09 SEPT. 2023 URTEGIETAN ITOKO DA KARBONOA Alemanian, lehortutako urtegiak biziberritzen ari dira berotze globalari aurre egiteko neurri gisa Urtegien ondoan pilatzen den lokatzak karbono dioxidoa xurgatzen duela ikusita, lehortuta zeuden zingirak berreskuratzen saiatzen ari dira Alemanian. Izan ere, ura dagoen bitartean kutsadura xurgatzen badute ere, lehortutakoan pilatutako CO2a askatu eta kutsatzaile handi bilakatzen dira. Meline Brendel biologoa, Malchin hiritik gertu dagoen zingiran. (Paul NOLP | AFP) GAUR8 Alemania iparraldeko landen erdian galduta, ihi mordo batez osatutako marea bat hedatzen da. Zurtoin luzeko uretako landare horiek Europako zingirarik handienetako baten presentzia adierazten dute, azpian daukan ura ezkutuan badago ere. Meline Brendel biologoa botak jantzita dabil uretatik, bi metro inguru neurtzen dituzten kanaberen artetik, begirada eskuetan daukan GPSan finkatuta daramala. Duela lau urte zelai bat baino ez zegoen tokian urmaela dago gaur egun, eta taketak jartzen ditu bertan Brendelek, horien arabera ikusten duelako puntu bakoitzeko ur maila «baxua», «ertaina» edo «altua» den, ondoren apuntatzeko. 10 hektareako azalera dauka zingirak, eta Malchin hiritik oso gertu dago. Mende luzez lehortu izan dute, zohikatza ateratzeko, zerealak landatzeko edo animaliak hazteko. Antzera jokatu izan du Alemaniako urtegien %98k, Greifswald Moor ikerketa-zentro espezializatuak zabaldutako informazioaren arabera. Alegia, herrialdeko zingira ia guztiak zelai bilakatu dituzte urte luzez. Bene-benetako erregulatzaile klimatikoak izan daitezke zingirak, zohikatzari esker. Lur azpian pilatuta geratzen den materia organiko hila da zohikatza, eta karbonoa gordetzeko gaitasuna dauka. Horrela, gainean daukan ur geruzari esker, gas kutsatzaileak airera ihes egitea eragozten du. «Padurek lurraren azaleraren %3 hartzen dute, eta baso guztietan dagoen karbono dioxidoaren bikoitza dute. Karbono-hustubide erraldoi gisa jokatzen dute», azaldu du zientzialariak. Betiere, ur geruza mantendu bitartean. Izan ere, urmaelak lehortuz gero, lurzorua atmosferako oxigenoarekin kontaktu zuzenean sartzen da eta lurretik irten ezinda egondako karbonoa askatzen da. Horrelakorik gertatzekotan, beldurtzeko moduko kutsatzaile bilaka daitezke zingirak. «Eskualdean, lehortuta dauden edo lehortzen ari diren urmaelek garraioak baino CO2 gehiago isurtzen dute», adierazi du, kezkaz, Brendelek. Urte baten buruan, lehortuta dagoen urtegi bateko hektarea batek denbora tarte berean 145.000 kilometro egiten dituen auto batek beste CO2 sor dezake, Greifswald Moor zentroaren arabera. Malchingo paduran, urpean zegoen zatian, zangak zulatu zituzten eta zintabelar landarearen haziak landatu zituzten. Gaur egun, anfibioak, hegaztiak, arrainak, armiarmak eta intsektuak bizi dira han, landareen bueltan. Nekazariak konbentzitu Lezkek zurtoin oso sendoak dauzkate, eta neguero mozten dituzte. Ondoren, etxebizitzetan isolatzaile termiko bezala erabil daitezke, besteak beste. Horrek nekazariei urmaelak aprobetxatzeko aukera ematen die, hauek lehortu beharrik gabe. «Urtegien erabilerari “paludikultura” esaten zaio», azaldu du Brendelek. «Ihiekin teilatuak eraiki daitezke eta lezkekin etxeak isolatu», gaineratu du. Hala ere, aitortu du urtegietako ekoizpenari eman dakiokeen irtenbide hori proiektu pilotu fasean dagoela oraindik. Alemaniako gobernuak klima-neutraltasuna lortu nahi du 2045erako. Helburu hori lortzera bidean, 2022an 4.000 milioi euroko ekintza-plana abiarazi zuen, hemendik 2026ra artean «herrialdeko ekosistemen egoera orokorra hobetzeko». Planaren barnean, urtegiak berreskuratzea lehentasunen artean dago. Europa osoan Ildo beretik, Europako Parlamentuak Europar Batasuneko herrialdeek antzeko neurriak har ditzaten bultzatzeko lege bat onartu berri du. Lana ez da batere erraza, besteak beste, nekazariak konbentzitu behar dituztelako. Lehortuta dauden