05 AOûT 2023 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } UPNren gainbehera bera izan lezake EAJk? Ramon Sola Aurreko hamarkada hasi zenean, jaun eta jabe zen UPN Nafarroan. 2011. urteko maiatzeko hauteskunde foraletan bozen %35,40 eskuratu zituen, 111.474 hain zuzen ere. Lau urte geroago, ia 20.000 gutxiagotara murriztu zen, 92.705, eta zortzi puntu gutxiagoko (%27,44) portzentajea zuen. Horrekin, 1991. urtetik ia etengabe kudeatzen zuen eta itxuraz betierekoa zuen Nafarroako Gobernua galdu zuen. Udal mailan are kolpe gogorragoa hartu zuen, Cintruenigo izan baitzen bere agintepean jarraitu zuen udaletxe handiena. Geroztik, gainbehera nolabait etetea lortu du alderdiak, baina susperraldirik ez da izan: hirugarrenez jarraian Nafar Gobernua ez da bere eskuetan egongo, eta amesgaizto okerrenean ere aurreikusiko ez zuena gertatu berri da: PPk sartutako labankaden ostean, hauteskunde espainiar batzuetan EH Bilduren azpitik izatea. Hamarkada honi ere jaun eta jabe izanez ekin dio EAJk EAEn, 2019-2020 hauteskunde zikloan zazpi agintaritza politiko nagusien jabetza berretsita. Baina azken bi hauteskundeotan antzeko gainbehera jasan du elkar kateaturiko bi bozketetan: maiatzeko foraletan 85.000 boz galdu eta lau puntu jaitsi ostean, espainiarretan 103.000 boz eta zortzi puntu joan zaizkio, 2015. urtean UPNri gertatu zitzaion legez. Ba al da bien artean konparatzerik? Dinamika bera al da batena eta bestearena? UPNren gainbehera bera izan al lezake EAJk, antzeko ondorioekin? Bai eta ez. Balantza baietzaren aldera eramaten dituzten arrazoiak egon badaude, antzekotasun nabariak daudelako bi kasuon artean. Bost nabarmenduko nituzke, eta seigarren bat, behintzat aipatu. 1) Kudeaketa okerra, arlo askotan jazoa, baina eragin handiko kasu bakar batean adierazia: Nafarroako Kutxaren desagertzea izan zen Nafarroan eta Osakidetzaren zerbitzuaren makaltzea, EAEn. 2) Ustelkeria, hau ere eskandalu pare batean ikusarazia: Kutxako dietak orduan, De Miguel auzia orain. 3) Harropuzkeria eta autokritika eza: Sanz eta Barcinaren bide beretik doaz orain Ortuzar, Egibar eta Urkulluren hitzak eta ekintzak. 4) Aurreko zikloa betikotzeko gogoa: ETAren geltokian gelditu nahi izan dute batak zein besteak -mezuei, politika egiteko moldeei eta aliantzei dagokienez-, baina gizartea daraman trena dezente aurrerago dabil. 5) Erabaki politiko okerrak: PSNrekin koalizio gobernua osatu eta urtebetera ostikoa eman zion Barcinak, eta EAJ PSErekin tirabira arriskutsuan dabil orain ere, lehenik Feijoori keinuka, eta gero Etxebizitzaren Legeari jarritako helegitearekin. Eta, azkenik, 6) Lidergoa: askok ahaztu badu ere, 2015eko hauteskundeetara Barcina aurkeztekoa zen, karguan segitzeko asmoz, baina UPNren aurreikuspenak nabarmen okertu ostean, azken unean alde batera egin zuen, Esparzari bide emanez. Nola jokatuko du Urkulluk? Ezetz ondorioztatzeko motiboak ere badaude. Kokapen politikoan euskarri sendoagoak ditu EAJk; ez litzateke UPN bezain bakartuta geldituko. Zenbait botere faktikoekin (ekonomikoak, hedabide nagusiak...) estuago uztartua dago. Bere bezero-sareek urte gehiago eta sakontasun handiagoa dute. Bilduren aurkako Gipuzkoako 2011-2015 legegintzaldiko kontraerasoan aski frogatuta geratu zen boteregune horien gaitasuna, Nafarroan ez bezala. Denborak -eta jendeak, jakina- esango du. Beharbada gehiegi itxaron beharrik gabe. • Antzekotasun ugari eta oso nabariak daude bi kasuon artean, baina EAJren euskarriak UPNrenak baino indartsuagoak dira oraindik ere