29 JUIL. 2023 «JAIOBERRIEN KUTXAK» Abortuaren alternatiba «garbia»: etsia eta kriminala «gauza on» bihurtu nahi da Abortua iraganeko kontu bihurtzeko eta haren erabateko debekua erakartzeko panazea berria da AEBetako eskuin ultrarentzat: amek, anonimoki eta prozesu penalen kezkarik gabe, haur jaioberriak uzteko segurtasun kutxak dira. «Garapen moderno» bat dela diote, baina Erdi Aroko praktika aberrante baten eguneraketa kriminala da. Ofizial bat kutxa hauen funtzionamenduaren argibideak ematen. (GAUR8) Mikel Zubimendi Gero eta gehiago daude. AEBetako hamabi estatutan ohikoak bilakatu dira, paisaia urbanoaren parte. Suhiltzaileen kasernen sarreretan aurki daitezke. Herriko liburutegian maileguan hartutako liburuak bueltatzeko dauden kutxen antzera, haur jaioberriak utz daitezke bertan; izenik eman gabe eta zigor mehatxurik gabe. Tenperatura kontrolatua dute, aire girotua, eta jaioberria kutxan sartu bezain pronto larrialdi zerbitzuei deitzen zaie haurra lehenbailehen ospitaleratzeko. Eskuineko sektore ultrenentzat abortuaren alternatiba bat da: adopzioak biderkatuko dituen mirakulua. Zertarako abortatu? Zergatik ez ezarri muga moralak emakumeek bizi behar dituzten bizitzetan? Hau omen da modernitate berria, aski ultra den Auzitegi Gorenaren berme legal guztiekin batera etorria. AEBetako Auzitegi Gorenak 1973an abortua eskubide konstituzional bezala bermatzen zuen Roe v. Wade aurrekaria atzera bota zuenetik, nabarmendu egin da kutxa hauen ugalketa esponentziala. Epai hori iragarrita zegoen, baina kolpea izugarria izan da: abortu eskubidea indargabetu ez ezik, estatu bakoitzaren gain utzi da auziaren gainean erabakitzeko eskumena. Hala, jada herrialdeko estatuen erdietan baino gehiagotan abortua debekatu da edo haurdunaldia eteteko aukerak murriztu dira. Roe v. Wade atzera botatzeko epaian bertan, Samuel Alito eta Coney Barrett epaile katoliko eskuindarrek «aterpe seguruen» legeak aipatu zituzten: lege horiek jaioberrientzako kutxa hauei oinarri juridikoa ematen diete eta ama berriei beren haurrak anonimotasunez uztea ahalbidetzen die. «Garapen moderno» bat zela zioten, abortuaren beharra deuseztatzen zuena. Azken mende laurdenean, politika publikoak, bere ametsetako helburua lortzeko, ongi maneiatu ditu abortuaren kontrako mugimenduak. Eta desiratuak ez diren haurdunaldien aurrean, adopzioa gizalegezko soluzio bakar bezala aurkezten jakin dute. Agenda horretan, ditxosozko kutxa hauek perfektuki sartzen dira. Erdi Aroa moderno? Alito epaileak, bere arrazoibidean, honakoa gehitu zuen mende erdia zuten lege aurrekari eta eskubide guztiei su eman zien pospolo kaxara: «jaioberrientzako kutxek ezkongabeen amatasunaren estigma txikiagotzen dute». Baina estatu ezberdinetako ganberek abortatu nahi duten emakumeak eta haiei laguntzen dien edonor zigortzeko lege gero eta drakoniarragoak onartzen dituzten neurrian, inozoa da imajinatzea estigma zaharrak berriz ez direla itzuliko; besteak beste, lotsa sare sozialetatik klik bateko distantziara dagoelako egun. Jaioberrientzako kutxaren irudia. Kanpotik labe handi baten antza du: altzairuzko ateak dituen tramankulua irekitzean, kuxin finez estalitako plastikozko kutxa erakusten du. (GAUR8) «Garapen modernoa»? Bai zera! Erdi Aroko praktika bat da, XIII. mendean Italian sorturikoa eta oraindik indarrean dagoena. XX. mendeko italiar belaunaldiko emakume askok baiezta dezakete, baita beren seme-alabek ere. Emakume bati, anonimoki, bere haurra entregatzea beste aukerarik ez ematea, horrela paratzea zilegi bazait, galbidean bizitzeko bide zuzena da. Erromako Eliza Katolikoak, arrazoi moralengatik, bereziki 1940-50eko hamarkadetako Pio XII kontserbadorearen aitasantutzan, eta italiar Estatuak, gizonezkoen oinordetzako eskubideak babesteko xedez, jaioberrien entrega anonimoa bultzatu zuten. Aita biologikoak joan eta lasai desager zitezkeela bermatuz, ardura eta erru guztia emakumeen gain jartzen zen; eta indargabe eta izuti,, haurrari uko egiteko sinatu behar zituzten inprimakiak askotan