GAUR8 - mila leiho zabalik

Ezinbesteko bidelagunak

Irudian, Michael Jordan saskibaloi jokalari ezaguna. (Frank FIFE | AFP)

The last dance» dokumentalean Michael Jordan saskibaloi jokalari aski ezagunaren bizitza kontatzen da, haren kirol ibilbidean zentratuta bakarrik (agidanez, nahita hartutako erabakia, arreta gutxi eskuratu zuten bere bizitza pertsonalaren inguruko hainbat kapituluk arrasto beltzik ez uzteko). Besteak beste, garbi uzten da Jordanen ibilbide arrakastatsua ezin dela banandu Phil Jackson entrenatzailearen eraginetik. Hain zuzen ere, jokalari onena izateaz gain, talde oneneko jokalaria izatera iristeko, mentalitate aldaketa hori erakusten da, enpatia eta estrategia bikainez Jacksonek kudeatuta. Jordanen irabazteko obsesioa eta motibazioa muturrekoak dira, baina eskala txikiagoetan jarrera berberen eragina paraleloa da.

Ingelesez coach esaten zaio entrenatzaileari. Eliteko atleta edo kirolari guztien ondoan dago coach bat. Enpresa testuinguruan metafora hori erabiltzen dugu coach exekutibo baten lana azaltzeko orduan. Kirolean maila altuetan dabiltzan horientzat bezala, normalizatu beharko litzateke negozioen edo enpresen lidergoan dabiltzan horiek ere behar dutela coach bat. Halaber, norberaren garapen eta esplorazio bide horretan lagunduko dion gidari bat behar dute. Jordanek behar izan zuen bezala.

Argitu dezagun oinarrizko ezberdintasun bat, askotan nahasmena sortzen duena. Coach-ek galderak eginez laguntzen diote bati erantzunak aurkitzen; mentoreek galderak erantzuten dituzte haien esperientzian oinarrituta. «Zer nahi duzu? Jokalari onenaren saria irabazi urtero edo talderik onenean jokatu?», galdetu zion Jacksonek Jordani, eta iritsi nahi zuen leku hartarako bidean lagundu zion.

Duela hamalau urte izan nuen lehenengo “coaching” saioa. Hasieran sentitu nuen deserotasunaren balioa -beste baten ahotik nire barruan nituen hainbat galdera entzuteak sortua- eta nire ibilbidearen kontrola nik hartzeak zuen garrantzia izan ziren hasierako ikaskuntzak. Orduz geroztik, ia beti izan dut alboan coach bat, eta ezinbestekoak izan dira hainbat erabaki hartzeko orduan, erronka bakoitza soluzio bihurtzearen indarraz ohartzeko, aukerak sortzearen garrantziaz jabetzeko, nire bertsio onena zein den ikasteko eta norberaren onarpena sustatzeko. Behin eta berriz erakutsi didate enpatia, potentziala maximizatzea eta taldekideak ondoan eramatea ezinbesteko parametroak direla edozein lider edo kudeatzailerentzat. Enpatiazko lidergoaren balioa gutxietsita dagoela esango nuke, nahiz eta gero eta gehiago entzuten den hainbat lekutan.

Estimu berezia diot oraindik ere izan nuen lehenengo coach-ari, gizonezkoak gailentzen ziren egoera estigmatizatuetan ausardia eman zidalako, nire garapenean lagundu zidalako eta aurrerago, coach exekutibo ikasketak egiteko bultzada eman zidalako. Oraindik ere askotan gomendatzen diet coach hura besteei. Batzuek «orain ez dut coach-ik behar» edo «lanpetuegi nago» erantzun inkoherenteak ematen dizkidate. Hor dago, hain zuzen ere, errore handiena. Coach bati ezetz esan behar badiozu, arrazoi bakarra dago: zeure emaitzak eta eraginkortasuna zeure gaitasunen maila gorenean izatea (eta zure ingurukoek ere hori bera egiaztatzea). Tamalez, hori ez da askotan gertatzen. •