09 SEPT. 2023 POLIZIA ETA MATXISMOA Polizien artean indarkeria matxista oso zabalduta dagoela diote hainbat ikerketak Egun gutxian, emaztea hil duten bi poliziaren berri izan dugu espainiar Estatuan: bata Alziran (Valentzia) eta bestea, Motrilen (Granada). Ez dirudi kasualitatea, eta nazioartean egin diren ikerketa apurrek hori erakusten dute. AEBetan, polizien %40k eraso matxistaren bat egin izana onartu dute galdeketa anonimoetan. Bi polizia Alziran, joan den astean izandako hilketa matxistaren ostean. (Jorge GIL | EUROPA PRESS) Asier Aiestaran Azkenekoz joan den astean errepikatu da. Erretiroa hartutako polizia batek bikotekide ohia hil zuen Valentziako Alzira herrian, bere buruaz beste egin aurretik. Albisteak oihartzun handia izan zuen espainiar Estatuko komunikabideetan, hiltzaileak emakumea bahituta izan zuelako bere etxean, eskuetan eskopeta bat hartuta. Eta egun batzuk lehenago jakin zen maiatzean Motrilen bere autoan hilda agertu zen 39 urteko emakumeak ez zuela bizia istripu baten erruz galdu, hasieran pentsatu zen moduan, baizik eta bere senarrak hil zuela lehenago -eta ondoren istripua izan zela sinetsarazteko atondu zuela guztia-. Hiltzaileak 41 urte zituen eta bere buruaz beste egin zuen emaztea hil ostean. Guardia zibila zen. Polizien artean matxismoa eguneroko ogia dela ez da gauza berria, eta hilketa matxisten protagonista izatea ere ez. Zentzu horretan, oso interesgarriak dira Ameriketako Estatu Batuetan duela urte batzuk egindako ikerketak, non ondorioztatzen zen polizien %40 indarkeria matxista kasuetan nahastuta zegoela -batez bestekoa baino 15 aldiz gehiago-. Alex Roslinen liburua Gaiari heldu dion kazetarietako bat da Alex Roslin kanadarra, eta bildutako informazioa “Police Wife: The Secret Epidemic of Police Domestic Violence” liburuan argiratu zuen. «Gaiari buruzko ikerketarik sakonena Tucson hiriko (Arizona) polizia baten eta soziologo baten artean egindakoa da, aldez aurretik militarren familietan izandako indarkeria matxista kasuak aztertu zituen kolaboratzaile batekin egina. Ez zen poliziak ofizialki egindako ikerketa. Ikerketa hartan ikusi zen galdetutako polizien %40 indarkeria matxista kasuetan nahastuta zegoela aurreko urtean. Ikertzaileek poliziak eta haien emazteak bananduta galdekatu zituzten, erantzunak erabat anonimoak izango zirela ziurtatuta, eta datuak oso antzekoak izan ziren», dio Roslinek “Fatherly” atarian egindako elkarrizketan. «Geroago, FBIko aholkularitza kontseilu batek hainbat alorren inguruan poliziei egindako galdeketan parte hartu zuten agenteen %40k, gutxi gorabehera, onartu zuen bikotekidearekin indarkeria fisikoa erabili zuela aurreko sei hilabeteetan. Gaueko txandetan lan egiten zuten polizien artean emaitzak are larriagoak ziren. Kontuan izan behar da herritarren datu orokorra %4ren bueltan ibiltzen dela azken 12 hilabeteetako kasuez galdetzen denean», gehitu du. Isiltasuna eta inpunitatea Dauden ikerketa apurren emaitzak oso larriak dira, baina era berean oso zaila da gaiari buruzko informazio zehatza lortzea, oso gutxi ikertu delako. Argi dago polizien artean kasuak ezkutatzeko joera nabarmena dagoela eta indarkeria erabiltzen duena polizia izateak salaketak are gehiago zailtzen dituela. Biktimek ez dute jakiten norengana jo, poliziakideek erasotzailea babestu dezaketelako. Zenbaki zehatzak bilatzen hasita, 1991ko ikerketa bat aipatu ohi da, Leonor Johnson soziologoak AEBetako Ordezkarien Ganberako Haurren, Gazteriaren eta Familien Komitearen aurrean aurkeztu zuena. Bertan dio garai hartan lanean ari ziren 900.000 polizietatik 