ez zituzten ulertu ere egiten. Estatuaren tutoretzapean geratzen ziren seme-alabei gezurrezko abizendun jaiotza egiaztagiriak ematen zizkieten; nazioarteko adopzioen makineria olioztatuan sartzen zituzten. Dokumentu faltsuok, jaiotza egiaztagiri zigilatuok, haien mediku-informazioa ezkutatzen zuten. Polizien pelikuletan bezala, lekukoen babeserako programa batean zeudela zirudien. Eta, genetika genealogikoak gauzak dezente aldatu dituen arren, batzuek berdin segitzen dute. «La ruota» tramankulua «Aterpe legeen» eta jaioberrientzako kutxen genealogia arakatzeak, beraz, XIII. mendeko Italiara garamatza. Han jaio zen «la ruota» mekanismoa: haur abandonatuentzako gurpil moduko bat zen, tramankulu zilindriko bat: buelta erdi bat emanda ezkongabe edo desesperatuta zegoen amarena izateari uzten zion haurrak, eta umezurtz-etxearena bihurtzen zen zuzenean. 2006. urtean abortuaren kontrako Italiako mugimenduak «ruota» berrezarri zuen; goi mailako teknologiaz hornituta eta tenperatura kontrolatuarekin, baina izena aldatuta: «culla per la vita» (bizitzaren sehaska) deitzera pasatu zen. Estatubatuarrek pentsatzen dute Italia «mamma e bambini»-en herrialdea dela, amaren maitasunez lepo dagoela, ez daukala zerikusirik irlandar arima aszetikoarekin. Baina ama izateko zein emakume mota den gai eta zein ez ebazterakoan, Italiako eliza liderra izan zen mundu osoan. Katolizismoan oso errotuta zegoen ideia zen: «Eskubiderik ez zenuen harreman sexualak izan dituzu eta, modu batean ala bestean, zigortu egingo zaitugu». Eta zigorretako bat haur jaioberria kentzea zen. Umeak entregatzeko «ruota» Italiatik Europa katolikora eta Errusiara zabaldu zen, emakumeen ugalketarako jokaerak kontrolatzeko mekanismo bilakatuta. Beste hitz batzuetan esanda, Erromako Eliza Katolikoak, eta ez AEBetako Konstituzioak, jaioberrien kutxen aldeko jatorrizko argudioa eman zuen. Anonimoki jaioberriak abandonatzeko kutxak suhiltzaileen kasernen sarreretan aurki daitezke. (GAUR8) Mendeetan zehar, Elizak emakumeak zaintzapean izan zituen; gaur egun Texaseko legeek abortatzen duen emakumeari buruzko informazioaren truke dirua ematen duten bezala, edo emaginak jaiotza guztien berri eman dezaten behartzen dituzten bezala. Batez ere protestanteen presioaren ondorioz, tramankulu horren akabera etorri zen XIX. mendearen amaieran. Eta ez, jaioberrien kutxa hauen jatorrietara begiratzea ez da oin-ohar historiko bitxi bat gehitzea; ohartarazpen bat ere bada, iragana orain nola bizi den eta etorkizunari forma berriak emateko bideak nola aurkitzen dituen gogorarazten diguna. Tramankuluak bukatu ziren, bai; baina beren euskarria zen logikak -ama ezkongabeen gaineko enfasiak- bere horretan jarraitzen du. Iraultza kopernikarra Zauriek hor segitzen dute: ugalketarako aukerak ukatu zizkieten emakume haietako batzuek, engainatuta, gezurra esan zuten, adopzioa errazteko: hots, haurra hilda jaio zela. Seme-alabei beren jaiotzako nortasuna ukatu zitzaien, amak errukirik gabe abandonatu zituela sinetsaraziz. 70. hamarkadan jaiotza-kontrola eta abortua legeztatu ziren, eta orduan, ama ezkongabearen estigma txikiagotu egin zen, sistemak ahalbidetutako nazioarteko adopzioen bideak dezente itxiz. Italiako esperientziak AEBetan gertatzen ari dena ulertzeko atzerako ispilua eskaintzen du. Auzitegi Goreneko gehiengo katoliko ultrak Roe v. Wade bertan behera utzi izana, eta bizitzaren zirkunstantziek edo beharrezko baliabide faltak inguratuta dauden ama berriek umetokian hazi duten haurra suhiltzaileen kaserna batean entregatzea beste aukerarik ez izatea, integrismo erlijioso batek politika publikoekin izan duen talkaren seinaleak dira. Jaioberrientzako kutxak labe handi baten antza dauka: altzairuzko ateak dituen tramankulua da, irekitzean kuxin finez estalitako plastikozko kutxa erakusten duena. Leku horretan uzten du amak haurra anonimoki. Haur bat toki publiko batean abandonatzea, behinola krimen bat izan zena, egun, traumatizatutako amei egindako gonbidapen bat da. Haurra utzi, eta