28 OCT. 2023 Mundua paperean Joxean AGIRRE Tarteka, neure buruari opari txiki bat egin nahi diodanean, egunkaria ordenagailuan irakurri beharrean paperean erosi eta taberna kutunen batean eseri ohi naiz, izan liteke Argiñanoren terraza, itsasoari begira, edo izan liteke Bermeoko Bokale portua aurrean dudala, eta Iriondoren orrialdetik hasi ohi naiz. Txakolin bat jartzen diot alde batean eta antxoa pintxo bat bestean, haizeak orrialdeak nahas ez dakizkidan, eta bere kronika boxeo saio batena balitz bezala irakurri ohi dut, kazetariak ondotxo hartua baitio tamaina PNVri, eta honen puntu ahulen bila ibili ohi baita. Ondoren, antxoa pintxoaren erdia ahoratu eta Ramon Solaren orrialdera pasatu ohi naiz eta harriturik irakurri ohi diot, gure iragan hurbileko pasadizo eta gertakari gordinenen kontakizun ia-ia literarioa egiten baitu askotan, arin eta abiadura handian. Literatura mota horri uste dut errealismo konbatiboa deitzen diotela. Beñat Zalduaren ohar zientifikoei gainetik begiratzen diedala irensten dut pintxotik geratzen zaidana, eta altxatu egin ohi naiz sardina ketu baten bila. Dagoeneko paperezko egunkariak txakolin koparen busti markak izaten ditu gainean, eta pintxoen olio arrastoak ere bai, munduari buruz dugun goizeroko ikuspegia zikintzen ari zaigun seinale. Atalez atal joan ohi naiz David Lazkanoiturbururen orrialdera iristen naizen arte, eta hemen, bigarren txakolin bat eskatu behar izaten dut eta Gazako sarraski eta triskantzei buruzko irudiekin egun osoa eman ondoren nola arraio lortzen ote duen gauean begiak biltzea galdetu ohi diot neure buruari. Joxe Landa lehengusuaren iragarpenarekin bukatzen dut irakurketa. 90 urtetik gora doala uste dut eta batzuetan pentsatzen dut etorkizunean beste mundutik ere eguraldiaren iragarpenak bidaltzen ez ote duen jarraituko. Paperezko egunkaria tribuaren ikur bat ere bada eta, mahaitik altxatu eta etxera bidean beste norbait “Gara” besapean duela ikusten badut, agur baserritar bat egiten diot buruarekin, anaikidetasun politikoarengatik noski, baina baita hari ere tarteka mundua paperean irudikatzea gustatzen zaiolako. •