23 SEPT. 2023 { DATORRENA } Irlanda eta Euskal Herria Gorka ELEJABARRIETA Euskal Herriak maiz begiratu du Irlandara, eta alderantziz ere bai. Are gehiago, esango nuke Irlandara begiratu duela bereziki, beste inora baino gehiago. Garaiaren eta egoera global, lokal eta koiunturalen arabera, euskal nazio askapen mugimenduaren begirada Yemenen, Erdialdeko Amerikan, Korsikan, Hego Afrikan, Katalunian, Aljerian, Palestinan, Flandrian, Portugalen edo beste hainbat tokitan egon da. Denetarik ikasi dugu. Baina esango nuke denbora horretan guztian Irlandara ere begira egon garela. Irlanda eredu izan da gauza askotan, borroka eremuan, gatazkaren konponbide demokratikoan, eta datozen hilabeteetan ere eredu izaten jarraituko du. Bi esparru nagusitan, hain zuzen. Batetik, gobernantzan. Badirudi badatorrela Sinn Feinek irlaren hegoaldea zein iparraldea gobernatuko dituen garaia. Eta eredu izango dira, egingo dituzten gauza on eta txar guztiekin. Maiz akatsetatik ikasten baitugu gehiago. Eta, bigarrenik, nazio askapen prozesuan ere eredu izango dira. Irla osoaren gobernantza irlaren batasun prozesuaren mesedetan jarriko baitute. Badator irlaren batasuna eskuratzeko 1998. urtean adostu zuten mekanismoaren gauzapena. Hogeita bost urte geroago. Zergatik orain? Ostiral Santuko Akordioa beteko baita; beste edozein akordio bezala, betearazi nahi duen aldeak indar nahikoa duenean. Ez lehenago eta ez geroago, alegia. 1998an Irlandako bake prozesua izan zen Euskal Herrian Irlandako Foroa sortzea bultzarazi zuena, eta Irlandako Foroaren ondorioz etorri zen Lizarrako Akordioa. Hogeita bost urte bete dira orduko akordio historiko hartatik ere. Ostiral Santuko Akordioak gatazkaren ondorio eta arrazoiei begiratu eta konponbiderako bide demokratikoa eskaini zien. Prozesu baten ikuspegitik oraindik orain, jarraitzen dugu orduan adostu ziren horien garapena gauzatzen, eta esan bezala, Sinn Feinek indar nahikoa izan arte ez da batasuna gauzatuko. Hogeita bost urte hauetan gauzak ezberdin joan izan balira, Sinn Feinen proiektu politikoak izan duen babes elektorala jaso izan ez balu, orduan, 1998an adosturikoak ez ziren sekula gauzatuko. Akordioek balioa dute sinatzen diren egunera arte. Ondoren, haien gauzapena ziurtatzea daukazun indarraren arabera gertatzen baita edo ez da gertatzen. Nire ustez, badago Ostiral Santuko Akordioaren eta Aieteko Adierazpenaren arteko antzekotasuna. Aieten Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko bide orri bat adostu zen. Bide orri horretan agertzen ziren konpromisoetatik batzuk bete dira eta beste batzuk ez, Ostiral Santuko Akordioarekin bezala. Eta betetzear direnak beteko dira unean une daukagun indar korrelazioaren arabera. Orain bidegurutze batean gaude, eta aukera egon daiteke ikuspegi horretatik aurrerapausoak egiten jarraitzeko, Aieten hasitako bide orri horretan aurrera jarraitzeko. Garaian Loiolan aurreratu zen eztabaidak ere gaurkotasuna hartu du egun. Ez daude bi prozesu berdin eta ondorioz ezin da besteek egindakoa bere horretan kopiatu, ez bailuke testuinguru ezberdin batean ondorio bera bultzatuko. Ezin ditugu Katalunia, Irlanda, Eskozia, Flandria kopiatu. Guk geure prozesua egin behar dugu, geurea, Euskal Herrikoa. Horietatik guztietatik badira hainbat gauza ikasteko, hainbat irakaspen. Estatu espainiarraren eta frantsesaren baitan egonda argi dago Korsikan edo Katalunian gertatzen direnek eragin handia dutela gurean, eta ezin ditugula aintzat ez hartu. Dudarik ez dut zenbait eremutan elkarrekin jarduteak gure indarra handitu eta helburuak lortzen lagunduko ligukeela, baina esan bezala, prozesu ezberdinak izanda, gure arteko diferentziak, ezberdintasun estrukturalak zein koiunturalak, kontuan hartu behar ditugu beti. Bidea ere ezberdina egin dugulako, eta tarteko helburuak ere ziurrenik ez direlako berak izango.• Baina begiratu dezagun gehiago Irlandara, gure herrian hobeto jarduteko pistak aurkituko ditugulako. • Ez daude bi prozesu berdin eta ondorioz ezin da besteek egindakoa bere horretan kopiatu, ez bailuke testuinguru ezberdin batean ondorio bera bultzatuko