GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Pozik, baina paparra puzteke


Hauteskundeen ajeak Euskal Herrian poz puska eder batzuk eta, batzuentzat, buruko min handi batzuk utzi ditu. Oro har, lasaitu ederra hartu, edo, nahi bada, eskapada ederra egin da. Baina, bai, esango nuke gure herria ez dela inoiz hainbeste poztu PSOEren emaitza batekin; faxistak gobernuan egongo ez direla lorpen handi bat bezala dastatu du, agian EH Bilduren emaitza ikusgarriak baino lorpen handiagoa bezala. Larrimina sentitzen baitzen; begi batekin gureari eta bestearekin Madrilgoari begira zorabiatzear zegoen jendea, abertzaleak, aurrerazaleak, emakumeak, presoen senideak... Herri honen pultsua erritmo horrekin bizi zen. Bai, pozik dago Euskal Herria. Oso garbi hitz egin du: faxistak gobernutik kanpora! Hori da orain printzipaletan printzipalena. Eta horretarako, boto erabilgarriak bi izan ditu: PSOE eta EH Bildu. Mandatu argia eman du, eta bete egin behar da.

Itxaropentsua naiz. Hauteskundeen errepikapena ez dut ikusten, faxistei bigarren aukera bat emango zaiela ez dut sinisten, ez dut sinistu nahi. Inoren buruan ez dagoelako politikoki buruaz beste egitea. Eta hori lortzeko, zalantzarik gabe, gure herriak txalotu eta saritu egingo du prezioen eta marra gorrien jokoetan ez kateatzea.

Emaitzek utzitako argazkia trazu xeheagoetan marraztean, EH Bilduk erronkari oso ondo eutsi dio eta oso gora begira dagoela ikusi da. Badu pozik egoteko motiborik; notarekin pasatu du etsamina, eta notarekin borobildu du ziklo oso bat. Ikusgarria! Lan egiteko oinarri zabala, lurralde hedadura eta oreka aski interesgarriak dauzka; aurrera begira, patxada ederra eta gertu diren erronkei begira txanpa polita eskuratu ditu. Eta pozak biderkatzeko, EAJ nahi zuen lekuan dauka, errematerako aukeran.

Hala eta guztiz ere, hauteskundeetako emaitzokin ospatzeko baduen arren, zenbait gauza hobetzeko seinaleak ere aditu beharko lituzke EH Bilduk, gotortuta eta paparra puztuta ez geratzeko. Umil ekinez, emaitza politok ezin dute ariketa kritiko hori atzeratu. Oso pozik gaude, arrazoi osoz. Horregatik, hain zuzen, etxafuegorik ez. Eta, aukeran, zoritxarrez kanpainan aditu ditudan «petatuko dugu!» bezalako mezu handiputzik gabe, «beste gau magiko bat bermatzen dugu» eta halakorik gabe. Aseguruak Lagun Aro-n, edo bakoitzak nahi duen konpainian, baina politikan ezin da magia aseguratuz edo bermatuz ibili, areago zurea ez den kapital batekin jardunez. Jendearena da botoa, norberarena, ez inongo siglena, ezta EH Bildurena ere.

Etorkizunaren aurreikuspenak urritu diren honetan, herri mailako erabakiak hartzea izango dugula ziurtatzeko garaiak dira. Oso zentzuzkoa da pentsatzea sistema gero eta disfuntzionalagoa bihurtuko dela, haustura-punturanzko joerak ez duela etenik izango. Puntu horietarainoko bidaian ez goaz autoan lasai eserita; bolantea esku artean dugu. Fuerte oratu beharko dio EH Bilduk.

Euskal jendearentzako herri libre eta hobe bat egiteak merezi duelako, datorkiguna ez da batere erraza; inoiz izan al da? Ez da arrosak biltzearen parekoa izango. EH Bilduk, apal eta lana erruz eginda, zorte on dosi eder bat alde beharko du. Batasuna zaintzea eta autoestimua altu atxikitzea, bere indarrean konfiantza sendo eustea beharko du. Baikortasunerako motiboak, baina, ez dira falta. Urratu diren zakur bideetan egin den bidea eginda, etorri den lekutik etorrita, sekulakoa da marka! Pozik egotekoa, baina paparra puzteke. •