ospa! Baina nola gertatu da iraultza kopernikarra? Nola bihurtu da krimena zena «gauza on»? Beren sexualitatea eta gorputzen gaineko kontrola baieztatzeagatik, Erromako Eliza Katolikoak ezarritako mendeetako lotsen bertsio modernoa da. Eta bere ondorioak beldurgarriak dira, bai ama horien osasun emozional eta psikologikoarentzat, bai beren seme-alabenentzat. «Bizitzaren kultura» «Aterpe seguruen» legeen eta jaioberrientzako kutxa hauen atzean zegoen ideia «amek egindako infantizidioak» etetea zen; hots, komunikabideetako atentzioa jaso arren, oso gutxitan gertatzen diren kasu horiek murriztea; zaborrontzi batean bilatzen diren jaioberrien inguruko kasuak ekiditea. AEBetako legegileek babestu egin zituzten, askotan bi alderdien oniritziz, ama biologikoen eta seme-alaben epe luzeko ondorioen inguruko ikerketarik gabe, eta historian zehar emakumeen ugalketa jokaerak nola kontrolatu dituzten arakatu gabe. Hori da egia: ustez ezkerrekoak ziren legegile askok baiezkoa eman zioten, umeek zaborrontzietan bukatu ordez egiten zen dena zilegi zelakoan. Kutxa erabiltzeko argibideak biltzen dituen afixa. (GAUR8) Orduan, AEBetako bizibide mailak egokiak ziren, antisorgailuak oro har eskura zeuden, abortua legezkoa zen, ezkongabeen amatasunaren estigma askoz ere txikiagoa zen, eta adopziorako lege eta azpiegiturak ongi ezarriak ziren. Nola sartu ziren menuan «infantizidioaren» eta «ezkutuko haurdunaldien» gaiak? Abortuaren kontrako mugimenduen jokaldi azkarra izan zen: zaborrontzietako haur abandonatuen kasu sentsazionalisten atzean eztabaida erreformulatu zuten: «abortatzeko eskubidea» eta «infantizidioa» utzi, eta «jaiotzera doanaren bizitza» eta «haurren bizitza» aipatuz. «Aterpe seguruen» eta kutxen beharrak gainbeheran zegoen herrialde baten erretratu iluna egiten zuen. Eta helburu politiko baten mesedetan jarri zen dena, «bizitzaren kultura» delakoaren zerbitzura. Hartara, Roe v. Wade bertan behera uztea ezinbesteko lorpen praktikoa izan behar zen. «No shame, no blame, no name» «Bizitzaren kultura» esaldia alderdi errepublikanoaren hiztegiaren parte egin zen, Juan Pablo II aitasantu kontserbadore poloniarrak 1995eko entziklika batean erabili zuenetik. Dena okupatzen ari omen zen ustezko «heriotzaren kulturaren» -erakusle garbienak abortua eta kondoiak ziren- aurkako antidotoa zen. «Bizitzaren kultura» alderdiaren programa politikoan sartu arren, aurrekariak ere hor zeuden. 1951ko entziklikan Pio XII aitasantuak «bizitzeko eskubidea» sartzean, zera idatzi zuen: «bizitzeko eskubidea zuzenean Jainkotik dator, ez gurasoengandik, gizartetik edo giza-autoritatetik». Eta ideia abortuaren kontrako mugimenduen lelo bihurtu zen. Jaioberrien kutxen afixetan «No shame, no blame, no name» (lotsarik ez, kulparik ez, izenik ez) irakur daiteke. Umea entregatzearen ekintza traumatikoa eslogan erraz batera mugatzen da. Baina haurren abandonu publikoa ez zen arazo sozial partikularki premiazkoa; ikerketa baten arabera, 1998an AEBetan bizirik jaiotako lau milioitik 105 leku publikoetan abandonatu ziren, horietatik 33, hilda. Noski, halako kasu bakoitzak tragedia handi bat du atzean, baina «amen infantizidioa» ez zen eta ez da haurren heriotzen arrazoi nagusi bat, inondik ere. Bazeuden sentsazionalismo gutxiagokoak eta premiazkoagoak ziren arrazoiak. Eta badaude. Haur bat toki publiko batean abandonatzea, behinola krimen bat zena, traumatizatutako amei egiten zaien gonbidapen publikoa da egun. Haurra utzi ezazue kutxan, eta ospa! Jaioberrien kutxetan «No shame, no blame, no name» (lotsarik ez, kulparik ez, izenik ez) irakur daiteke, umea entregatzearen ekintza traumatikoa eslogan erraz bihurtuta Gizonen oinordetzako eskubideak babesteko, Erromako Eliza Katolikoak jaioberrien entrega anonimoa bultzatu zuen. Aitak lasai desager zitezkeen, ardura eta errua amaren gain utziz Emakume batzuek, engainatuta, adopzioa errazteko gezurra esan zuten: haurra hilda jaio zela. Eta beren seme-alabei sinetsarazi zitzaien amak errukirik gabe abandonatu zituela