12 AOûT 2023 1985eko Donostiako Aste Nagusia, ikurrina eta kargak (ARTURO DELGADO) Juantxo EGAÑA Alboko irudietan, 1985eko abuztuaren 14an jasotakoa. Donostiako Aste Nagusia zen eta arratsalde horretan segizio ofizial bat udaletxetik Santa Maria elizara joan zen, bertan Salbea ospatzera. 19:30ean Herri Batasunak ikurrinaren alde deitutako manifestazioa hasi zen Bulebarrean eta ordu erdi lehenago presoen senideek elkarretaratzea egin zuten. Manifestazioaren hasieran, koalizioko zinegotziak udaletxearen alboko balkoi batetik ikurrina bat astintzen agertu ziren, masta batean jarrita. Txalo artean, “ikurrina bai, espainola ez” oihua entzun zen. Manifestazioa igarotzen zen bitartean, poliziak ikurrina kendu zuen. Baina bueltan berriz jartzea lortu zuten. Behin manifestazioa amaituta, milaka pertsona hiriko erdiguneko kaleetan zehar zebiltzan. Gobernu Militarraren inguruan zegoen Espainiako poliziaren karga batek liskarrak eragin zituen, ordea, eta “Egin” egunkariak ondorengo egunean jaso zuenez, zaurituak eta jipoituak izan ziren kargaren ondorioz. Arturo Delgadok egindako argazkietan manifestazioaren hasieraren eta Espainiako poliziaren kargaren une bat ikusten da. Azken horretan, eta irudian ikus daitekeenez, lurrean polizia baten pistola dago, kargaren unean erori zitzaiona.