GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

Emakumeen begietatik eta ahotsetik

(Jon URBE | FOKU)

Emakumeak aspalditik ari dira zinemagintzan. Beste upeleko sagardoa da emakumeen begirada eta ahotsa zein neurritan jaso den pantaila handian. Rosa Zufia eta Bertha Gaztelumendik aitzindari lana egin zutenei eta orain jardunean dauden zuzendariei egin diete leku “Arnasa betean” dokumentalean. Aurten estreinakoz Euskal Herriko bi emakumeren lanak dira Urrezko Maskorraren lehian: Jaione Cambordaren “O Corno” eta Isabel Hergueraren “El sueño de la sultana”. Emakumeei erditzen laguntzen dien Maria, gertaera lazgarri baten ostean ihesari ekin behar diona, du protagonista lehenak. Begum Rokeya Hossain, duela ehun urte, emakumeak -zientzialariak- agintean eta gizonak -ezjakinak- etxean dauden Ladyland amestu zuena, bigarrenak. Ametsak eta aldarrikapenak. Biei egingo die leku Zinemaldiak. Izan ere, ikus-entzunezkoen alorrean ari diren emakumeen elkarteek sexu, genero eta botere abusuen aurkako jardunbide onen kodea eskatu eta “hemen gaude” aldarrikatzeko baliatuko dute. Oraindik galtzak bete lan dagoelako.