22 JUIL. 2023 Entrevue IBAI ATUTXA ORDEÑANA IDAZLEA «Barbarizatutako kolektiboak identifikatzen saiatu naiz, eta nola horietatik artikulatzen joan den etengabe gu jakin bat, gu euskaldun bat» Arrakasta handia izan zuen ekainean Erroman izan ziren Futur Factory jardunaldietan egin zuen hitzaldiak. Besteak beste, hizkuntza borroka eta nazio gatazka beste borrokekin batera pentsatu beharra jarri du mahai gainean. (Aritz LOIOLA | FOKU) Xabier Izaga Iratzar fundazioko ordezkari gisa, Ibai Atutxa eta Andoni Olariagak ekainean Erroman izan ziren The Future Factory jardunaldietan parte hartu zuten. Future Factory «konexio, konfiantza, elkartasun eta erresistentzia gunea» da, zenbait jendartetan indarrean diren alternatiba positiboetan oinarrituta ideia sortzaileak eta feministak baliatzen dituena. Hainbat herrialdetako partaideek, lau egunean, ezkerraren ildo estrategikoez hitz egin eta ondorio bat atera zuten: imajinazio politikoa ezinbestekoa da. Imajinazioa aldarrikatzen du Ibai Atutxak (Galdakao, 1984) “Barbaroak eta zibilizatuak. Euskal gatazken eskuliburu materialista” liburuan (Txalaparta, 2022), Euskal Herriko borroken diskurtsoa eguneratze aldera. Berak egin zuen irekiera hitzaldia Erromako jardunaldietan. Pozik jardunaldiekin eta zure esku hartzearekin? Bai. Euskal Herriak bizi dituen zenbait gatazka erdigunean jartzeko eta beste borroka batzuekin elkarrizketak sortu eta loturak sortzen saiatzeko aukera paregabea izan zen. Oso polit eta eraginkorra izan zen. Zer dela-eta egin zenuen zuk hasierako hitzaldia? Azaroan “Barbaroak eta zibilizatuak” plazaratu nuen Txalapartaren Iparrorratza bilduman, eta Iratzar fundazioa bildumaren koordinatzaile eta Future Factory-ren antolaketan parte hartzen duten taldeetako bat denez, hortik sortu zen proposamena. Beste borroka batzuekiko loturak jorratu dituzu, hain zuzen, liburu horretan. Bai. Bertan planteatu nituen ideia nagusiak agertu nituen Europako jende haren aurrean. Euskaraz idatzi nuen liburua, kontzienteki, noski, batez ere Euskal Herriko eztabaidetan parte hartzeko, baina hasieratik neuzkan kezketako bat zen bi borroka horiek, nazio gatazka eta hizkuntza borroka, beste borrokekin batera pentsatu beharra. Iruditu zitzaidan azken hamarkadetan klase borroka, borroka transfeminista edo kritika dekolonialek aurrera egin dutela nahiko era baliokide batean bezala, elkarrekin pentsatzeko, baina uste nuen lan bat egin behar genuela nazio gatazka eta hizkuntza borroka logika berberetan pentsatzeko, batez ere gero aliantzak pentsatuko baditugu, eta liburua hori egiteko ariketa bat ere bada. Hau da, borroka eta zapalkuntza guztien atzean logika parekideak dauden pentsa dezagun. Pareko logikak arlo guztietako gatazketan erabiliz. Hori da. Nik planteatzen nuen zein den guztion etsaia, eta badago XVI. mendetik abian dagoen zibilizazio proiektu bat, modernitatea, eta haren azken eguneraketa edo optimizazioa kapitalismo neoliberala da. Zibilizazio proiektu honek abian jarri ditu zapalkuntza mekanismo batzuk komunitate zapalduoi era ezberdinean eragiten digutenak, baina azkenean kapitalismo neoliberala guztiontzat berdina da. Orduan, hor sortu daitezke loturak. Gatazkan-gatazkan forma bana hartuta, baina berbera, ezta? Bakoitzean bere forma hartuko du eta bakoitzak bere historia izango du, eta hori ere ikasi eta ulertzea garrantzitsua dela iruditzen zait. Horregatik liburuan XVI. mendetik aurrerako bidea egiten dut. Hau da, nazio gatazkaren eta hizkuntza borrokaren historia barbarizazioaren ideia horretatik egiten dut, baina betiere beste zapalkuntzen historiekin batera, ikusita nola hainbat zapalkuntza historia paraleloan gertatzen diren. Liburuaren lehen partean jorratzen duzu barbarizazioa, eta bigarrenean, lau barbarizazio identifikatzen dituzu. Izendapen hauek ez ditut nik asmatu. Lehenengo barbarizazioa, XVI. mendean gertatu