GAUR8 - mila leiho zabalik
{ KOADERNOA }

Amatasuna ez da biologia, politika heterosexuala da


Gizonak eta emakumeak ez dira biologiaren produktu soila, gizartearen barnean konfiguratzen diren identitateak dira. Feministok hau esaten dugunean, gure helburua ez da kulturaren eragina azpimarratuz biologia ukatzea, baizik eta biologiak faktore sozial, politiko eta historiko askoren eragina jasotzen duela erakustea.

Emakume bat zer den ulertzeko biologia hutsari erreparatzen diona, ez da gai izango, adibidez, gizarte heteronormatiboetan ugalketa nola gauzatzen den ulertzeko. Ugalketa, printzipioz, biologiaren erresuman kokatzen da, baina ugalketa moduek hartzen duten konfigurazioa gizarte heterosozialean erabakitzen da. Ugalketaren eta sexuaren azken mendeetako konfigurazio material patriarkalaren gakoak azaltzen ditu Paola Tabet feminista-materialistak “Los dedos cortados” (2018) testuan, teknologia heterosexualak emakumeen sexualitatea nola produzitzen duen zehaztuz. Lan horren lagin txiki bat ekarriko dut lerrootara, biologia eta gizarte heteropatriarkala bereizezinak direla azpimarratzeko.

Hau argi ikusteko, giza ugalketari buruzko zenbait datu biologiko gogoratu behar dira. Lehena, giza espeziea ez da espezie bereziki ugalkorra, hau da, kopulazio sexual bakar batekin zigoto bat sortu eta hori ondoren haur bihurtzeko dauden probabilitateak nahiko murritzak dira. Gure espeziearen antzutasun erlatibo horri emakumeen sexualitatearen ezaugarri espezifikoak gehitu behar zaizkio: hasteko, gizakien kasuan sexu-bulkada ez dago hormonen bidezko ugalketarekin lotuta, hau da, ez dago obulazioaren eta sexu-desiraren arteko sinkronizaziorik. Sexu-bulkada aldizkakoa da, ez da ziklikoa, ezta urtaroaren araberakoa ere. Gainera beste hominido batzuetan gertatzen den arren, gizakietan ugalkortasun-uneak (obulazio faseak) ez du kanpo-adierazpenik eta ez dago harreman sexualak izatera bultzatzen duen instintu bati lotuta (beste espezie batzuk ‘umeske’ egoten dira). Hortaz, Leirdonek (1973) zioenez, baldintza biologiko hauek direla-eta, giza ugalketaren arrakasta ernalketa-zikloa sexu harremanen «egutegi» batekin konbinatzean sortzen da.

Egoera horretan, ugalketarako baldintzak jartzen dituztena koitoarekiko esposizioaren maiztasuna eta erregulartasuna dira, eta hau gure gizarteetan ezkontza bidez egiten da. Tabeten hitzetan ezkontza ernalketa-aukeren erregulazioa bermatzen duen erakundea da. Ezkontzak koitoaren praktika erregulatzen du; erregulazio heterosexual horren bidez (non emakumeen desirek ez duten tokirik), emakumeengan haurdunaldi arriskuarekiko esposizio iraunkorra ziurtatzen da. Azpimarratu nahi dut sozialki antolatutako arrisku baten eraginpean egoteaz ari garela; emakumea ez dago arriskuan, horrek interpretazio biologikorako edo naturalistarako tartea utz bailezake. Emakumeak arriskua jasaten du, arriskuarekiko esposizioa ezkontza esposizio instituzionalizatu bat den zentzuan. Beraz, ezkontzak ugalketaren kontrol-instituzio funtzioa betetzen du. Esku-hartze horien bidez, emakumeen sexualitatea ugalketa-praktika heterosexualetara bideratzen da; era berean, erotismo autonomo, homosexualitate edo ugalketara bideratuta ez dagoen sexu praktika oro arbuiatzen da.

Ugalketa ezkontza heterosexualaren baitan antolatzen da, horrek emakumeak haurdun geratzeko etengabeko arrisku konstantera bideratzen ditu, eta horretarako beharrezkoa da derrigortze fisikoa eta presio ideologikoa. Tabeten ustez, ugalketan espezializatutako emakume-organismo bat produzitzeko egiten diren esku-hartzeen multzoa giza sexualitatearen baldintza biologikoen manipulazio soziologiko indartsu eta konplexuena da. Hau da ezkontzaren ezaugarri nagusietako bat, mekanismo ezberdinen bitartez emakumeen sexualitatea erregulatzea, gorputzak eskaintzen duen aukera oro erregimen heterosexualarentzat funtzionalak direnetara murriztuz, biologiak hemen ezer gutxi determinatzen duelarik. Ugalketa, ez egitate biologiko gisa, baizik eta ezkontzaren bitartez erregulatutako eme bakoitzaren kontrol-sistema gisa, gizonen eta emakumeen arteko harremanaren erdigunean dago.

Horrek guztiak argi erakusten du ugalketa ez dela prozesu biologiko soila, ezin delako ulertu gizartea heterosexualki erregulatzen duten arau, instituzio eta indarkeriatik kanpo. Ugalketa biologia hutsera erreduzitzeak gametoak batu eta zigotoa sortzen den unea isolatzen du, une hori sorrarazten duen kate guztia estaliz. Dominazio sistema konplexuen bidez gizonak eta emakumeak sortzen dituen erregimen heterosexuala estaliz. •