GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Klima-babeslekuak

Tenperatura desegokiek liburutegia etxe publiko bilakatuko dute. (ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA)

Arkitekturako unibertsitateetan betidanik kontatu da: eraikin baten oinarri-oinarrizko funtzioa babesa ematea da. Arkitekturarik primarioena bi harrik sostengatzen duten harri handiak uzten duen espazioa baita. Mendeak pasatu ahala eraikinen betebeharra konplikatzen joan da, hiri baten salmentarako postal-ikur bihurtu arte, a zer deriba! Horregatik interesgarria gertatzen da gaur egun erabiltzen den klima-babeslekuen ideia. Uda honetan tenperatura altuak albiste izan dira nabarmen -urtero legez, baina “udaldirik beroena” gehituta eta “datozenak larriagoak izango dira” aurreikuspenarekin batera-. Hain zuzen, klimatologiaren afera jakintza-arlo guztietan begiraleku bilakatu da. Gairik garaikideena dela esango nuke, agenda geopolitiko baten pean; horrek dauzkan konnotazio guztiekin, lelo hegemonikoen azpian perbertsitatearen susmoa zabaltzen delako betiere eta egiazkotasuna zalantzan jartzea komeni bada ere.

Egia da, ordea, sortu ditugun bizitoki asfaltatuek tenperatura altuko egunei gaizki erantzuten dietela. Gutxitan diseinatu da hiri bat udako egunetan fresko egoteko, eraikinekin egiten den bezala. Hirietan diru gehiegi mugitzen baita freskotasunean pentsatzeko. Europako diru-funtsek, berriz, argi dute hirietan aldaketak egin behar direla bizigarriago egiteko, eta beroaldiari aurre egiteko espazioak sortu behar direla. Mendeetan erabili diren diseinu-teknologiak sartzean datza, ez pentsa inteligentzia artifizial handirik behar denik: itzalgune begetalak, uraren presentzia, beroa gordetzen ez duten solarriak, landarediaren presentzia nagusia, haize nagusien bilaketa... Hainbestetan probatutako ereduak dira, orain han-hemenka txertatu beharko direnak eraikitako hiri-trazaduran.

Bartzelonako Sant Marti auzoko liburutegia klima-babeslekua ere bada. Leku publiko fresko bat, baldintza klimatiko egokiak ez daudenerako prestatua. Eta nazioarte mailan erabaki da aurtengo munduko liburutegi publiko berrienen artean onena dela. Sariaren arrazoia ez da izan klima-babeslekuaren eginkizuna zehazki, babesa emateko funtzio zabala baizik (eta Suma arkitektoen lan fina). Liburutegi garaikideak plaza estali baten antz handia du, non kulturak paper zentrala hartzen duen. Liburuen kontsulta funtzioetako bat besterik ez da eta beste asko gaineratu zaizkio -ikus Tabakalera edo Bilboko Alondegia-. Azalera eta bolumen handiko gune publikoak dira, auzoan eta hirian egotean izateko leku; aspaldi gune isilak izateari utzi zioten liburutegiek. Bartzelonaren kasuan, langile auzoan dago eta liburutegia azpiegitura bat da auzoaren eskasia publikoak konpentsatzeko. Klimak kaleetan eta etxeetan sortzen dituen tenperatura desegokiek liburutegia etxe publiko bilakatuko dute. Klimaren desorekak berreskuratuko du arkitekturarako harresiek eta hormek hirian eta eraikinetan mendeetan zehar bete duten funtzioa: hain zuzen ere, gizakiari babesa ematea. •