zena, “idolatra madarikatuarena” izan zen; bigarrena, XIX. mendekoa, “europar primitiboarena”; hirugarren barbarizazioa “etnia kolonizatuarena” da, eta laugarrena, “terrorista irrazionalarena”. Etengabe gertatu da batez ere botere guneetatik hizkuntzari egotzi zaizkiola ezaugarri batzuk, eta horiek kasuan-kasuan ezberdinak badira ere, beti erantzun diote «barbaroaren» edo «primitiboaren» edo «basatiaren» logika horri. Hizkuntzari egotzi zaizkion ezaugarri negatibo edo estigma horiek Euskal Herriko komunitate desobediente eta emantzipatzaileen aurka egiteko erabili izan dira. XVI. mendean “idolatra madarikatu” bezala identifikatu ziren sorginak, adibidez; edo, XIX. mendean, “europar primitibo”-aren diskurtsoa erabili zen landa eremuko langileak, hau da, baserritarrak exotizatzeko eta, era berean, hiri eremuko langile industrialak diziplinatzeko. Gero, XX. mendeko 60ko hamarkadan «euskal matxinada» delakoaren baitan, euskal pentsalariak saiatu ziren diskurtso horri buelta ematen; horrela, arrazaren ideia baino gehiago etniaren ideia erabiltzen hasi ziren, eta nik uste dut hor badagoela saiakera antibarbarista moduko bat, diskurtso bat Euskal Herria komunitate zapaldu gisa pentsatzeko. Baina bere mugak ditu, etnia kasik klub bezala eta ez borroken artikulaziotik pentsatuta. Horren ostean, 80ko hamarkadatik aurrera, neoliberalismo betean, gaur egun ditugun diskurtsoak daude, eta bi bide: bata, euskararen erabilera inposizio, indarkeria, antidemokraziatik pentsatzen dela adierazten duena, hizkuntzaren alde borrokatzea ekintza antidemokratikoa dela, eta euskaldun zibilizatuarena, gaur egun “neoliberalismo linguistiko” esaten zaion horretan oinarritua, guztiok hiztunen merkatu batean egongo bagina bezala, bakoitzak nahi duen hizkuntzan hitz egingo balu bezala eta guztion egitekoa gure hizkuntza saltzea, erakargarri egitea balitz bezala. Horrek saltzaile egiten gaitu. Orduan, hizkuntza inposaketarekin, antidemokraziarekin eta indarkeriarekin lotzen duen diskurtsoarekin Euskal Herriko mugimendu emantzipatzaileak estali eta estigmatizatu egiten dira. Nik uste dut estigmatizazio hori eta diskurtso hori eraitsi behar ditugula, barbaro edo zibilizatuaren logika hori hankaz gora jarri, erdigunean, hain justu, komunitate zapalduak jartzeko euskaratik, euskararen erabileratik eta euskararen artikulaziotik. Lehengoan irakurri nuen Europolen arabera Kataluniako eta Euskal Herriko mugimendu independentistak aktibo eta biolentoenak direla. Logika eta diskurtso horren arrastoari jarraitzen hasi nintzenean ez nekien behin liburua bukatu eta hortik aurrera zein erabilgarri izan zitekeen gero irteten ari diren diskurtsoak ere identifikatzeko, eta hori bada bat. Bat-batean Europako nazio askapen mugimenduak logika horren arabera kokatzen dira, mugimendu emantzipatzaile eta demokratizatzaileak terrorista eta biolento gisa identifikatzen dira. Era berean, [EBko Atzerri eta Segurtasun Politikako goi ordezkari Josep] Borrell irten zen esaten Europatik kanpokoa oihana dela eta Europa barrukoa, lorategia; berriro basatia eta zibilizatua. Eta, logika horretatik kanpo, nazio zibilizatu gabea proposatzen duzu. Hori da. Zerbait propositiboa eginez bukatu nahi nuen liburua, ez holako erabateko soluzioa eskainiz, zeren uste dut hori ez dela norbanakoaren lana, baina agian ezberdin pentsatzeko gako batzuk emanez amaitu nahi nuen. 60ko hamarkadako testu batzuk bilatu nituen, zapalkuntzak erdigunean jarrita barbaro/ zibilizatu logika horretatik ihes egiten dutenak. Identifikatu nuen, esate baterako, Franz Fanonen liburu baten itzulpena, itzultzaileek hasieran Simone de Beauvoirren lana aipatzen dute, dena euskara estandar batean, eta nik planteatzen dut hor badagoela Euskal Herri bat zeinetan euskara erabiltzen den gatazka eremu bezala borroka feminista eta antirrazista artikulatzeko, eta horrela