairuari gehitzen zitzaion. Ohikoena zen hamabi orduko lanaldiak egin eta gainera zorretan egotea. Ezaguna da, gainera, Bilboko merkatuan erosten zituzten elikagaiak garestiago eta egoera txarrean saltzen zirela Zugaztietan.

«Hasieran, Gaztela eta beste leku askotatik etortzen ziren eta denboraldi bat egiten zuten hemen, baina haien herrietara itzultzen ziren ondoren; gero bertan geratzen eta lehen kokalekuak sortzen hasi ziren», azaldu du Zarragak. Meategiaren inguruan sortutako lehen etxeez ere hitz egin digu, eraiki eta gero meatzeak hartzen zuen norabidearen arabera mugitu behar zituztenak. Etxe horiek greben lorpen bat izan ziren, Lopezek nabarmendutakoaren arabera.

Emakumeak, lehergailuak eta internazionala

Etxe haien erreprodukzio bat bisitatu daiteke Zugaztietan bertan. Atea gurutzatu eta beste garai batera garraiatzeko moduko altzariak ikus daitezke, oheak... Arto-kalokaz beteriko koltxoiak dira xumeenak, baina bestelako oheak zituzten estatus altuagoko langileek. Denboraren poderioz herri kirol bilakatu zen harri zulatzaileen lanak, adibidez, maila altuagoa zuen, kontatu digutenez; meategian aitortua eta preziatua zen lan bat egiten zuten. Gutxiago hitz egiten da, aldiz, sorbaldan kartutxoak eramaten zituzten emakumeez. Zarragak dioenez, 60 eta 70 urteko emakumeak ere ezagutu ditu etxeko ekonomian osagarri zen lan horretan. Gaineratu duenez, oroimenera jotzen denean, gutxitan agertzen da frankismoak meategietan erabili zituen presoen lana, eta ez hori bakarrik, badago, bere ustez, oroimen osatuago bat eraikitzeko beharra.

Etxebizitzak nolakoak ziren erakusten duen etxea (Aritz LOIOLA / FOKU)

Zinegotzi eta diputatua izan zen Rufino Castaños mediku komunista aipatu du isildua izan den kontakizun horren adibide gisa. Meatzariek eurek sortutako batailoia ere egon zela gogoratu du: «Gazteak ziren, gehienak komunistak, haietako asko hil ziren...». Gauza bera, bonbardaketa ezezagunekin. «Oroimenaren zati handi batek ez du islarik izan», nabarmendu du gallartarrak. Burura etorri zaio Internazionala abesteagatik kaleratuak izan ziren bertako emakume langileen istorioa.

«Meatzaritzak izan zuen giza kostua eta utzi duen aztarna ez dira ebaluatu ezta ebaluatuko ere: golf zelai bat egin dute eta biziberritze gisa aurkeztu dute, zabortegi bat harrobi baten berreskurapena dela diote, galeriak estaltzen ari dira erortzen ari direla esanez... Gallarta suntsitu zuten eta ziur nago gaur ez zela halakorik egingo; handik gutxira sortutako Riañoren gatazkaren adibidea dago hor, askoz afekzio gutxiagorekin. Gallartarekin egindakoa gehiegikeria basatia izan zen», dio aurreko paisaiari begira eta hari ahotsa emanez.

Jakin beharrekoak:

- Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan, Gallartan (Abanto-Zierbena), garaiko lanabesak, argazkiak edota dokumentuak ikus daitezke bilduma zabal batean.

- Asteartetik igandera egoten da zabalik: astean zehar, 09.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara; larunbatetan eta jaiegunetan, 11.00etan hasita, eta igandeetan, 11.00etatik 14.30era.

- Sarrera doakoa da irakasleentzat eta langabetuentzat, baita zortzi urtetik beherako haurrentzat; helduentzat 3 euro, taldeentzat 2,50 eta jubilatuentzat 2 euro.

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan ikus daitekeen kantina baten erreprodukzioa (Aritz LOIOLA / FOKU)