GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Ziklo aldaketak lurraldeka ondorio ezberdinak izan ditu


Data bat jartzearren, 2011ko urriaren 17a nabarmendu beharko genuke. Gertaera bat jartzearren, egun horretan Donostian izandako Gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia -alegia, Aieteko Konferentzia- gogoratu beharko genuke. Hortxe kokatu baitaiteke Euskal Herriko egoeran izandako sakoneko aldaketa, nahiz eta aldaketa hori ez zen egun batetik bestera gertatu.

Zenbait arazok (gatazkaren ondorioak) eta korapilo nagusiak (nazio auzia) irauten badute ere, ziklo ezberdinen arteko mugarria finkatzen dute data eta gertaera haiek. Haien ondotik eta ondorioz, mugimendu politiko, sozial eta instituzional esanguratsuak izan dira gurean, egia bada ere garai berean mundua astindu duten gertaerak -pandemia, klima larrialdia areagotzea eta gerrak, nagusiak aipatzearren- Euskal Herriko gatazka txiki samar uzten ari direla.

Errealitate orokorra gorabehera, azken hamarkadan egiazko aldaketak izan dira Euskal Herrian, eta esan bezala, horiek Aieteko Konferentziak erdietsitakoarekin dute lotura estua. Nabaria izan zen Donostiako Jauregian zuzenean bizitakoak Ipar Euskal Herriko ordezkariengan izan zuen eragina. Klik egin zuten eta, adostasunaren bidetik, Ipar Euskal Herrian garai berri bat abiarazi zuten. Horren adibide, instituzionalizazioaren bidean egindako urratsa edo armagabetzean hartutako konpromisoa.

Ziklo aldaketaren uhinak Nafarroara ere iritsi ziren, Euskal Herriaren nazio proiektuaren kontra bertan eraikitako erregimen gotorraren kalterako. Mugimendu herritar eta sozialek sortutako girotik, ezinezko zirudien gobernu aldaketa etorri zen. Hamar urte egingo ditu legealdi honetan UPNk gobernutik kanpo. Alabaina, erregimena eraitsi dela esatea gehiegitxo da oraindik, eta arazo larriak begien bistakoak dira; esate baterako, euskarak jasaten duen egoera. Eta horregatik ere bada inportantea hasi berri den legealdi hau.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakaria hautatzeko bozketan izan da azken berria. Lehen aldiz EH Bilduko ordezkari batek hartu du kargua, lehen aldiz PSNk horrela eman duelako boza. Gertaera berez da albiste, baina are garrantzitsuago bilaka daiteke segidarik badu, Espainiako presidentearen inbestidurak eragindako testuinguruan.

Azken hamarkada luzean, ordea, bada paralisi politikoa trinkotu den lekurik. EAEko erakunde autonomikoetan, hain zuzen ere. Ibarretxe gobernuburu zela, eremu horretan izan ziren mugimendu eta eztabaida nabarmenenak. Oso bestelako norabidea hartu zuen Iñigo Urkulluk, PSE beti lagun. Legebiltzarrean estatus politikoaren eztabaida abiatu, eta lehen akordio bat ere lortu zen, baina esku-frenoa kendu gabe, berriro ere, unionismoak baldintzatuta, bazterrean geratzeko. Oraintxe Hezkuntza Legearen eta hizkuntza ereduekin gertatzen ari denak déjà vu sentsazioa piztu digu. Ea argitzen duten PSEk eta EAJk.

Eguneroko kudeaketagatik jasotzen ari dira kritika Urkullu eta EAJ. Erreakzioa bitxia izan da, bitxia eta kezkagarria aldi berean, hausnarketa, autokritika eta zuzenketa galarazten dituelako. Konspirazio baten biktima omen dira. Ez dirudi abiapuntu egokia garai honek izan ditzakeen ahalmen guztiak aprobetxatzeko. Erronkak ate joka daude. •