GAUR8 - mila leiho zabalik

Baso ustiapena Nafarroan, Jesus Maria Lacaisaren kameratik

(JESUS M. LACAISA JIMENEZ. NAFARROAKO ERREGE ARTXIBO NAGUSIA.)

RENFEk kontratatua, 1955etik aurrera Jesus Maria Lacaisa Jimenezek (Aizpurgi, 1926 - Iruñea, 2015) Nafarroako Aezkoa, Kintoa, Zaraitzu, Erronkari, Aralar eta Urbasako baso ustiapeneko lanak koordinatu zituen, besteak beste. Ateratako egurra trenbideetarako egurrezko trabesak egiteko erabiltzen zuten. Argazki-kamera gainean beti, bere irudietan zura erauzteko egiten zituzten lanak jaso zituen; hala nola, pistak eraikitzea, egurra idiek arrastatzea edo teleferikoak altxatzea -Abodi mendilerroa gainditu behar zutenak, Iratiko oihana Otsagabitik Uztarrozerako errepidearekin lotzeko, eta trakzio-kableetatik esekitako egurra garraiatzea ahalbidetzen zutenak-. Lacaisaren irudiak bakarrak dira, eta Nafarroako XX. mendearen bigarren erdialdeko baso ustiapeneko lanen aparteko dokumentua. 2019an familiak Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari dohaintzan eman zion haren argazki-funtsa, hainbat formatutako 600 bat irudiz osatua. Argazkian, Irabiako urtegian baso ustiapenean erabilitako kamioi bat daraman baltsa ikusten da, atzean Iratiko oihana ikusten dela.