zingira asko haiek nahita lehortutakoak dira, zelai bihurtu eta nekazaritza jardueretarako erabili ahal izateko. Izan ere, Alemanian, eremu zingiratsuek herrialdearen azaleraren %5 hartzen dute. Horrela, lehortutako zingirak berriz urez betetzeak nekazariek haien jarduerarako erabiltzen duten eremua murriztea eragingo luke, eta askok ez dute nahi. Asmoa ez da «nekazariei beren soroak urtegi bihurtzea inposatzea», baizik eta ulertaraztea «garrantzitsua dela klimarako», eta, haien jarduna paludikulturara bideratuz gero, horretaz «bizi daitezkeela», Brendelen arabera. Hau da, azaldu nahi diete jarduera aldaketa dela, ez murrizketa. Aurretik dauzkaten oztopoak handiak direla aitortu du zientzialariak. Izan ere, nekazariak konbentzitzea zailtzen duen beste faktore bat ere badago: ustiapen mota hori ez dago nekazaritza jarduera bezala aitortuta, eta, beraz, paludikulturan jarduten dutenek ez dute nekazaritza biologikoan dabiltzan nekazariek jasotzen dituzten dirulaguntzak eskatzeko eskubiderik. Ez bata, ez bestea Lorenz Kratzerrek erdibideko irtenbide bat aukeratu zuen duela hogei urte: ur maila baxua duten zingiretako abeltzaintza estentsiboa, hain zuzen ere. 64 urte dauzka eta bavariarra da. Udako egun beroetan, Alemaniako hegoaldean dagoen Freising udalerrian, abeltzaintzarako erabiltzen dituen lur zingiratsuetan dauden hogei bat behi limusin zuhaitz eta zuhaixken itzalaren bila ibiltzen dira, berotik babestu nahian. Klima aldaketaren eraginaren ondorioz lehortzen dira urmael asko, eta horregatik, «oso ona izango litzateke urtegiak berriz urez betetzea eta artzaintza gehiago sortzea», azaldu du Kratzerrek, berak aukeratutako bidea jarraitzeko gonbita luzatuz. Abeltzainak ekoizten duen haragi organikoa zirkuitu laburrean saltzen du eta nekazaritza eta urtegien babesa bateratzea posible dela frogatzen du. «Ez dugu ikusten, baina karbonoak ihes egiten du lurretik», nabarmendu du Brendelek. Mundu ideala amesten du, urtegirik lehortzen ez duena. KEZKA, ALEMANIAKO SANSSOUCI PARKEAGATIK, KLIMA ALDAKETA DELA ETA Alemaniako Potsdam hirian dagoen Sanssouci parkeko haritzik zaharrenak 600 urtez fenomeno meteorologiko oro gainditu zuen, baina ezin izan zien klima-aldaketaren ondorioei eutsi. Bi urteren buruan hilko dela dio Sven Hannemann parkearen kudeaketaren arduradunak. «2018a urte lehorra izan zen, eta kolpe handia izan zen haritzarentzat», azaldu du Hannemannek. Ur faltaz haratago, kaprikornio txikiaren eta bitxi kakalardoaren etorrerak azken kolpea eman zion. Intsektu horiek «cambium baskularra irensten dute», azalaren eta egurraren arteko geruza babeslea, eta hori gabe, «zuhaitzek ez dute bizirik irauten», azaldu du. Sven Hannemann, kaltetutako haritzaren aurrean. (Ina FASSBENDER / AFP) 2017tik, parkeko 180 eta 300 zuhaitz artean hil dira urtero, ordura arte ohikoa zenaren hirukoitza. 2023 urte hezeagoa izan zen arren, lurzoruaren hezetasuna urria da. Sanssouci parkeko basoa «oso hutsik» dago, Hannemannen arabera. Izan ere, baso-estalduraren mailak nabarmen egin du behera azken urteetan, eta ondorioz, izpi ultramoreek errazago erretzen dituzte zuhaitzak. Hildako espezimenak saguzar edo intsektuen habitat izan daitezke hainbat urtez. Egurra bisitarientzat arriskutsua den punturaino usteltzen denean, moztu egin behar da. Parkeko arduradunak arazo hau konpontzen saiatu ziren eskualde mediterraneoko zuhaitzak landatuz, beroarekiko erresistenteagoak zirenak. Hala ere, Hannemannek onartu du «hamarkadak» igaroko direla hildako espezieek utzitako hutsuneak zuhaitz indartsuago berriek bete baino lehen. Lehortuta dauden zingira asko nekazari eta abeltzainek nahita lehortutakoak dira, zelai bihurtu eta haien jarduerak aurrera ateratzeko erabili ahal izateko Bene-benetako erregulatzaile klimatikoak izan daitezke zingirak, zohikatzari esker. Lur azpian pilatuta geratzen den materia organiko hilak karbonoa gordetzeko gaitasuna dauka