23 SEPT. 2023 «HISTORIKARA» MAROKON Lurrikarak Afrika iparraldeko herrialdearen ondare historiko aberatsaren bihotza jo du Lurrikara handi batean lehen kaltetua herri xumea da; batez ere, herrialde txiroetan. Baina historia luzea duten herrialdeetan ondare historikoan ere eragina izugarria izaten da; batzuetan, konponezina. Marokoren kasua da hori. Balio historiko handiko monumentuak eta eraikinak oso kaltetuak izan dira. Neskato bat Marrakexeko kasbahtik ihesi. (Fadel SENNA | AFP) Dabid LAZKANOITURBURU Irailaren 8an Atlaseko hainbat inguru astindu zituen lurrikara bortitzak larri kaltetu ditu herrialdeko leku historiko garrantzitsuak, duela zortzi mende baino lehenago eraikitakoak. Batzuk hondamen egoeran geratu dira; hala nola, Tinmel meskita, XII. mendeko eraikin esanguratsua, Gizateriaren Ondare izendatua. Lurrikarak Al Haouz, Tarudant eta Marrakex eskualdeak jo zituen, sinbolismo historiko handiko guneak, Marokoko inperio garrantzitsuenen feudoak baitziren Erdi Arotik, almorabideekin (XI. mendea) hasita, almohadeekin (XII. mendea) jarraituz eta saadiarrekin (XVI. mendea) amaituz. Mugimendu erlijioso-inperialista haiek meskita, eraikin eta kasbah (gotorlekuak) ugari utzi zituzten, mendeen joanean iraun dutenak. Baina batzuek ez dute lurrikara gainditzerik izan. Marokoko Kultura Ministerioko iturri batek EFE agentziari azaldu dionez, tragediaren ondoren, kaltetutako monumentuen lehen inbentarioa egin da, Marrakex, Tarudant, Al Haouz eta Ouarzazate guneetan. «Gaur egun, ondarean adituak diren eta eremu horietako monumentuak sakon aztertu dituzten ministerioko arkitektoek osatutako misio bat dago han bertan», adierazi du iturri berak. Marokoko Kultura Ministerioak azpimarratu du txosten hori datozen egunetan amaituko dela eta modu ofizialean jakinaraziko dela, giza kalteei buruzko lehen fasea behin bukatuta. UNESCOk Magreben duen ordezkaritzaren eskualdeko zuzendaria, Eric Falt, hondamendiaren biharamunean Marrakexera joan zen, 1985. urtean Gizateriaren Ondare izendatu zuten hirira -leku historiko garrantzitsu ugari biltzen ditu-, eta «eragina espero baino askoz handiagoa» zela deitoratu zuen. Arduradunak pitzadura handiak antzeman zituen Koutoubia meskitaren dorrean: XII. mendean eraiki zuten, “hiri okrea”ren ikurtzat hartzen dute eta antz handia du Sevillako Giraldarekin. Era berean, Fna plaza mitikoan, ondoko Jarbouch meskita erabat suntsitu zela, pitzadurak agertu direla eta harresien zatiak erori zirela aipatu zuen. Mellah auzo juduan ere kalte handiak izan dira; bertako etxe zaharrak suntsituta daude. Lurrikararen ondoren, “hiri okrean”, zenbait monumentu itxi dituzte; hala nola, Badi jauregia (XVI. mendekoa) eta Bahia jauregia (XIX. mendekoa). Azkenekoan, EFEk kalteak antzeman zituen; besteak beste, hautsitako erlaitz bat eta, albo bateko hormaren ondoan, antzinako etxeak erabat kolapsatuta. Abderrahim Kassouk, ondare arkitektonikoko espezialistak, EFEri azaldu dionez, kalte handiena jasan duen monumentua Tinmelgo meskita da, lurrikararen epizentrotik kilometro gutxira zegoena, eta adobez eta zurez eraiki zutena. «Balio historiko handiko monumentua da, eta ia guztiz suntsituta dago. Eraikinaren arkuak, hormak eta minaretea erori egin dira», adierazi du Monumentuen eta Lekuen Nazioarteko Kontseilua (ICOMOS) GKEaren filialeko idazkari nagusiak. Lurrikara gertatu eta biharamunean egin zuen bisita bertan. Abderrahim Kassouk adierazi du beste aditu-misio bat hilaren amaieran iritsiko dela inguru horretara, kalteei buruzko txosten zehatz bat egiteko, hainbat herrialdetako adituekin lankidetzan; besteak beste Estatu espainoletik