02 SEPT. 2023 { KOADERNOA } Primatologiatik giza ingenieritzara: naturaren erabilera politikoaren adibidea Mijo LIZARZABURU Natural gisa izendatzen denak ordena ontologiko-politikoak justifikatzeko ahalmena dauka. Zientzia ezagutzaz eta botereaz arduratzen da, natura kategoria eraikitzean, natur zientziek mugak ezartzen dizkiete historiari eta indibiduoen eraikuntzari. Zentzu horretan, natur zientziek gorputza eta komunitatea menderatzeko tresnak hornitzen dituzte. Hori ulertzeko, interesgarria da Donna Harawayk “Zientzia, Cyborgak eta Emakumeak” liburuan azaltzen duen Robert Yerkesen XX. mende hasierako primateen psikobiologiak gizarte estatubatuar kapitalistan izan zituen ondorioak ikustea. II. Mundu Gerra aurreko Estatu Batuetako aro industrialean, Robert Yerkesek erakutsi zuen primateen gaineko ikerketek giza ingeniaritzan izan dezaketen eragina. Yerkesen primatologia psikologia bidezko dominazio-teknologien adibide garbia da, Bigarren Mundu Gerra aurreko kontrol teknologien eta Mendebaldeko psikopolitika arrazista eta patriarkalaren eredua. Robert Yerkes 1876an jaio zen gerra zibilaren osteko Estatu Batuetan, Pennsylvaniako nekazaritza eremu batean. 1897an Ursunius Collegen medikuntza gradua eskuratu ostean, Harvarden jarraitu zituen ikasketak, horrek psikologiarekiko interesa piztu ziolarik. Psikologian eskuratutako tresnek primateen azterketa psikobiologikoa garatzea ahalbidetu zioten. Primateak gizakiak ulertzeko modelo bihurtu ziren, lanerako, egokitzerako eta ugaltzeko zituzten gaitasunengatik. Orduan, ikuspegi zuri arrazistatik, primateak zibilizatzeko esperimentuak hasi zituen, beste kontinenteetan aurkitutako txinpantze eta orangutan inteligenteenak harrapatu eta bere laborategira eramanda. Tximinoak bananak lortzeko makilak elkartzen edo kutxak pilatzen ikustea, inguruaren determinismoaren aurkako autoegokitzapen-borroka gisa ulertzen zuen. Tresnen erabilera eta eraikuntza izan ziren egokitzapenaren etaparik garaiena, natur zientzien eta teknologiaren jatorria. Yerkesen ikuspegitik, ezagutza-modu gorena ez zegoen introspekzio eta onarpenarekin lotuta, kontrol arrazionalarekin baizik. Primatologiak biologiaren eta giza zientzien arteko bitartekari funtzioa zuen, naturaren eta kulturaren doktrinak birformulatzen ari ziren garaian. Yerkesek fisiologiaren eta medikuntza zientifikoaren ereduan oinarritutako nortasunaren zientziak garatzen zituen, eta jakintza hori oso baliagarria egin zitzaion garaiko industria-langileen portaera aztertzeko. Garai hartako industriako kudeaketa zientifikoaren helburuak langile indibidualen mikrokontrola, hierarkia kooperatiboak ezartzea eta kontrol-funtzioen eta eskuzko lanaren arteko bereizketa argia markatzea ziren. Yerkesen psikobiologiaren helburua organismo indibiduala eta gizarte modernoak sortzeko egokiak ziren adimen- eta moldagarritasun-hierarkiak aztertu eta produzitzea zen. Une hartan eman zuen primateen laborategian jardutetik giza ingeniaritzarako jauzia. Langile indibidualen eta ekoizpenean eragina zuten giza faktoreen azterketa aro berrirako funtsezko diziplina gisa ikusten zuen. Yerkesek, lantegi osoaren dinamika aztertu beharrean, langileak aztertu zituen modu “isolatu” eta pertsonalean. Langile bakoitza ekoizpen-unitate baten gisa ulertzen zuen eta industria lanaren arrakastaren gakoa dominazioa ekidin zezakeen pertsonen (langileen edo ekoizpen unitateen) arteko kooperazioan zegoela ulertu zuen. Psikobiologiak kooperazio-inteligentearen aldeko apustua egin nahi zuen, uste zuten diziplina horrek gaitasuna zuela sistema ekonomiko ezegokiak ordezkatzeko. Yerkesek uste zuen industria-sistemek eboluzionatu egin zutela; eboluzio natural hori esklabotzatik soldata-sistemara igaro zen modu berdinean, orain eta psikobiologiari esker, pertsonaren balioa benetan azpimarratzen zuen lankidetzara eta kooperaziora igarotzeko unea zen. Primateei buruzko ikerketatik gizarte antolakuntzarako jauzi horretan, Yerkesek langileen diziplinarako beharrezkoak ziren mekanismo psikologikoak sortu zituen, kapitalismoaren efizientzia-logikaren barnean ulertuta, noski. Baina, psikobiologia konparatiboaren bidez lortu zuenak lotura gehiago zuen langileak patriarkatu kapitalistaren interesen arabera lanean jartzearekin, banakoaren askapenarekin baino. Psikobiologoek industria-merkatua eta produkzio makina arrazionalizatu zituzten, haien bidez giza zientzien eta biologiaren arteko zubi lana egin, eta logika horren arabera teorizatu zuten natura eta gizartea. Zientzia biologikoak gure natura kapitalismoaren eta patriarkatuaren patura lotu dute. Patu horrekin apurtzeko, natura eta ikerketa biologikoa, zientzia feministaren mugen barnean, esanahi berriz jantzi behar ditugu. Zientzia borroka eremu bat da feministentzat, eta zientziaren historia orain arte jakintza deitu diogun horrek patriarkatu kolonial kapitalistaren mesedetan nola jardun duen ikusteko tresna ezinbestekoa da. •