360.000k eraso matxistak egin zituztela. Floridako polizia bat, pistola eskuetan duela, Miamiko eskola batean egindako simulakro batean. (Chandan KHANNA / AFP) Era berean, 90eko hamarkadaren amaieran Los Angeles hiriko polizia batek bere emaztea hil eta bere buruaz beste egin ondoren martxan ipinitako ikerketa batek erakutsi zuen 1990. eta 1997. urteen artean ustezko 227 indarkeria matxista kasu salatu zirela polizia agenteen aurka; horietatik 91k bakarrik jarraitu zutela prozesua amaierara arte eta lau kasutan bakarrik egon zirela kondenak. Are gehiago, zigortutako lau polizietatik bakarra zegoen kargugabetuta, eta hiru asteko atsedena hartzeko eskatu ziotelako. «Kontuan hartu behar dugu zergatik ez den daturik existitzen edo datu horiek zergatik diren duela hamarkada askotakoak. Zergatik ez du inork interes publikoko arazo handi hori ikertzen? Hirugarren ediziorako nire liburua eguneratzen ibili naiz. Ikerketa lanetan, bikotekidea hil duten polizien 40 kasu aurkitu ditut. Hori hiru urtean soilik», dio Alex Roslinek. Kazetariak gaineratu duenez, haurren aurkako indarkeria kasuei buruzko ikerketa seriorik ez du aurkitu, baina bere dokumentazio lanean gaiari buruzko istorio asko iritsi omen zaizkio. «Albiste eta zurrumurru asko daude, eta erabat logikoa da», dio. Hausnarketarako gaia Eta zein izan daiteke indarkeria matxista polizien artean horren zabalduta egotearen arrazoia? Roslinek bere hipotesia du: «Polizia askok diote lan estresagarri baten emaitza dela. Baina nire ikerketan, eta indarkeria matxista ikertzen duten adituekin hitz eginda, argi dago estresak ez duela berez abusurik eragiten. Lan estresagarri asko daude. Sendagile, zirujau eta suhiltzaileek ez dute horrelako arazorik. Polizia zintzoenek onartuko dizute poliziarena kontrolari buruzko lana dela -jendea eta inguru kaotikoak kontrolatzea-. Mentalitate eta desira hori duen jendea erakartzen du. Polizia guztiak ez dira berdinak, baina poliziak zenbat eta autoritarioagoak izan, orduan eta bortitzagoak izango dira etxean. Gizon horiek ez dute kontrola galtzen. Kontrola mantentzen ari dira. Hori desberdina da». Alzirako beste irudi bat (Jorge GIL / EUROPA PRESS) Gainera, etorkizunari begira ere ez da oso baikorra kazetari kanadarra. Belaunaldi berriek berez arlo horretan hobekuntza ekarriko dutela uste dutenen kontra, egoera berriek kontrolerako desira areagotu dezaketela ohartarazi du, neurririk hartu ezean. «Kontua da poliziak jendartearen leku batean kokatzen ari garela non suposatzen den kontrola eduki behar dutela, baina bi mugimendurekin egiten dute topo: talde gehiagoren eskubideak errespetatu behar dituzte -batez ere, emakumeak eta gutxiengoak- eta inoiz baino arrakala handiagoak ditugu jendartean. Testuinguru horretan kontrola mantentzea izugarri zailtzen da. Nire beldurra da bide okerretik goazela. Poliziak betiko “status quo”-a babestu nahi badu, indarkeria matxista gehiago ikusiko dugu, ez gutxiago». «Jendartean ematen diren desberdintasunek poliziari botere are handiagoa ematera behartzen gaituzte. Eta botere hori abusuetarako testuinguru egokia da. Poliziaren indarkeria matxista jendartearen ispilua da. Nork gobernatzen du aukera berdintasunik gabeko jendarte bortitz bat?». Los Angelesen, 1990. eta 1997. artean, 227 indarkeria matxista kasu salatu ziren polizien aurka; 91k jarraitu zuten prozesua amaierara arte eta lau kondena bakarrik egon ziren «Poliziak zenbat eta autoritarioagoak izan, orduan eta bortitzagoak izango dira etxean. Gizon horiek ez dute kontrola galtzen. Kontrola mantentzen ari dira. Desberdina da»