etorritakoekin. Al Andalusen eragina Tinmel almohadeen inperioaren feudoa izan zen XII. mendearen hasieran, eta Mahdi Ibn Toumert dinastiaren sortzailearen omenez eraiki zutenez, konnotazio espiritual indartsuko eremua da, batez ere inperio hartako lehen hiru kalifen mausoleoak hartzen dituelako. Jaafar Kansoussi Marokoko hegoaldeko ondare arkitektonikoko adituaren iritziz, garai hartan hiri horrek eragin handia izan zuen Afrikako iparraldean gaur egun Egiptok hartzen duen eremuarekiko mugaraino, hegoaldean Senegaleraino eta iparraldean Iberiar Penintsularaino, Al Andalusen garaian. Tinmelgo meskitaz aparte, beste leku historiko garrantzitsu batzuk ere kaltetuak izan direla ohartarazi du Kansoussik; hala nola, Ouarzazateko kasbah ospetsua edo Tarudanteko harresi ezaguna, XVI. mendeko saadiiarren garaikoa, 7 kilometro baino gehiagoko perimetroa eta 8 metro baino gehiagoko garaiera duena, eta askoren ustez, Afrikako harresi handiena. «Lurrikara kolpe sakona izan da Marokorentzat, eta herrialdearen historiako urrezko garai bat gogorarazten duten monumentuei eragin die, zortzi mende baino gehiago iraun duten eraikinei», deitoratu du adituak. Almorabideak Almorabideen mugimenduaren izena ‘al-murabiṭun’etik dator (marabuta), eta Saharatik etorritako talde nomadetatik sortutako moje-soldaduei egiten die erreferentzia. Almorabideek islamaren interpretazio zorrotza defendatu zuten, eta beren agintaritzapean jarri zuten musulmanen mendebaldea ia osorik XI. eta XII. mendeen artean. Inperio zabal hura gaur egungo Mendebaldeko Saharan, Mauritanian, Aljerian, Marokon eta Iberiar Penintsularen hegoaldeko erdialdean hedatu zen, batez ere. Mendebaldeko Saharako berbere (amazig), tribu nomada eta gameluzaleen artean sortutako mugimendu erlijioso eta politiko hark Magrebeko mendebaldean hedatzea lortu zuen -mende batzuk geroago Maroko modernoa izango zena lehen aldiz bateratuta- eta eskualdean islamaren aldaera bakarra ezarri zuen, suni malikiarra. Almohadeak Almohadeak (arabieraz, “Jainkoaren batasuna aitortzen dutenak”), 1147tik 1269ra Afrika iparraldea eta Iberiar Penintsularen hegoaldea menderatu zituen beste dinastia berbere bat izan zen. Almohadeak egungo Marokon sortu ziren XII. mendean. Muhammad ibn Tumartek mugimendu erlijioso bat sortu zuen. Bere jarraitzaileek Ibn Tumart “mahdi” izendatu zuten -xiiten sustrai ideologikoa du “mahdi”-en inguruko sinesmenak, nahiz eta sunismoak ere onartzen duen- eta musulman guztiak deitu zituen fedearen iturrietara itzultzeko, hau da, Koranera. Funtsean, mugimendu puritanoa eta erreakzionarioa zen, Jainkoaren izaera bakar eta gorpuzgabea azpimarratzen zuen eta arau islamikoak zorrotz betetzearen alde egiten zuen. Eurak bezain ortodoxoak ziren almorabideei Koranarekin bat ez zetozen herri ohiturak ez eraldatu izana leporatu zieten. Saadiarrak Saadiarrena gaur egungo Marokon XVI. mendetik XVII.era agindu zuen arabiar jatorriko dinastia bat izan zen. Dinastiak Hiyaz eskualdetik zetorrela zioen eta Mahomaren ondorengoak zirela, nahiz eta jatorria egungo Marokoko hegoaldean izan. Saadiarrek krisia baliatu zuten boterera heltzeko. XV. mendearen amaieran, espainiarrek, portugaldarrek eta otomandarrek garnizioak ezarri zituzten lurraldean, haserrea piztuta, eta erlijio liskarrak nagusitu ziren orduan. Lurrikarak Al Haouz, Tarudant eta Marrakex eskualdeak jo zituen, sinbolismo historiko handiko guneak, Marokoko dinastia nagusien feudoak baitziren Erdi Arotik Almorabideen, almohadeen eta saadiarren mugimendu erlijioso-inperialistek meskita, eraikin eta kasbah (gotorlekuak) ugari utzi zituzten, mendeen joanean iraun dutenak