euskal nazio gatazka ere termino berrietan pentsatzeko, eta nola artikulatuko ditugun gatazkak batera. Horrek, nahitaez, euskalduntasun berri bat dakar, esentzietan eta merkatuan oinarrituta ez dagoena, borroka guztiz demokratikoetan oinarrituta dagoena. Beste testu bat da Amaia Lasaren “Hitz nahastuak” poema liburua. «Nere zortzi deiturak ez dira euskaldunak. Nere euskara ez da garbia», dio, baina era berean, «Euskal Herria sortzen ari gara», eta hori beste poema batzuetan planteatzen du emakumearen zapalkuntzatik, edo eskubiderik gabeko nazioen ikuspegitik, eta lanak Rosa Luxemburgen aipu batzuen markoa du. Berriro ikusten dugu euskara ustez zikin bat, hainbat borroka artikulatzeko eta, poemak dioen bezala, Euskal Herria eraikitzeko gai dena. Eta ezberdin pentsatzeko proposamena hortik abiatu zen. Nik bi liburu horietan identifikatzen nuen nazioa eta nazio askapena pentsatzeko gramatika berri bat, eta gramatika horretatik nik proposatzen dut, esate baterako, goazen aberria ezberdin pentsatzera, eta ‘aberri’ hitzean esku-hartze hau egiten dut: imajinatu ‘aberri’ hitz elkarketa, ‘aba’ eta ‘erri’, sabindarra izango ez balitz, baizik eta ‘ab’ latineko aurrizkia, behetik gora eragiten duena, kanpotik barrura datorrena edo erdigunean ez dagoena adierazten duen aurrizkia; horrek ematen zidan, hain justu, gizarte borroken artikulaziotik eta ekintzatik aberria pentsatzeko gaitasuna, zeren ikuspegi horretatik aberria birdefinituko genuke behetik gora eragiten dugunon aberri bezala, kanpotik barrura datozenen aberri bezala edo erdigunea okupatzen ez dutenen aberri gisa. Hori izango litzateke, hain justu, barbaro/ zibilizatuaren logika tranpati horretatik irteteko modu bat. Bilakaera baten jarraipena da, beraz. Erabat, eta nik horri ere benetako arreta ipini nahi nion; hau da, Euskal Herrian gertatu diren eztabaidak ekarri eta horiekin aurrera egin. Orduan, bai, gaur egun dagoeneko gertatzen ari diren nazioa ulertzeko modu berri batzuetatik tiraka ari da liburua; adibidez, klase zapalkuntzaren, edo feminismoaren, edo hizkuntza borrokaren inguruan gertatzen ari direnak. Ez da faltako kaka-nahastea dela uste duenik... Errealitatea da hori. Errealitatean borroka eta zapalkuntza guztiak batera gertatzen dira eta liburuan momentuan-momentuan identifikatzen saiatu naiz zeintzuk izan diren barbarizatutako kolektiboak eta nola kolektibo horietatik artikulatzen joan den etengabe gu jakin bat, gu euskaldun jakin bat. Kontua izaten da, eta horri aurre egiten saiatu naiz, zerbait idaztean beti ematen duela errealitatea holako konpartimentuetan banatzen ari garela, eta konpartimentu jakin bati arreta jartzen, baina esan duzuna, errealitatea holakoa da, kaka-nahastea, dena batera gertatzen ari da etengabe. Esan duzunez, liburua espero baino erabilgarriagoa da. Nik uste dut honezkero liburuak bide pixka bat egin duela. Izan dut Future Factoryn bertan Europako eragileekin eta Euskal Herriko irakurleekin hitz egiteko aukera, eta jendeari erabilgarria izan zaion inpresioa izan dut. Tira, benetako gako batzuk ematen dituela iruditu zait. Irakurle batek esan zidan -eta horrelako gauza politak esaten dizkizutenean apuntatu egiten dituzu- , liburua bera ere gorria denez, hizkuntza borrokak liburu gorri bat behar zuela, eta nirea dela. Nik ez dakit hau den hizkuntza borrokaren liburu gorria, baina egia iruditzen zait gure hizkuntza borrokak liburu gorri bat behar duela, eta honek horretarako bidea egiten laguntzen badu, pozik. «Hizkuntzari egotzi zaizkion ezaugarri negatibo edo estigma horiek Euskal Herriko komunitate desobediente eta emantzipatzaileen aurka egiteko erabili izan dira» «Gaur egun dagoeneko gertatzen ari diren nazioa ulertzeko modu berri batzuetatik tiraka ari da liburua; adibidez, klase zapalkuntzaren, edo feminismoaren, edo hizkuntza borrokaren inguruan gertatzen ari direnak»