GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Harmoniaz

Aldo Rossi-ren Berlingo etxebizitza bloke baten inguruko ikerketa. (GAUR8)

Opor garaia izanik, mendi edo hondartza dikotomiatik haratago, gutako askok beste jomuga bat izango dugu udan: Hiria. Egiari zor, ez ditugu hiri osoak bisitatzen, hirien erdiguneak baizik, bertan baita nabarien, edo hala pentsatu nahi dugu, hiri bakoitzaren arima.

Espazio eraikiek sentsualitatea dute. Hau hala da gizakiok gure gorputzarekin bizi ditugulako eta zentzumenekin hautematen, hiritik mugitzea esperientzia sentsoriala bihurtuz. Esperientzia hori baina, planifikatua al da? Normalean ez. Gehien bisitatzen ditugun hiriak zaharrak izan ohi dira: Erroma, Venezia, Marrakech… Denboraren, kultura trukeen eta suntsitze eta berregite mendeen ondorioa. Nola lortzen dute hiriok, nahasketatik sortuak direnek, osotasun koherente bat osatzea? Bi ezaugarri nagusi dira, nire ustez, erantzuleak: eskala eta ordena.

Eskala, pertsonaren eta eraikinen artekoa, edo eraikinek haien artean duten dimentsio harremana litzateke. Eraikin baten zatien eta haren osotasunaren artean erlazioa egon behar da, pertsonen eta eraikinaren zatiaren artean egon behar den bezalaxe. Ordena erritmo bat da, elementuak antolatzen laguntzen duena, eta hiri paisaiari homogeneotasuna ematen diona. Ordenaren apurketak salbuespenak sortzen ditu, eta hala, monumentuak, elizak eta eraikin esanguratsuak salbuespenak dira, baina paisaia homogeneo baten barnean, koherenteak izan daitezke. Eskalaren eta ordenaren konbinazio egoki batek paisaia harmonikoak sortzen ditu. Bisitatzeko gustatzen zaizkigun hiri zati horiek, normalean, harmonikoak dira, hau da, gizakiari egokitutako eskala dute, ordena edo erritmo bat jarraitzen dute, eta noizbehinka salbuespenek koloreztatzen dituzte.

Planifikazioaren aroan, nekeza da onartzea planifikatu gabearen estetikak erakartzen gaituela nagusiki, eta hirigile edo arkitektook, gure lanaren balioa zalantzan jartzera garamatza zenbaitetan. Ez al litzateke hobe ausaren eta garapen naturalaren esku uztea hirien eboluzioa?

Ba ez du zertan. Esperientziak eta historiak erakutsi dute, plangintzak ere hiri ederrak, atseginak eta beste ezeren aurretik, bizigarriak egin ditzakeela. XIX. mende bukaeran, hirietarako migrazio masiboari konponbide bat emate aldera, eta antolakuntza faltak suposatzen zuen kaos eta higiene ezaren aurrean, hirigintza sortu zen diziplina moduan; Cerdá katalanak izendatu zuen hala. Cerdák berak diseinatutako Eixample edo H.P. Berlageren Amsterdam Zuid auzoak dira planifikazio aro honen bi eredu ederrenak segur aski, eta haien ezaugarriak dira eskala eta ordena. Eraikinen altuerak, eta leiho zein ateen erritmo homogeneoak, bere salbuespen eta berezitasunekin, paisaia harmoniko eta atseginak lortzen dituzte, bizitzeko zein bisitatzeko. Bonus point, arbolez beteta daude biak.

Arkitektura modernoak, zonifikazioaren eta material berrien agerpenarekin, arkitektura eta hirigintza diziplinak banandu, eta hiri paisaiaren diseinu bateratua alde batera utzi zuen. Hiri gehienen aldiriak garai honen oinordeko dira, sistemak batetik eta eraikinak bestetik pentsatuak, hiri tradizionalaren harmonia eta koherentzia galduta. Aldiri hauek zaharkitzen hasiak diren honetan, berauek birpentsatzeko garaia heldu da seguruenik.

Hiriaren osotasuna diseina daitekeela eta haren arrakastaren ardura diseinatzaileari dagokiola pentsatzea handiustekeria litzateke; baina garrantzitsua da, bai proiektu berrietan eta baita birgaitzeetan ere, hiri paisaia harmonikoaren inguruko gogoeta hau egitea; arkitekto batek bi bezero baititu beti, lana ordaintzen duena eta hiria bera. Hiriaren hobekuntzan pentsatzea, bezeroaren eskaria betetzearekin batera, kontuan hartu behar da.

Iraganak lezioak ematen dizkigu, eta etorkizunak, ateak ireki. Egin zenak, egiteke dagoena orain arte baino hobeto egitera gonbidatzen gaitu, eta orainak, iraganean pentsaezinak ziren baliabide teknikoak eskaintzen dizkigu. Teknika eta esperientziarekin, giza eskala duten eta inguruarekin koherenteak diren paisaia garaikideak eraikitzea lortuko dugu; agian, etorkizunean, nor edo nor bisitan etortzeko modukoak. Bitartean, disfrutatu oporrez. Uda on izan! •